Herrilanean aritu ziren pasa den asteburuan, Ablitasen kooperatiban. (Argazkia: Errigora)
Bosgarren urtez udazkeneko kanpaina abiatu du Errigorak. Nafar hegoaldea euskalduntzeko, bertako produktuekin osaturiko saskiak salgai jarri dituzte.
Errigorak
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka bosgarren kanpaina abiatu du. Azaroaren 14a arte saskiak eskatu eta jasotzeko aukera dago, baita Donostian ere.
Herrilana da aurtengo leloa, eta egitasmoaren oinarriarekin du harremana. «Errigora herrilan ariketa erraldoia da: alaia, anitza, behetik gorakoa, praktikoa, komunitarioa eta transbertsala», adierazi dute.
Saskiak prestatzeko, urtero, Nafarroako Ablitas herriko kooperatiban egiten duten auzolana omendu nahi du Errigorak. Hain zuzen ere, pasa den astean egin zuten herrilana. Hilaren 2an, Lodosa, Viana eta Tuterako ikastolako haurrak bildu eta Porrotxekin batera auzolanean aritu ziren. Kartoizko kutxa batzuk prestatu eta olio-errota bat bisitatu zuten.
Hurrengo egunean, Ablitaseko kooperatiban saskiak muntatzeko erabiliko diren produktu eta ekoizle guztiak bildu ziren. Ekoizpena bultzatzeko elkartu ziren. Azkenik, hilaren 4 eta 5ean Euskal Herri osotik Ablitasen bildutako boluntario guztiekin saskiak prestatu, eta jai giroan asteburu ederra pasa zuten Tuteran. Errigorak azpimarratu duenez, herrien arteko zubiak ez ezik, herritarren artekoak eraikitzea garrantzitsua da.
6.000 saski prestatu zituzten iragan asteburuan. «Iaz, 14.000 saski saldu genituen. Kopuru horren bueltan ibiltzea espero dugu, eta gainditzeko ahaleginak egiten ari gara», dio Errigorak. 175.000 euro bideratu ziren Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Aurreko lau urteetako lana batuz gero, 600.000 euro baino gehiago bideratu dira zonaldeko euskalgintzako proiektuetara.
Bi saski aukeran
Iazko kanpainan produktuen eskaintza zabaldu zuten, eta aurten ere bi kutxa edo saski jarri dituzte aukeran: beltza eta zuria. Bakoitzean Nafarroa Hegoaldeko produktuak daude. Hala nola, orburuak, zainzuriak, ardoa, oliba olioa, ozpina, tomatea olioarekin, pikillo saltsa, potxak, kardua eta patxaran pastak.
Donostiari dagokionez, 14 tokitan eskuratu ahal izango dira saskiak. Bestalde, Internet bidez eskatu daitezke saskiak www.errigora.eus webgunearen bidez. Azaroaren 14a izango da eskaerak jasotzeko azken eguna, eta banaketa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo dute.
Irutxuloko Hitzak Errigorak eskainitako bi saski zozkatuko ditu harpidedun eta sustatzaileen artean. Bidali harpidedun edo sustatzailearen izen-abizenak, auzoa eta telefono zenbakia zozketak-irutxulo@hitza.eus helbidera edo deitu 943 467236 telefono zenbakira.
Elikadura burujabetza
Erriberako 25 ekoizlek parte hartu dute beraien produktuekin. Iaz baino hiru gehiago dira. Ekoizleen komunitatea sendotzea garrantzia dela uste du Errigorak. «Guri esker ekoizle horiek euskarara hurbildu dira, webguneak zein etiketak euskaratzen ari dira».
Eskariari erantzuteko, ordea, hektarea gehiago behar ditu Errigorak. «Elikadura burujabetza da gure helburuetako bat, eta aurrera goaz. Eskaria handitzen doan heinean, ekoizleak ere gehitzen doaz».
Kanpainak irauten duen artean, Errigoraren karpa herriz herri ibiliko da, egitasmoa zer den azaltzeko eta kanpainaren berri emateko. Igande honetan, hilaren 12an, Donostiara etortzekoak dira, eta beraien webgunearen bidez emango dute deialdiaren informazioa.
ESKAERA PUNTUAK
- Aiete. Axular lizeoa.
- Altza. Herri Ametsa ikastola.
- Amara. AEK euskaltegia.
- Antigua. AEK euskaltegia eta Antiguotarrak elkartea (banaketa, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, 18:00-20:00).
- Egia. Aitor Ikastola eta Arrano elkartea (banaketa, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, 18:00-20:00).
- Erdialdea. Bagera elkartea.
- Ibaeta. Santo Tomas lizeoa.
- Igeldo. Txapela taberna.
- Intxaurrondo. Zulo Zahar elkartea.
- Gros. Irrintzi euskaltegia (banaketa, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, 10:00-12:00 eta 16:00-19:00) eta Zurriola
ikastola.
- Parte Zaharra. Arrano Beltza elkartea (banaketa, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, 18:00-20:00).