"Bertsozale elkarteari ez diot ezer eman, berak eman dit niri"
Bertsozalea eta Bertsozale elkarteko kidea da Joxe Mari Altuna (Antigua, 1940). Bertsogintzan zein herrigintzan aritu da. 1986ko txapelketan hartu zuen parte lehen aldiz laguntzaile moduan.
Bera izango da Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko txapelduna zein den jakiten lehena. Makina bat aldiz eraman du txapeldunaren izena daraman orria epaimahaitik oholtzara. Idazkari lanetan aritu da Joxe Mari Altuna bertso txapelketan, 1989. urtetik.
Urte mordoa daramatzazu Bertsozale elkartean. Nola hasi zinen?
Gogoan dut Belodromoan egin zutela 1986ko txapelketa. Nire Bizkaiko lagun bat, Juanjo Bazterra, egun bat aurretik etorri zen txapelketako prestaketak egiteko, eta nire etxean geratu zen lotan. Laguntzera joateko agindu zidan eta halaxe egin nuen.
Gogoan duzu nortzuk kantatu zuten txapelketa hartan?
Badakit Sebastian Lizasok jantzi zuela txapela, eta Manuel Lekuonak jarri ziola. Baina gainerakoak nortzuk ziren ez dakit.
Lagunak eskatuta txapelketan laguntzera joan eta oraindik horretan jarraitzen duzu.
Bai, hala da. Txapelketa hori eta gero, 1987ko ekainean sortu zen Bertsolari elkartea. Antiguan zegoen egoitza. Bi lagun biltzen ziren orduan, Jexux Murua eta Koldo Tapia. Gogoratzen dut opari bat egin zidatela txapelketan laguntzeagatik. Ni Antiguan bizi nintzen eta denbora nuen bertsoari eskaintzeko. Horrelaxe hasi nintzen.
Odon Elorza alkate zela zuk negoziatzen omen zenituen saioak udalarekin.
Ramon Etxezarreta zen orduan Kultura zinegotzia eta Donostia Bertsotan egitasmoa jarri genuen abian garai horietan. Auzoz auzo bertso saioak antolatzea zen gure asmoa; hiriko ia auzo guztietan egiten genituen saioak, Antiguan izan ezik. Xabier Amurizak erakutsi zidan bertsoak behar duela gutxieneko duintasun bat, eta Antiguan ez zegoen bertso jaialdi bat egiteko moduko lekurik. Hala ere, egitasmoak ez zuen ondo funtzionatu. Saioetara ez zen ia inor joaten. Oroitzen dut behin Ipar Euskal Herriko bi bertsolari aritu zirela Konstituzio plazako Ilazki euskaltegiko balkoitik bertsotan eta ni bakarrik nengoen plazan; eta, noski, nik bai edo bai joan behar nuen bertsolariei ordaintzera.
Ez zegoen, beraz, Donostian bertsozaletasun handirik.
Ez. Gauza puntualak egiten ziren, lehengo Bertsolari Eguna zena eta orain Bertso Eguna dena, esaterako. Hasierako apustua bertsoa auzoetara zabaltzea zen, batez ere euskararen presentzia areagotzeko. Dena den, ikusi genuen ez zuela funtzionatzen, eta, beraz, indarrak urtean pare bat bertso saio duin eta onetan jartzea erabaki genuen. Trinitate plazan eta Lugaritz kultur etxean egiten genituen saioak; eta gaur egun ere egiten jarraitzen dugu, baina Trinitate plazakoa Konstituzio plazan egiten da orain.
Bertsolari elkartearen sorreran egon zinen, eta gero Bertsozale elkartea izatera pasa zenean ere bertan egon zinen. Zergatik aldatu zitzaion izena?
Filosofia kontu batengatik izan zen. Izan ere, elkartea bertsolarien elkarte bat baino gehiago zen; bertsozale guztien elkarte bat zen. Bertsolariek lan handia egiten zuten, baina asko ziren bertsolariak ez izanagatik ere militantzia lan itzela egiten zutenak eta proiektuarekin identifikatuak sentitzen zirenak. Bestalde, handik urtebetera Bertsolari eguna ere Bertso eguna izatera pasa zen. Erabaki hau ere filosofia berarekin bat zetorren.
Idazkari lanetan aritu ohi zara txapelketetan.
Bai, hala ere, askotan saio garrantzitsuak direnean bi aritzen gara idazkari moduan. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, adibidez, zazpi dira epaimahaikideak eta bi idazkari lanetan aritzen gara. Nik eskuz hartzen ditut emaitzak eta besteak ordenagailuz. 1989tik nabil idazkari moduan.
Txapeldunaren izena oholtzara eramateaz ere arduratzen zara.
Guk bakarrik jakiten dugu nola doan saioa, eta nork irabazi duen jakiten ere lehenak izaten gara. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian, adibidez, eguerdirako badakigu nortzuk duten aukera buruz burukora sailkatzeko. Maleta elegante batean edukitzen ditut emaitzak eta txisteak entzun behar izaten ditut.
Idazkari izateaz gain, 2007an Aitor Mendiluzeri txapela ere jarri zenion. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Lotsa handia pasatu nuen. Txapela jartzeaz arduratzen den jendea, meritu handia eta lan handia egin duen jendea da, nik ez nuen neure burua hor ikusten. Baina denak tematuta zeuden, eta azkenean nik jantzi nion txapela. Egia esan, oso polita izan zen eta ez dut inoiz ahaztuko.
