Euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko, jarduera bana prestatu dute Altzan eta Intxaurrondon: Altza Hadi 21 egun euskaraz eta Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon.
Intxaurrondoko hiru parte hartzaile: Jaime Perez, Maialen Perez eta Mertxe Iñigo. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskararen ezagutza eta erabileraren artean dagoen desorekak kezkatuta zituen Altzako eta Intxaurrondoko herritarrak, eta hori abiapuntu izan zuten esperientzia bana antolatzen hasteko: AltzaHadi 21 egun euskaraz eta Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon. Helburu nagusia da bertako euskaldunak ahaldundu eta aktibatzea. Bi jarduerak igandetik –azaroak 12– abenduaren 1era egingo dituzte, baina hasiera ekitaldiak gaur egingo dituzte; bata, Altzako San Martzial plazan, eta, bestea, Intxaurrondo kultur etxean. Partaideen artean, hiru txanda banatuko dituzte, eta txanda aldaketak ostiraletan egingo dituzte, 19:00etan.
Ahobizi eta belarriprest
Erronkatan parte hartzeko bi rol sortu dituzte: ahobizi eta belarriprest. Ahobiziek, gutxienez, astebetez euskaraz egingo diote ulertzen duenari. Belarriprestak, berriz, izango dira euskaraz entzuteko prest dauden lagunak; horrela, dakienari hitz egiteko gonbita egingo diote. Altzan zein Intxaurrondon, oraingoz, 300 ahobizi eta 400 belarriprest inguru lortu dituzte. Halere, aukera dago, erronka hasita egonda ere, batu ahal izateko.
Plazaragoaz.eus eta
Altzahadi.bizarrain.eus webguneen bidez eman daiteke izena.
Bi esperientziek Egia, Lasarte, Añorga eta bestelako herriek aurrera eramandako erronkak aztertu zituzten. «Esperientzia horietako antolatzaileekin jarri ginen harremanetan, eta nola egin zuten azaldu ziguten», gogoratu du Intxaurrondoko Mertxe Iñigok.
Hori oinarri hartuta, Baietz 20 ordu euskaraz Intxaurrondon jarduera egin zuten maiatzean. Auzoko hainbat eragile, talde eta norbanakok hartu zuten parte, eta, eguraldiak lagundu ez zuen arren, arrakastatsua izan zen: «20 egunekorako prestatzen joateko modu bat izan zen; azken finean, euskararekin eduki ditzakegun ohitura eta lotsa horietan eragin eta aldatzen saiatzeko».
Jaime Perezek 65 urte ditu, eta, jaiotzez madrildarra den arren, 24 urte daramatza Intxaurrondon bizitzen. Erronkan belarriprest izango da: «Maitasun arrazoiengatik etorri nintzen, eta lehenengo lauzpabost urtetan euskaltegi batean aritu nintzen euskara ikasten. Gero, utzi behar izan nuen, hitz egiteko jariotasunik ez nuela eta. Orain erretiroa hartu dut; ea barnetegi batean izena ematen dudan!».
Euskaraz aparte, ingelesa, frantsesa, daniera, portugesa, katalana eta gaztelera ezagutzen ditu Jaime Perezek, baina euskaraz hitz egiteko zailtasun handiak dituela dio: «Nahiko ondo ulertzen ditut –donostiarraz gain, oñatiarra eta araoztarra (Oñatiko auzo bat da) ere bai–, baina hitz egitea zaila egiten zait. Beharbada da nire buruak latina duelako oinarri».
Bere alabak eta emazteak euskaraz hitz egiten dute, eta bera aurrean baldin badago, ez die hizkuntza aldatzera behartzen, ulertzen duelako: «Inoiz ez diot inori gazteleraz hitz egiteko eskatu; beti izan naiz belarriprest bat, eta naturalki animatu naiz auzoko erronka honetara». Izan ere, euskarari dagokionez, horrek harritu du gehien: «Berdin du hamar laguneko talde batean bederatzik euskaraz jakitea. Batek ez badaki, zuzenean aldatzen da gaztelerara».
Egoera horiek ere bizi izan ditu Intxaurrondoko Maialen Perezek: «Gazteagoak ginenean, oso erraz jotzen genuen gaztelerara. Orain, kontzienteagoa naiz eta joera kontrakoa da. Lanean zein auzoan parte hartzen dudan jardueratan giroa euskalduna da, eta arraroa egiten zait gazteleraz hitz egitea. Erasmus egin nuenean ere gertatu zitzaizkidan egoera deserosoak; adibidez, ni euskaldun batzuekin euskaraz hitz egiten egotea eta Andaluziako batek esatea:
Oye! Que no te entendemos! [Aizu! Ez dizugu ulertzen] Une horretan hitzik gabe geratzen zara, eta errespetuagatik-edo ez duzu gehiago egiten». Horrekin lotuta, Jaime Perezek uste du jende askoren aldetik ezjakintasuna dagoela euskararekiko.
