Adina ez da oztopo Marian Garcia (Antigua, 1951) eta Miguel Dominguezentzat (Amara Berri, 1939). Astero lauzpabost egunetan entrenatzen dute; korrika pasio bat da eurentzat.
Miguel Dominguez eta Marian Garcia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Zergatik animatu zineten korrika egiten hastera?
Miguel Dominguez (M.D.): 1980ko hamarkadan, kirol patronatuak antolatzen zuen astean bitan lasterketatxo bat. Zubietatik zehar bueltak ematea zen helburua. Hasieran, lotsa ematen zidan, baina azkenean animatu nintzen eta asko gustatu zitzaidan. Inoiz ez nuen pentsatu gai izango nintzenik maratoi erdi bat egiteko, eta are gutxiago, maratoi oso bat.
Marian Garcia (M.G.): Beti izan naiz oso aktiboa, baina korrika egiten nahiko berandu hasi nintzen, 50 urte baino gehiagorekin. Garai txar baten ondorioz izan zen: estres handia nuen, zazpi urtez hiru hilabetero ebakuntzak egin behar izan zizkidatelako. Semeak bultzatu ninduen, lasaituko nintzela esanez, eta hala izan zen. Helburu txikiak jartzen nizkion nire buruari, eta, gutxinaka, distantziak areagotu nituen, lasterketetan parte hartzen hasi nintzen arte. Lehenengoa Hiru Hondartzetako krosa izan zen, eta giroa izugarri gustatu zitzaidan.
Berehala, ordea, hasi zineten taldean korrika egiten, ezta?
M.D.: Neure kabuz korrika egiten ari nintzela, talde batekin egin nuen topo eta beraiek animatu ninduten. Horrela hasi nintzen, eta hortik sortu genuen elkarte bat: Donostiarrak.
M.G.: Donostiarrak taldean zebilen jendea ezagutzen nuen, eta bakarrik ikusten nindutenean esaten zidaten beraiekin joateko, baina nik ez nuen nire burua gai ikusten. Azkenean, beraiekin hasi nintzen, eta, egia esan, asko hobetu nuen.
Zergatik da berezia taldean korrika egitea?
M.D.: Asko laguntzen du, eta gogoa pizten dizu. Hainbat lasterketatan 10-12 lagun elkarrekin iritsi izan gara helmugara, eta hori oso polita da.
M.G.: Taldean giro oso ona dago, familia handi baten antzekoak gara. Askotan, lasterketa batera joan, eta gero bazkaltzen geratzen gara. Oso berritsua naizenez, taldean korrika egitea askoz gehiago gustatzen zait.
Nola entrenatzen duzue?
M.D.: Lasterketaren araberakoa da entrenamendua. Behobiarako, adibidez, astean lauzpabost egun entrenatzen ditugu, baina aukeratzen ditugu inguru zehatz batzuk, aldapatsuak eta lasterketa horrekin antzekotasunak dituztenak. Maratoi baterako, berriz, igandero kilometro kopurua igotzen dugu.
M.G.: Fisikoki eta psikologikoki prestatzea oso garrantzitsua da. Ni Caceresen egon naiz egun batzuk, baina entrenatzen jarraitu dut. Adibidez, aurreko igandean hiru ordu inguru –28 kilometro– egon nintzen korrika egiten.
Zergatik gustuko duzue hainbeste korrika egitea?
M.D.: Lagun ugari egiten dituzulako, eta fisikoki zein zure buruarekin ondo sentiarazten zaitulako. Droga moduko bat da, ez banoa, zerbait faltan dudala sentitzen dut. Neurriz eginda, korrika egitea bizio osasuntsu bat da.
M.G.: Aktibo egoteko modu bat da. Oso urduria naiz, eta estresa murrizten didalako gustatzen zait. Gainera, eguneroko bizitzan helburuak finkatzen lagundu dit.
Familia ez da kezkatzen hainbeste entrenatzen duzuelako?
M.D.: Emaztea da gehien arduratzen dena, baina nire seme bat oso harro dago eta jende guztiari esaten dio bere aitak 78 urterekin Behobia eta maratoietan parte hartzen duela. Duela egun batzuk, esfortzu proba bat egin nuen, eta dena ondo joan zen. Familiak badaki kontuz ibiltzen naizela; ez dut inoiz erokeriarik egin, eta, orain, are gutxiago.
