‘Maurizia’ ikuskizunak harrera ona izan zuen.
Aukeran dantza konpainiak 20 urte bete ditu, eta
Aukeran 20 urte izeneko ikuskizuna prestatu dute urteurrenarekin bat eginez. Igande honetan, hilak 5, eskainiko dute 19:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian.
Edu Murumendiaraz koreografo eta dantzari gipuzkoarrak sortu zuen konpainia, eta bidean hainbat lagun ospetsurekin lan egin du. Horien bizipenak jaso dituzte hainbat bideotan: Martin Berasategi sukaldaria, Xabi Solano musikaria, Kepa Junkera trikitilaria, Mixel Ducau eta Xabi Zeberio musikariak, Ainhoa Aierbe aktorea, Donostia Kulturako Norka Chiapuso, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Julian Jantzi aurkezlea eta beste hainbat.
Aierbe aktore donostiarra,
Maurizia ikuskizuneko zuzendaria izan zen, eta bere esperientziaren berri ematen du bideoan: «Oso esperientzia polita izan zen, baina gogorra ere bai, ikusita Aukeranek nola egin behar duen lan».
Aukeran 20 urte ikuskizunean ere zuzendari gisa dabil Aierbe: «Erronka handia izango da guztiontzat. Edurentzat, batez ere, bere konpainia delako eta bere konpainiak emango duten saltoa oso handia izango delako, bai musika aldetik eta bai proposamen eszenikoaren aldetik».
Igandean eskainiko duten ikuskizunean, begirada berri bat emango dio konpainiak bere azken obretako pieza ezagunenei. Aurreratu dutenez, ikusleak harrituko dituen proposamen eszeniko dotore eta zaindua eskainiko dute.