Maialen Perezek 25 urte ditu eta ahobizi izango da erronkan: «Oso motibagarria iruditu zait jarduera, eta nire buruarentzako erronka gisa hartuko dut, hau da, nire ohiturak hobetzeko. Esaterako, okindegira sartzen naizenean, kaixo! esaten dut, baina uste badut ez didala ulertzen, joera dut gaztelerara aldatzeko. Beraz, hemendik aurrera, euskaraz ahalik eta denbora gehien hitz egitea da nire asmoa,
ogi bat esaten badut, ulertuko dit, eta, bestela, erabiliko dut keinuren bat».
Horrekin lotuta, Mertxe Iñigok dio erronka abian jartzearekin ezusteko baikorrak izan dituztela: «Saltokiak eta tabernak landu ditugu, egunerokoaren parte garrantzitsua direlako eta euskararen mapa moduko bat osatu nahi dugulako. Egia esan, erronka oso ondo hartu dute. Askok esan digute euskaraz ez dakitela, baina ahal duten moduan laguntzeko prest daudela».
Jaime Perezen arabera, Intxaurrondoko euskararen egoera ez da gehiegi hobetu, Andaluziatik, Galiziatik, Extremaduratik… etorritako jende ugari dagoelako eta zaila delako transmisioa. Baina Maialen Perezek hobekuntza batzuk nabaritu ditu: «Auzoan ari dira gauzak antolatzen, euskaldunen ekimenez –Intxaurrondoko jaiak, Letaman gaztetxeko jarduerak…–, eta horrek laguntzen du hizkuntza ohiturak aldatzen».
Altza Hadi 21 egun antolatzen buru-belarri aritu dira azken unera arte. (Argazkia: Lide Ferreira)
Altzako egoera antzekoa da. Itzalai Alberdi Debakoa da eta Altzan bizi da duela 9 urte. «Euskarari dagokionez, Altzari buruz aurreiritzi asko nituen; are gehiago, Hernanitik hona mugitu nintzelako. Beldurra nuen ez nekielako nire semeak nola heziko ziren. Baina, egia esan, gustura gaude eta bizitza hemen egiten dugu. Giroa erdalduna den arren, bagaude euskaldun batzuk eta nabari da nolabaiteko garapena; Altzatarren jarrera asko aldatu da, eta euskara balioan jartzen duen jendea badago. Ikastetxeek eta hainbat eragilek lan handia egiten dute horretarako».
Ahobizi izango da Altzako esperientzian: «Lasarten egin zutena ikusi nuen aspaldi, eta ideia oso ona iruditu zitzaidan. Horrelako zerbait Altzan egin genezakeela pentsatu nuen, baina ez nekien nola. Azkenean, ikusi nuen Bizarrain euskara batzordearen ekimenez hasi zela erronka eta berehala jarri nintzen beraiekin harremanetan».
Eskolatik, auzora
Alberdi, Altzako bizilagun eta ama izateaz gain, eskolako guraso elkarteko kide eta irakaslea ere bada. Hortaz, Altza Hadi 21 egun euskaraz-en barruan sortu duten batzorde paraleloan egon da lanean, Josean Abeciarekin batera: «Eskolatik auzora euskara ateratzeko. Normalizatu behar da, jendearen interesa piztu eta, adibidez, ingelesa dakitenei bezala, euskaraz dakitenei ere txalotu. Hesiak gainditu behar ditugu, eta egunerokoan txertatu hizkuntza. Ametsa izan daiteke, baina argi daukat ez naizela hemendik joango Altza euskaldundu arte».
Abeciak azaldu du esperientzia abiatzeko sare bat osatu nahi zutela Altzako eragile eta talde desberdinekin, eta erronka hori lortu dutela jada: «Lehenengo bilerara, esate baterako, ehun talderen ordezkariak etorri ziren: konpartsak, emakumeen elkarteak, futbol taldeak… Oso pozik gaude erantzunarekin eta gogotsu esperientzia hasteko!».
Ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka
Hizkuntzen erabileraren inguruko neurketa egin zuen iaz, Soziolinguistika Klusterrak. Bertan azaltzen dute, besteak beste, Donostiako kaleetan, solaskideen %15,2 entzun dutela euskarazko elkarrizketetan.
Horretaz gain, auzo eta herrietako informazioa ere biltzen dute ikerketan. Nahiz eta euskararen ezagutza altua izan –Altzan %64,62koa eta Intxaurrondon %56,77koa–, bietan erabilera ez da %10era iristen.
Datuen arabera, Altzan, %4,2 erabiltzen dute euskara eta, Intxaurrondon, %9,7. Hortaz, eta Donostiako beste auzo eta herriekin alderatuta, euskaraz gutxien hitz egiten den gunea da Altza; ondoren dago Bidebieta –%7,9–, eta, hirugarrenik, Intxaurrondo.
