Itxia dago Astiñeneko zubia, joan den abuztutik, eta bizilagunentzat oso kaltegarria izaten ari dela dio Loiolako auzo elkarteak; udalak konponketak egingo ditu egungo zubian, berria eraiki aurretik.
Astiñeneko zubia, gaur egun, ibaiaren alde bat zein besteak hesiturik, erabilpena debekatua duelarik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Zatitua dago azken hilabateetan Loiola eta Egia arteko bidea. Urumea errrioa igarotzen da bi auzoen artetik, eta aspaldiko urteetan ez bezala, bizilagunek oztopatua dute batetik bestera joateko bidea. Astiñeneko zubiaren itxiera da guztiaren arrazoia, joan den abuztutik itxia dagoena, udalak hala erabakita, egoera txarrarengatik. Orain, Loiolatik Egiara oinez joateko biderik azkarrena Mikel Laboa pasealekua da, Loiolako Erriberatik Egiako parkera eramaten duena. Ibilgailuek, ordea, Grosetik edo Martutenetik joan behar dute. Asteak joan ahala, gero eta gehiago haserretu dira inguruko bizilagunak, eta udaletik erantzunik ez dutenez, protestan hasi dira Loiolako bizilagunak.
Loiolako Urumea Ibaia Auzo Elkarteko kidea da Igor Alonso, eta haserre ageri da afera guztiarekin, bereziki, Donostiako Udalaren jarrerarekin: «Ez dugu udalaren inolako informaziorik jaso, ez dei triste bat ere. Hitz egin dugu Txomin, Egia eta Martuteneko auzo elkartekoekin, eta esan digute beraiek ere ez dutela berririk jaso». Informazioa lortzeko, teknikoen bidez saiatu direla dio Alonsok, eta eskari orriak ere bete dituztela. Horrez gain, Egiako auzo elkartekoak zinegotziekin biltzen saiatu direla dio.
Alonsok gogorarazi du autobus linien ibilbideak aldatzea erabaki dutela, esaterako, zubia ixtearen ondorioz, eta ez dituztela aldaketak beraiekin kontsultatu. «Denbora pila bat daramate gurekin harremanetan jarri gabe, informazio guztia prentsa bidez jaso dugu, eta, erabaki genuen zuzenena zela auzoan batzar bat egitea». Latsarien plazan bildu ziren bizilagun asko, urriaren 26an, auzo elkartearen deiari erantzunez: «Ia 200 lagun batu ginen. Batzarraren ostean manifestazioa egin genuen, eta, hurrengo egunean, kazerolada». Azken urteetako lelo nagusi bera erabiltzen ari dira protestarako: Loiola existe, lanak bukatu. Hau da, Euskotreneko geltokiaren obrak geldirik egon zirenean erabili zuten bera. «Zain gaude, jakin nahi dugulako zer egingo duten eta zer ez. Hala ere, erabaki dugu hurrengo mobilizazioa Donostian egitea».
Zubia itxia egotea arazoa dela dio Alonsok Loiolako bizilagunen eguneroko bizimoduan: «Denbora pila bat galtzen du bidean Egian edo Grosen lan egiten duen jendeak, baita Egiatik Martuteneko industriagunera doazenek ere. Autobus lineak ere murriztu egin dira, eta merkatarientzat ere kaltegarria da, auzotik ez delako inor pasatzen».
Alonsok dio auzoaren aspaldiko eskaera dela zubia konpontzearena: «Abuztuan pitzadura bat zegoela ikusi zuten, eta berehala ixtea erabaki zuten. Gu aspalditik ari ginen esaten zubia konpondu beharra zegoela. Odon Elorzaren garaian zerbait egin zioten, baina oraindik ez dauka espaloirik ere!». Horrela, Alonsoren arabera, zubiaren inguruan hitz egin duten bakoitzean, proiektuan dagoela esan diete: «Loiolarentzat dena dira proiektuak, baina sekula ez daude datak. Zubiarekin zerbait gertatuko zela argi zegoen, oso zaharra da. Puskatu da utzikeriagatik eta mantenimendu ezagatik».
