Lagunartean elikaduraren inguruko aholkuak ematen hasi ziren Amaia de la Peña eta Izaga Garcia; ingurukoen interesa ikusita, euren enpresa propioa sortzea erabaki zuten: Kukuzu.
Amaia de la Peña eta Izaga Garcia, beraiek egindako bonboi berezi batzuekin, -datilak eta fruitu lehorrak dira osagai nagusiak-. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Elikaduraz kezkatuta, Kukuzu enpresa sortu zuten Amaia de la Peñak eta Izaga Garciak, duela urtebete baino gutxiago. «Biak ikasketaz dietistak gara, formakuntza anitza daukagu, baina ez genuen elkar ezagutzen», azaldu du Garciak. Biak ia batera geratu ziren haurdun eta ama izateak batu egin zituen. Horrela, Egiako Goxatu kafetegian elkartzen hasi ziren, urte berean ama izandako beste lagun batzuekin batera, eta han hasi ziren ingurukoei elikadurari buruzko lehenengo aholkuak ematen. «Goxatun egin genuen lehenengo hitzaldia, era informalean, eta talde handia bildu ginen», gehitu du Garciak. Horrela, pixkanaka, kontua serioago hartzea erabaki zuten, ikusita ikuspuntu bera zutela elikadurari buruz eta jendeari irakasteko moduaz. «Sortu zen sortu behar zuelako, eta abenturan sartu ginen. Ea noraino iristen garen», dio De la Peñak.
Kukuzuren barruan hainbat zerbitzu ematen dituzte: aholkularitza bakarka edo familian, tailerrak, hitzaldiak… Euren ideia oso argi dutela dio De la Peñak: «Gure helburua da ahal den heinean jendearengana iristea gure ezagutza, elikadura bio osasungarriaren inguruan. Ez dugu elikadura kaloriatan neurtzen, gehiago sakondu nahi dugu, eta saiatzen gara elikadura osasungarriaren inguruko teoria sinplifikatzen». Garciak sakonago azaldu du euren filosofia: «Elikaduraren ikuspuntu guztiak jorratu nahi ditugu. Elikagai bat zer den eta zertan datzan, baita elikagai horrek zer ematen digun emozionalki, zer den sukaldera itzultzea, zure erosketek nola eragiten duten… azken batean, garena jaten dugu».
Bi lagunen ustez, elikaduraren industria nahi duena egiten ari da jendartean. «Desmitifikatu behar ditugu gauza pila bat eta kritikoagoak izan behar dugu. Orain, adibidez, prestatzen ari gara etiketak irakurtzen ikasteko hitzaldiak». Azken batean, informazioa eman nahi diote jendeari, bakoitzak zer egin behar duen erabaki dezan. «Janariarekin oso dependienteak gara orokorrean. Asko jaten dugu eta, gainera, behar ez ditugun gauzak jaten ditugu», dio De la Peñak.
Haurtxokoen bidez
Ikusita gaur egun jendeak ez duela sukaldean denbora galdu nahi, errezeta azkarrak eta aldi berean osasungarriak gomendatzen dituztela dio Garciak: «Jende askok uste du osasungarria dela zaila, garestia, ez oso goxoa. Horri buelta ematen diogu, eta ikastaro dibertigarriak antolatzen ditugu».
Edonola, haurrengan pentsatzen dutela bereziki dio Garciak:?«Garrantzia ematen diogu umeen elikadurari eta familietan kontzeptua txertatzeari; umeen inguruan sortu baitzen ideia». Orain ate asko jotzen ari direla diote, eta eskuartean duten proiektu handiena Haurtxokoekin dute. Familiarekin Jolasean programaren barruan, Donostiako Haurtxoko gehienetatik igarotzen ari dira. Momentu honetan, Superudazkena izenpean ari dira doako ikastaroak ematen familiei. «Larunbat goizetan joaten gara eta errezeta bat prestatzen dugu gurasoekin eta haurrekin. Sekulako arrakasta izan dugu orain arte eta oso pozik gaude», dio Garciak. Gainera, De la Peñak gehitu du harrituta geratzen ari direla haurren jarrerarekin: «Umeek jolasean ikasten dute, eta harrituta gaude sukaldean aritzea nola gustatzen zaien ikusita».