Sexuari dagokionez, Altzako emakumeek erabiltzen dute gehiago euskara gizonek baino (%5 eta %3,3, hurrenez hurren). Intxaurrondon, berriz, nahiko antzekoa da: emakumezkoetan %9,5 eta gizonezkoetan %9,9. Adinari erreparatuz, Altzan zein Intxaurrondon haurrak dira kalean euskaraz gehien hitz egiten dutenak.
EGITARAUAK
Altza
AZAROAK 10, OSTIRALA
- 11:15. Korrika txikia, Harri Berri-Oleta ikastetxetik (euria egiten badu, eskolen barruan).
- 11:30. Korrika iritsiko da San Martzial plazara.
- 11:35. Ekitaldia San Martzial plazan (euria egitekotan, Harri Berri-Oleta eta Altza Herri ikastetxe barruan): irakurketa, musika eta dantza.
- 12:00. Altza Hadi jardueraren hasiera, Herrera ikastetxean.
- 19:00. Altza Hadi!-ren hasiera ekitaldia, Altzako udaletxeko balkoitik, San Martzial plazan (euria eginez gero, frontoian). Antzerkia eta Trebeska dantza taldea.
AZAROAK 17, OSTIRALA
- 19:00. Altza Hadi erronkaren 1. txanda aldaketa, Casares K.E..
AZAROAK 24, OSTIRALA
- 19:00. Altza Hadi erronkaren 2. txanda aldaketa, Larratxoko plazan.
AZAROAK 25, LARUNBATA
- 10:30-12:00. Euskal Zumba, Plaza Gorrian (euria egiten badu, Altzagainako frontoian).
- 18:00. Lunaticus Zircus, Teatro paraiso, Larratxo kultur etxean. 6 urtetik gorako haurrentzat.
AZAROAK 29, ASTEAZKENA
- 19:30. Bertso literarioak, Casares kultur etxean. Uxue Alberdi eta Maialen Lujanbio. Gai jartzailea: Danele Sarriugarte.
AZAROAK 30, OSTEGUNA
- 11:00. Mintzodromoa, Larratxo kultur etxean.
ABENDUAK 1, OSTIRALA
- 11:00. Herrera eskolako aterpean HHkoen emanaldia. Buruhandiak eta musika.
- 14:30. Kalejira Herrerako San Luis plazara.
- 14:50. Jaialdia, Herrerako San Luis plazan (eguraldi txarrarekin, eskolan). Txalaparta, haurren emanaldiak eta Altxorraren bila jolasa egun osoan zehar.
ABENDUAK 2, LARUNBATA
- 11:00. Piramideen bila, Potxin Patxin pailazoak, Herrerako plazan (eguraldi txarrarekin, errepideko zubi azpian).
- 12:30. Irakurketa publikoa: Uxue Alberdiren, Janis Joplin liburua.
- 13:00. Amaiera ekitaldia.
- 21:00. AltzataROCK euskaraz: Pelax, Mice, Sermond´s.
ABENDUAK 3, IGANDEA
- 12:30. Kantujira Euskal Giroa elkartetik, Herrra Kantuz eta Altza Kantuzen eskutik.
- 14:30. Bazkaria Herrera K.E.-n (Gazte Asanblada + Altza Hadi-ko ahobizi eta belarriprest-ak).
- 17:00. Euskal Bingoa.
- 18:30. Erromeria gidatua.
- 19:00. Elektrotxaranga Herrerako plazatik.
Intxaurrondo
AZAROAK 10, OSTIRALA
19:00. Baietz 20 egun euskaraz jardueraren aurkezpen jaia, Asier Kidam magoarekin, Intxaurrondo kultur etxean.
AZAROAK 16, OSTEGUNA
19:00. Literatura plazara. Gauak eta hiriak. Ur Apalategi Iridin. Intxaurrondo kultur etxean.
AZAROAK 17, OSTIRALA
19:00. Baietz 20 egun euskaraz-en 1. txanda aldaketa, Intxaurrondo kultur etxean.
AZAROAK 24, OSTIRALA
19:00. Baietz 20 egun euskaraz-en 2. txanda aldaketa, Intxaurrondo kultur etxean.
AZAROAK 25, LARUNBATA
14:00. Bertso bazkaria: Miren Amuriza eta Julio Soto. Zulo zahar elkartean. Txartela aurrez erosi behar da bertan.
16:30 eta 18:30. Pirritx, Porrotx eta Marimotots. Borobilean ikuskizuna. Intxaurrondo kultur etxean.
AZAROAK 30, OSTEGUNA
19:00. Oholtza perfomancea, Larrotxene kultur etxean.
ABENDUAK 1, OSTIRALA
17:00. Baietz 20 egun euskaraz-en 3. txanda aldaketa, Intxaurrondo kultur etxean. Haur jolasak. Gaztaina erreketa. Kaña2kaña taldea. Euskararen plaza. Bernart Etxepare plaza.
ABENDUAK 2, LARUNBATA
13:30. Baietz 20 egun euskaraz jardueraren amaiera jaia, Intxaurrondo kultur etxean.