‘Beitu!’ izeneko proiektua aurkeztu berri du ‘Gaztezulo’-k. 14 eta 18 urte bitarteko gazteek komunikabide digitalaren euskarazko edukiak jasoko dituzte hilero mugikorrean.
Lide Ferreira
Gaztezulo aldizkari gisa ezagutu izan da beti, paperezko hilabetekari gisa. Baina jada proiektu komunikatibo oso bat da, eta hainbat adin tarteko gazteentzako proiektuak garatzen ditu. «Gaztaroa gero eta zabalagoa da; beraz, gure egungo publikoa 14 urtetik 34 urtera bitartekoa izan daiteke», azaldu du Gaztezulo-ko zuzendari Zuriñe Maguregik.
Hori kontuan hartuta, Gaztezulo-ko lantaldea ohartu zen 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzako ez zegoela eskaintza nahikorik euskaraz: «Umeak hasten dira Pirritx eta Porrotx jarraitzen; ondoren, Goazen; baina, gero, zer? Ez daukate euskarazko kulturaz ari den inongo eredurik. Ikusi duguna da gaztetxoak mugikorrera itsatsita bizi direla, eta hori izan da oinarri gure proposamen berria garatzeko: Beitu!».
Beste proiektu baten barruan, Gaztezulo inkesta batzuk egiten aritu da azken urteotan, eta horietan jasotako erantzunak giltzarri izan direla dio Maguregik: «Galderetako bat izan da: Zeintzuk dira normalean kontsumitzen dituzun komunikabideak? Bada, gaztetxo gehienek mugikorra aipatu izan dute. Hau da, guretzako tresna bat da, baina nerabeek komunikabidetzat hartzen dute mugikorra. Gainera, bizi dira bi minutuko edukiak kontsumitzen, eta, gehienetan, gazteleraz edo ingelesez. Beraz, pentsatu genuen Gaztezulo-k bazuela nolabaiteko erantzukizuna eta erronka polita: gazte horiei kalitatezko edukiak eskaintzea euskaraz».
Premisa horrekin sortu zen Beitu!, komunikabide digitala eta berritzailea. «Ideia garatzen hasi ginenean, harrikada bat zela pentsatu genuen, baina Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, adibidez, berehala azaldu zuen bere interesa, eta proiektuaren alde egin zuen. Donostia moduko hiriburu batek babesa ematea oso garrantzitsua izan zen guretzat», gogoratu du Maguregik.
Nerabe batzuk, ‘Beitu!’ komunikabide digital berriarekin mugikorrean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Zehazki, hilabetekari bat da Beitu!, nerabeentzako hedabide berri bat da, teknologia berrietara egokitutako plataforma digital bat. Izena ematen duten 14 eta 18 urte bitarteko gazteek mugikorrean jasoko dute hilabetekaria, Whatsapp bitartez. «Eduki ugari jasoko dituzte: elkarrizketa laburrak, ikus-entzunezkoak, albisteak, memeak, sexu eta drogen inguruko kontsultak…», azpimarratu du Maguregik. Izena eman nahi duen orok Instagram bidez egin dezake (@beitu_insta) edo Gaztezulo.eus/beitu webgunean.
Edukiak sortzeko, kolaboratzaile sare bat sortu dute: «Gaztezulo aldizkariak ere baditu kolaboratzaileak, baina hauek desberdinak izango dira. Azken finean, Gaztezulo eta Beitu! bi komunikabide gazte, baina desberdinak dira». Beitu! plataformak, besteak beste, ondorengo kolaboratzaileak ditu: Ane Atxutegi eta Telmo Trenado youtuberrak, Mr. Euskaldun ilustratzailea, Iparra.eus proiektuko Xabi Martin eta Jon Imanol Etxabe sexologoa.
Bestalde, sare sozialen bidez, erabiltzaileek Beitu! osatzeko aukera izango dute, gustuko dituzten edukiak proposatuz. Instagrami esker –@beitu_insta–, jarraitzaileekin harreman zuzena mantenduko dute egunero, euren interesak, iritziak eta zalantzak erantzuteko. Landu duten beste sare sozial bat da Spotify. Bertan sortutako zerrendaren bitartez, euskal musika taldeen aldeko apustua egingo dute.
Gazteek gazteentzako egindako komunikabide bat izanda, talentu bereziren bat duten gazteen bila dabil Beitu!, eta, horretarako, lehiaketa bat jarri du abian urte bukaera arte: «Horixe da helburu nagusietako bat: gazteek eurek sortzea beraientzako izango den hedabide bat».
Kolaboratzaile bila
Ilustratzailea, magoa, gamerra, youtuberra, marrazkilaria, abeslaria, umorista… direna direla, beren abileziak munduari erakutsi nahi dieten gazteek lekua dute Beitu!-n. Parte hartzeko, bideo labur baten bidez, euren zaletasuna kontatu besterik ez dute egin behar, eta beitu@gaztezulo.eus-era bidali: «Badira gazte oso mugituak, oso saltseroak, baina ez dakite non argitaratu euren abileziak. Youtube erabili izan dute askok, eta guk, orain, plataforma berri bat eskaini nahi diegu: Beitu!».
Hilabetekari digitala bigarren ostiralean argitaratuko dute. Azarokoa, baina, gaur zabalduko diete nerabeei: «Aurrerapen gisa esan Ane Atxutegi youtuberrak bere burua aurkeztuko duela, Beitu!-ko jarraitzaileak beitulers gisa bataiatuko dituela eta auto batean grabatutako eszena bat erakutsiko duela. Oso ondo pasatuko dute bere bideoa ikusten».
Oihane Abetemonzon eta German Lekube. (Argazkia: Lide Ferreira)
Oihane Abetemonzon eta German Lekube: «Sentipena dugu guretzako euskarazko edukirik ez dagoela»Euskarari dagokionez, zeintzuk dira zuen ohiturak?German Lekube (G.L.).: Kuadrillan bizpahiru lagunekin hitz egiten dut euskaraz, eta Hendaian bizi diren beste lagun batzuekin ere bai. Baina etxean ez, gurasoak erdaldunak direlako.
Oihane Abetemonzon (O.A.).: Gurasoek ez dakite euskaraz. Eskolan bakarrik hitz egiten dut.
Teknologia berriak eta sare sozialak asko erabiltzen dituzue?G.L.: Telebista, irratia, papera eta horrelakoen ordez, mugikorra erabiltzen dut. Youtuben asko ibiltzen naiz. Gehienetan, kirola eta munduari buruzko bideoak ikusten ditut, ingelesez eta gazteleraz. Euskaraz ez dut oraindik aurkitu interesatzen zaidan youtuberrik.
O.A.: Beti dut mugikorra poltsikoan, eta etengabe ari naiz erabiltzen.Youtuben bizitza osoa pasatzen dut, bereziki, gameplayak ikusten. Baina egia da euskarazko eduki gutxi daudela.
Beraz, euskarazko edukien falta nabaritzen duzue. Beitu! plataformak hutsune hori bete nahi du. Zer deritzozue?G.L.: Sentipena dugu guretzako euskarazko edukirik ez dagoela. Eskolatik kanpo, oso gutxi kontsumitzen dut euskaraz: gehienez ere, pilota partidak ikusten ditut telebistan eta euskarazko musika entzuten dut. Beitu! ideia ona iruditzen zait gure adineko gazteei eduki gehiago eta aproposagoak eskaintzeko.
Prest egongo zinatekete Beitu!-n kolaboratzeko?
O.A.: Bai! Ez dut lotsarik eta antzeztea asko gustatzen zait.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea