Izarne Zelaia: 'In-dependentziak'
Datuak aktibatu eta ordua bizpahiru aldiz begiratu duzun bitartean gosaldu duzu, presaka. Pantaila horren azkar itzaltzeak, behin eta berriro desblokeatu beharrak, amorrarazi egiten zaitu. Ez zaizu mezurik iritsi, goizegi izango da agian. Kalera bidean poltsikoan sartu duzu eta eutsi egiten diozu, minutuek eskuetatik ihes egingo dizuten beldur edo. Geltokira justu iritsi zara eta autobusera igotzen ari zarela ari zaizu arnasestua baretzen. Begiz jo duzu zure egingo duzun eserlekua, atzealdean baina ez motor gainean, ez baitzenuke helmugara izerditan iritsi nahi, bero itogarria ekidin nahi duzu. Pasilloa igaro eta zurea da. Alboan duzun gazteari keinu egin diozu, bistaz ezagutzen duzu fakultatetik. Eseri eta zeharka begiratu diozu eskutan duen mugikorrari: jokoren batean ari da. Zuk ere, egiteko ezer hoberik ez eta, zurea atera duzu. Profileko argazkia aldatzeko asteburuko txangoan ateratako selfie seriea duzu aukeran. Itsasora begira zauden hori hautatu eta berehala, zu bezain goiztiar sarean katigatu diren batzuk hasi dira gustuko dutela adierazten. Mezurik ezean, Gustuko dut horiek pozten dizute istant bat izatera heltzen ez den segundoa. Besteek partekatutakoei erreparatzen ari zara orain. Berri interesgarririk ba ote den. Lagun batek Kataluniako gobernu-kideen atxiloketak direla eta elkartasun mezua publikatu du: #Llibertatpresospolitics. Zuekin gaude. Gora herri askeak! Bihotza klikatu dizu, bihotza klikatu duzu.
Lepo herdoilduaren ziztadak ohartarazi dizu deskantsu beharra eta buruarekin batera altxarazi dizu begirada. Orduan ohartu zara autobusa geldirik dagoela: auto-ilara. Uste baino atzerago zaudete eta urduritu egin zara. Ez duzu gustuko klasean berandu sartu eta zure tokira iritsi arteko denbora pausan jartzen duen begiz jositako pasarelatik igarotzea. Baina lasai egon zintezke, auto-ilara arinduko da eta garaiz helduko zara, zure estres egoera sareratzeko bezain garaiz, agian selfie bat ateratzeko beste.