M.G.: Koinata batek beti galdetzen dit ea noiz utziko dudan, eta nik erantzuten diot ahal dudan arte ibiliko naizela. Hasieran, senarrak ez zuen ulertzen nire zaletasuna, baina, orain, nirekin etortzen da lasterketetara eta berak mendi-ibiliak egiten ditu nik korrika egiten dudan bitartean. Hobeto ulertzen nau. Eta semea oso pozik dago, nire adineko emakume oso gutxi daudelako, bereziki, mendian korrika egiten dutenak.
Horrekin lotuta, gero eta emakume gehiago daude korrika egiten.
M.D.: Zorionez, emakumearen garapena izugarria izan da. Nire garaian ez zegoen ezta arropa aproposik ere beraientzako. Azken urteotan nabaritu da emakumeen parte hartzea handitu dela, eta Behobia-Donostia izan da horren lekuko. Klubean ere emakume ugari daude.
M.G.: Oraindik asko dago egiteko, baina hasi nintzenean, ez zegoen berdintasunik. Ni behin baino gehiagotan kexatu izan naiz sariekin zegoen diskriminazioarekin, adibidez. Eta, korrika egiten nuen bitartean, denetarik entzun behar izan dut: Animo, amona! Zahar honek aurreratuko nau ni? Oso desatsegina izan da.
Nola eragin dizue urteak betetzeak?
M.D.: Urteekin marka hobeak egin ditut. 46 urterekin hasi nintzen, eta ziur nago entrenamenduek eta talden joateak lagundu didatela. Baina egia da 70 urte bete nituenetik, aldaketa nabaritu dudala. Eduki dudan lesio bakarra duela aste batzuk gertatu zitzaidana izan da. Donostiarrak taldeko kideek inbidia didate [barrez]. Diesel korrikalaria izan naiz: gutxinaka hasi eta indartsu amaitzen dut. Horrek, ziurrenik, lagundu dit adin honetara horrela iristen.
M.G.: Egia da helburu berak lortzeko esfortzu handiagoa egin behar dudala, baina hobeto ibili naizen urteak izan ditut. Gorputzak uzten digun arte jarraituko dugu korrika egiten.
Noiz hasi zineten Behobian korrika egiten?
M.D.: 1985.urtean egin nuen lehenengoa, eta ordutik behin bakarrik huts egin dut, ebakuntza bat egin zidatelako. Beraz, guztira, ia jarraian, 30 egin ditut. Aurtengoa izango da 31. Behobia. Lehenengoan, ez nengoen ziur lortuko nuenik, eta egun batzuk lehenago ibilbide bera egin nuen, ikusteko noraino nintzen gai iristeko. Garai hartako 100 pezeta hartu nituen, gero autobusa hartzeko, eta Bulebarrera ordu bat eta 40 minutuan iristea lortu nuen.
M.G.: Korrika egiten hasi eta urtebetera egin nuen lehenengo Behobia. Saiatu nahi nuen, baina ez nuen segurtasunik. Nire semearekin egin nuen, eta horrek asko lagundu zidan.
Zein izan da lasterketan egin duzuen denborarik onena? Eta okerrena?
M.D.: Hoberena ordu bat eta 30 minutu. Iaz, 77 urterekin, ordu bat eta 58 minutu. Aurten, ez dudanez gehiegi entrenatu, bi ordu baino gehiago egingo ditudala imajinatzen dut, baina horrek ez nau kezkatzen.
M.G.: 2007an, denborarik onena egin nuen: ordu bat eta 32 minutu. Eta, iaz, ordu bat eta 42 minutu. Beti ibili izan naiz tarte horietan; beraz, mantendu naizela esan daiteke. Gainera, nire helburua maratoia izaten da, eta ez dut nahi izaten Behobian gehiegi arriskatzea.
Zein da zuen helburua aurtengo Behobia-Donostiarako?
M.D.: Helburua da iristea. Azken egunotan mina nabaritu dut oin batean, eta ezin izan dut nahiko nukeen bezainbeste entrenatu, baina egiteko asmoa dut. Zerbait gertatzen bazait, irteera ugari daude lasterketa uzteko.
M.G.: Urtero bezala, saiatuko naiz ordu bat eta 45 minutuan amaitzen lasterketa. Lortzen badut, ondo, eta, bestela, ez da ezer gertatzen. Nire helburuak beteta daude jada. Inoiz ez nuen pentsatuko hainbeste Behobia egingo nituenik.