Horretaz gain, Alonsok aipatu du joan den astean auzora joatekoak zirela Eneko Goia alkatea eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari bat: «Azkenean esan ziguten ez zirela etorriko agenda kontuengatik. Guk aurretik esan genien ez genuela parte hartuko duela hiru urte egin beharreko inaugurazio batean. Gure aldetik jai bat egingo dugu, abenduan, auzokoentzat».
Zaharra konponduko dute
Udalak Irutxuloko Hitzari azaldu dio 130.000 euro inbertituko dituztela laster, oinezkoentzat eta bizikletentzat zubia irekitzeko: «Pauso hori ematea ezinbestekoa da hurrengoa egiteko; alegia, zubia konpontzeko edozein motatako ibilgailuak pasatzeko. Tramitazioa hasita dago, eta hiru hilabeteko obrak izango dira zubia oinezkoentzat eta bizikletentzat ireki aurretik».
Bitartean, alkateak esan du hartutako erabakia dela zubia guztiz konpontzea. Horretarako, beste 600.000 euro inbertituko ditu udalak, arrazoi honengatik: «Proiektatuta dagoen zubi berria guztiz eraikita egoteko oraindik beste bi urte baino gehiago beharko dira, eta zubiak ezin du itxita egon, kalte handiak sortzen dituelako eguneroan, erabiltzaileen artean, baita Dbus-i dagokionean ere. Zubia itxia egoteak egunero 1.000 euroko gastu gehigarria sortzen dio Dbusi». Horrela bada, agindua emango dute zubia guztiz konpontzeko:?«Pauso horren tramitazioa eta obra luzeagoa dira, eta tramiteak egiten hasiko dira. Hala ere, hurrengo uda baino lehenago ezingo da zubia guztiz ireki».
Datorren astean, Hirigintza batzorde berezia egingo dute udalean, eta orduan izango dituzte proiektuaren zehaztapen gehiago. Udalak dioenez, Hirigintza eta mantentze lanetako teknikariak lanean ari dira konponketa proiektuan.
EH Bilduk gogorarazi du aurreko legegintzaldian lehentasuna eman ziotela Urumea ibarreko esku hartzeei. Horrela dio koalizioak bere webgunean: «Astiñeneko zubia egiteko proiektua idazteko lana esleitu genuen, 84.000 euroren truke, 2015eko ekainean entregatzeko konpromisoarekin. Gainera, Uraren Euskal Agentziarekin hitzarmen bat lortu eta sinatu genuen. Ondorioz, eta horren bidez, Urak bere gain hartu zuen zubia ordezkatzeko kostuaren zati handi bat, gutxi gorabehera, %70».
Legegintzaldi berrian ere, hasieratik, zubiaren proiektuaren gainean egon direla diote, udal gobernuari galderak eginez: «Jakin genuen aipatutako proiektua urtebeteko atzerapenarekin entregatu zela, inongo azalpenik eman gabe. Ondorioz, 2016ko uztailean eskatu zioten Madrili eskatu beharreko baimena, eta Madrilen kaxoi batean gordeta egon omen da, abuztuaren 22an zubi zaharra itxi behar izan zuten unera arte. Orduan bai, zubia itxi eta 15 egunera Espainiako Gobernuak baimena eman du. 2020 baino lehenago irekitzea ia ezinezkoa izango da».
Zubiaren aferan, orain arteko kudeaketa «kaxkarra» salatu du EH Bilduk, eta urrutiago jo du: «Ez zaie aurkeztu bizilagunei proposamenik, behin-behineko itxierak sortu dituen arazoei irtenbidea emateko. Ez da bidezkoa oraindik dBus zerbitzu alternatiborik ez egotea».
