Castillejok eta Merinok irabazi dute Behobia-Donostia, berriz ere
Ikusleek eguraldia lagun izan ez badute ere, korrikalarientzat giro aparta egin du 53. Behobia-Donostian. Lasterketak iraun bitartean euriari eutsi egin dio eguraldiak Donostian eta giro ederrean egin dute lasterketa parte hartzaileek.
1:00:39 izan da Carles Castillejo kataluniarraren denbora, bera izan da helmugara iristen lehena, iaz moduan. Jarraian iritsi dira Camilo Santiago (1:01:31) eta Iraitz Arrospide (1:02:37). Castillejo iritsi eta 11 minutura iritsi da lehen emakumezkoa, Aroa Merino kanariarra (1:11:05), hau ere lehengo urteko txapelduna. Atzetik jarraitu diete Maria Noguerok (1:16:46) eta Dolores Marcosek (1:16:56).
Patinetan atera direnei dagokionez, Nicolas Alonso izanda garaile (39:17); gurpildun aulkian egin dutenetatik Luis Miguel Marqina (37:35) iritsi da lehen; eta, Behobia Gazte, berriz, Izaro Perurenak (17:34) irabazi du.
Gonzalo Fuentes izan da lehen donostiarra 10 minutu eta 15 segundoko denborarekin, 17. postuan iritsi da.
31.000 lagun inguruk eman zuten izena aurtengo Behobia-Donostian, eta Euskal Herritarrez gain asko izan dira Espainiako Estatutik zein bestelako herrialdeetatik korrika egitera hurbildu direnak. Horien artean katalan ugari atera dira esteladak eskutan.