Urte asko daramatzazu txapelketa antolatzen. Aldaketarik nabaritu duzu?
Egia da bertsolaritzan boom handi bat egon dela, eta oraindik ere badagoela. Ikusi besterik ez dago finaleko sarrerekin gertatu dena; hilabete baino gehiago falta denean bukatu dira sarrera guztiak. Bestalde, bertsoari dagokionez teknikoki asko irabazi da. Hala ere, txapelketari begira, funtsean, uste dut militantziak eta jendearen borondatezko lanak hor jarraitzen dutela. Lan ikaragarria egiten da. Hori izan da eta da txapelketaren oinarria. Txapelketaren atzean dagoen lan hori guztia ezingo litzateke ordaindu; ezinezkoa da horri prezioa jartzea. Bertsozale elkarteari dagokionez, aldiz, aldaketa nabarmena da. Hasieran bi lagun zeuden eta orain 80 langile inguru izango dira, gehienak hezkuntza munduan ari dira. Izan ere, asko dira eskoletan bertso eskolak ematen ari direnak. Hori ere aldaketa handia da. Amurizak eta garaiko beste bertsolari batzuek lan handia egin zuten bertso eskolak sortzeko, baina oraingoa izugarria da, eskoletan haur mordo bat ari da bertsotan.
Donostian ikusten duzu bertsozaletasunaren gorakadarik?
Donostia nahiko pobre ikusten dut. Hala ere, donostiarra naizenez eta hiriaren alde egite aldera esango dut ez dela erraza. Donostian aukera asko daude: kirola, dantza, antzerkia, zinema… eta ez dago denentzako lekurik. Hala ere, saio batzuk egiten dira, baina ez dut mugimendu asko ikusten.
Zure gazte garaietan zein bertsolari aritzen ziren bertsotan Donostian?
Ni mutikoa nintzenean Uztapidek hemen egiten zuen lan, Antiguako garagardo fabrikan. Gainera hirian bazegoen giroa, sagardotegi mordoa zegoen; Antiguan bakarrik lauzpabost. Bestalde, bertsolari donostiarren artean Manuel Matxain zegoen, Aietekoa. Ni hamalau edo hamabost urterekin hasi nintzen bertsoetara zaletzen. Aita zen etxean bertsozalea eta berarekin joaten nintzen saioetara. Euskara ere oso gutxi erabiltzen zen, nik etxean bakarrik, eta bertsoak entzutera joatea euskara entzuteko aitzakia bat zen. Orduan bertsolari gutxi zeuden eta berdinak aritzen ziren leku guztietan; Xalbador, Matxin, Uztapide, Baserri… Orain, berriz, asko dira.
Garai haietatik gaur egunera asko aldatu da bertsoa eta bertsolaritza?
Nik uste dut gaur egungo bertsolarien maila ikaragarria dela. Batzuek esaten dute laborategiko bertsolariak direla, baina ez da hala. Bertsolari izateko ikastea ez da nahikoa, behin Amurizari entzun nion moduan, bertsoa bizi egin behar da. Gaur egun askoz prestatuago daude alderdi guztietan. Hala ere, lehengo bertsolariek bazuten berea. Lazkao Txikik gauza mordoa esaten zituen oso neurri txikiko bertsoetan. Bestalde, bertsolariak bakarrik ez, entzuleak ere aldatu dira. Gazte asko ikusten da bertso saioetan eta hori pozgarria da; horrek indartzen ditu gero bertso eskolak. Gainera, gero eta jende gehiago joaten da saioetara; Baigorriko saioan bildu zen jendetza ikusi besterik ez dago.
Bertsolariak ere gero eta gazteagoak dira.
Uste dut hor batzuek kristoren lana egin dutela zubiak eraikitzen. Imanol Lazkano batek, esaterako, Lazkao Txikirekin eta Maialen Lujanbiorekin egin du bertsotan. Belaunaldi horrek berebiziko garrantzia eduki du.
Donostian bertsozaletasuna handitzeko aukerarik ikusten duzu?
Ez dut erraza ikusten, baina batek daki. Hemendik kanpo indar handia hartzen ari da eta baliteke oihartzuna hona ere iristea. Ziur Beñat Gaztelumendik Euskal Herriko txapela irabazteak ere eragingo lukeela horrelako olatu bat. Adibidez, Oihana Iguaran Gipuzkoako Txapelketara iritsi izanak Villabonako bertso eskola indartzea ekarri zuen.
Nor da, zure ustez, txapelketa nagusiko faboritoa?
Plazetan asko dabilenak beti dauka abantaila. Bertsolari handi batek behin esan zidan hilabete geldi egon ostean asko kostatzen zitzaiola hastea, beraz, pentsatzen dut hilabetean saio bat egiten duenarentzat zailagoa izango dela.
Txapelketa bat gehiago gehituko diozu zure ibilbideari abenduan. Hemendik aurrera ere jarraitzeko gogoz zaude?
Bai. Bertsolari elkarteari ez diot ezer eman, berak eman dit niri. 14 urte nituela hasi nintzen lanean banku batean eta egun osoa gehiketak eta kenketak egiten pasatzen nuen. Niretzat izugarria zen denbora librean elkartearen parte izatea. Zorte ikaragarria eduki dut elkartean egin ditudan harreman eta lagunekin. Ederra da ikustea elkarteko gazteenekin eta zaharrenekin dudala harremana; ederra da 21 urteko gazte batengatik maitatua sentitzea, eta ni elkartean maitatua sentitzen naiz. Ahal dudan bitartean behintzat jarraituko dut.