«Loiolako egurrezko zubia nazkagarri dago»
Astiñeneko zubiaren irudi zahar bat. (Argazkia: Kutxateka)
Baditu urte batzuk Astiñeneko zubiak. Ikerketen arabera, 1815ean jada dokumentatua ageri da, beraz, 200 urte baino gehiago izan ditzake. Egiako zubia eta Sarasola zubia bezala ere ezaguna da, eta bada Loiolan Urkiko zubia deitzen dionik ere, Ur-Kirolak arraun klubaren ondoan baitago. Sarasola eta Astiñene zubitik gertuen zeuden bi baserriak ziren; hortik izena. Astiñene baserria oso egoera txarrean zegoen, eta duela bi urte udalak erosi zuen, 60.000 eurorengatik, babesteko asmoarekin. Seom eraikuntza enpresak du lanak egitearen ardura.
Egia, Loiola eta Loiolako Erribera lotzen ditu bideak, eta beste bi zubiren artean dago: Erriberako Mikel Laboa pasabidea eta Loiolako topoko zubia. Agerian geratzen den moduan, beraz, Loiolan zubiak protagonista handiak dira, aipatutako horiez gain baitaude Urdintziko zubia eta Txomineko Espartxoko zubia.
Javier Sada historialariak Los puentes de San Sebastian liburuan informazio osatua dakar zubien inguruan, tartean, Astiñenekoa. Onartzen du zaila dela jakitea noiz jaio zen zubia, baina XIX. mendea baino lehen bizilagunek beharrezkoa zutela Egia Loiolarekin lotzeko moduren bat, bide hori egurrezkoa, artisaua eta sendotasun gutxikoa bazen ere. Horrela bada, 1815ean jada ageri da, aurrez esan bezala, gune horretan zubi bat existitzearen froga, egingo zutela esanez. Hortik zazpi urtera, 1822ko abuztuan, Francisco Etxenike izeneko gizon bat udalera zuzendu zen: «Errespetu guztiarekin, Loiolako egurrezko zubia nazgarri dago. Ezin da bertatik igaro ustelak daudelako oholtzako puska asko. Ez bada berehala konpontzen, kostua igotzeaz gain, zoritxarren bat gertatzearen arriskua dago». Udalak serio hartu zuen bizilagunaren kexa, eta urte haren amaieran beste idatzi bat ageri da, Martin Jose Etxabek idatzia, udal gobernatzaileari zuzendua. Bertan dio zubiaren obra bukatua dagoela, joan dadila ziurtatzera, eta eman diezazkiola egindako lanagatik zor dizkion 1.699 errealak. Dirudienez, Etxabe jaunak lanean jarraitu zuen lehen karlistada arte (1833-1839). Izan ere, etengabekoak izan ziren inguruan borrokak, bonbardaketak eta suteak, eta berriro ere zubia ezin erabili geratu zen.
Harrizkoa, 1862tik
1840an eskatu zuten egurrezko zubi berri bat eraikitzeko. Ordukoan, Villabonako kontratistei egin zien eskaera udalak:?Francisco Elola eta Miguel Antonio Urkia. Dirudienez, eraikuntza denen gustukoa izan zen, eta bere betebeharra bete zuen urteetan. Egurrezko zubiek, ordea, bizitza mugatua zuten, eta egurra gero eta garestiagoa zen. Azkenean, 1860an harrizko zubia eraikitzea erabaki zuten. Lanaren enkantea 1861eko ekainean egin zioten Jose Ramon Egañari. Diseinua Joaquin Ramon Etxebesterena izan zen, eta dokumentuen arabera, 1962ko urtarrilaren 1ean ireki zuten, 134.898,44 errealen truke. Hala, Josu Tellabide historialariak dio Urumea zeharkatzeko egin zuten harrizko lehen zubia izan zela, 1994an argitaratutako 35. zenbakidun Irutxulo aldizkarian.
Ondoren, izan ditu konponketak zubiak, lehenengoa, 1885ean, auto zirkulaziorako egokitzeko, besteak beste. Dokumentuetan ageri denez, istripuak eta hildakoak egon ziren maiz.