Urtebete baino gehiago daramate borrokan Añorgako hainbat bizilagunek talde ekologista batzuekin batera, Belartza 2ko obrak geldiarazteko; legez kanpokoak eta arriskutsuak direla diote.
Legez kanpoko harri pilaketak hor jarraitzen du. (Argazkia: Belartza 2 Gelditu)
Belartza 2 proiektuak kezka eta ezinegona zabaltzen jarraitzen du Añorgako bizilagun batzuen artean. Kontua momentu honetan nola dagoen jakiteko, Belartza 2 Gelditu plataformako bi kidek euren azalpenak eman dituzte. «Talde ekologistekin batera plataforma sortzea oso baliotsua izan zen. Ordura arte, zegokion administrazioari egiten genizkion galderak, baina ez genuen erantzunik jasotzen. Egoeraren berri publikoki ematea izan zen gure estrategiarik baliotsuena», dio Eli Azpillagak. Behin plataforma sortuta, hainbat jarduera egin zituzten egoeraren berri emateko: mendi martxa, protesta martxa udaletxeraino, mahai inguruak, asanblada irekiak… «Duela urtebete Hirigintzako buru Enrique Ramos auzora etorri zen, teknikariekin batera, eta plataformaren zeresanak entzun eta bere azalpenak eman zituen», gehitu du Azpillagak, eta geroztik ez dutela lortu inolako beste informaziorik.
Momentu korapilotsuan daudela diote, juridikoki erantzun askoren zain daudelako. «Proiektua gero eta handiagoa da eta pentsatzen dugu auzotik babes gehiago lortuko dugula», dio Azpillagak. Kezkatua agertu da Josune Dorronsoro ere:?«Kentzen ari dira Donostiako berdeguneak, eta Añorgakoa bat gehiago izango da».
Legez kanpoko pilaketa
Informaziorik ez dutenez, lan handia egin dute plataforman: «Esfortzurik handiena izan da salatzea legez kanpoko harri pilaketa. Goiko paraje naturalean egin dute, Mercadonako obren ondorioz», dio Azpillagak. Salatu zuten Donostiako Udala irregularra izan dela, eta lortu zuten eramatea administrazioaren aurkako auzitegira. Orain, erantzun horren zain daude: «Ebazpena irtetear egongo da, baita naturarengan izandako inpaktuarena. Badakigu ikertzen ari direla eta dokumentazioa eskatu diotela udalari». Izan ere, Ertzaintzan ere salaketa jarri zuten, delitu ekologiko gisa. «Harri piloa bota zituzten eta ibaiaren ur jarioa ere eten zuten. Bioaniztasunean ere eragin handia izan zuen, hegazti harrapakari asko ibiltzen baitziren inguruan. Lauzpabost futbol zelaien zabalera du harri pilaketak».
Obrek aurrera jarraitu dute eta harri pilaketak hor dirau: «Plataforma xume bat garenez, ez dugu lortu obrak geratzea, horretarako epaileak eskatzen du sekulako bermea, milaka eurokoa».
Plataformaren webgunean zabaldu zuten joan den astean Elkarrekin-Ahal Duguko parlamentari Jose Ramon Becerrak egindako adierazpena, galderak eginez Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza sailburuari, harri metaketaren inguruan: «2016ko otsailean Mercadonako eraikuntza enpresak atera zituen 23.000 metro kubiko lur kutsatu, inolako baimenik gabe, eta gainera, Belartzako inguru naturalean zabaldu zituen. Hondakinen kudeaketa ez dute bete ez enpresakoek ez Donostiako Udalak. Zer egingo duzue legea bete dezan? Zer egingo duzue arduradunak zigortzeko eta gune natural hori lehen zegoen bezala gera dadin?».
Lur horiek, gainera, kutsatuak daudela diote: «Harrobia itxia egon da urteetan,eta isurketak egin dituzte. Udalak bazekien hori. Ez zuten behar bezala tramitatu Eusko Jaurlaritzaren bidez, eta ondorioz, administratiboki harrobia garbi zegoen. Horrela, apiriletik inolako kontrolik gabe zabaldu dituzte lurrak eta Mercadonaren lurretan betelanak egiteko erabili dituzte». Leku gehiagotan zabaldu izana ere salatu dute: Arbaizeneako luxuzko etxebizitzen promozioan, Astigarragako biadukto azpian eta Orioko lursail pribatu batean.
Añorga, merkataritzarako
Momentu honetan plataformaren ardura haratago doa, Mercadonaren inguruko aferaz gain, urtebete ondoren gauza gehiagoren berri izan dutelako: «Zoritxarrez kontua larriagoa da. Donostialdean ez dago industriagune baten beharrik. Eskuzaitzeta ondoan dago, 70 hektareako azalerarekin eta hutsik dago. Erraustegia eta bertara eraman nahi duten kartzelaz gain, ez dago beste enpresarik. Horregatik aldaketa egin dute makrogune komertzial bat egiteko.Topatu dugu Añorgarako duten proiektua Belartza 2 baino zabalagoa dela. Belartza bihurtu nahi dute hiriaren gune komertzial erraldoia». Azaldu dute hiru gunetan banatu dutela proiektua: Belartza 2 (Mc Donalds eta Mercadona hartzen ditu, 1.500 metro koadrokoa), Oassa Savoisienne (15.700 metro koadroko merkataritza gunea), eta Errekaldeko Teresategi (Multinazionalen gunea egiteko, 31.096 metro koadro ditu).
«Oassakoak bakarrik 6.000 auto ekarriko lituzke auzora, hori dio beraien txostenak, eta hori proiekturik txikiena da. Beraz, auzora dakar kutsadura, bizimodu aldaketa eta naturaren txikizioa. Barakaldoko megaparkaren estiloko eredua ezarri nahi dute, hori da orain udal gobernuaren politika. Krisialdi unean horrela ikusi dute dirua ateratzeko modua, multinazionalek aurretik jartzen dutelako dirua mahai gainean».