"Ibon, zein kirol da egokiena?"
Gustuko duzuna.
– Ibon, zein kirol da egokiena?
– Gustuko duzuna.
Lehenik eta behin aipatu nahiko nuke ekintza fisikoa egitea erabat lehenesten dudala. Beraz, lehenengo helburua egitea bada, har ezazu ondo pasatzeko balio dizun hori.
Zergatik? Batzuok urtarrila iristean, kirol txartela ateratzeko garaian, erabat motibatuta gimnasiora joango garen hautua egiten dugu. Otsailean konturatzen gara ez garela nahi bezainbeste joan. Gauzak osasun ikuspegi batetik egiten baditugu aspertu egingo gara, eta noski, aitzakia mordoa aurkituko ditugu ez joateko: “Amona gaixo jarri da, tripako mina edo euria ari duela…”.
Beraz, egin gustuko duzuna. Ondo pasatzeko helburuarekin, eta bide batez osasunerako onura ekarriko dizuna, eta batez ere, osasunaren ikuspuntua bigarren plano batean egon dadila.
Hau esanda, norberaren beharren eta gaitasunen araberako ekintza egitea iruditzen zait egokiena. Beti oso era mailakatuan. Progresiboki denbora zein intentsitatea handitzen joango gara. Ezin duguna pentsatu, gaur hasita bi hilabetetan ez dakit zein marka egingo dudan ez dakit zein lasterketatan.
Egun, Kilian Jorneten bideo bat ikusi eta bera bezalakoa izatearekin amestea oso ohikoa da. Kolore bitxietako arropa garestia erosi eta hamarkadetan kirolik egin gabe egon garen arren ehunka kilometro korrika egiteko asmoz. Praktika hau ez da batere osasungarria.
Amestea zoragarria da. Amets horiek lortzeko esfortzu eta diziplina osoa mantendu ahal izateak indartsu egiten gaitu. Baina gure gaitasun eta aukeren araberako helburuak jar ditzakegu. Eta noski beti profesionalen eskutan jarririk.
Ekintza fisikoa guztiok egin beharko genukeen zerbait da. Ez dago adinik ezta gaitzik ere ekintza fisikorik ez egiteko. Baina norberaren baldintzen araberako lanketa egin behar da eta zeintzuk diren zure baldintzak prestatzaile fisiko batek edo fisioterapeuta batek esan beharko lizuke.
Behobia egin nahi duen 25 urteko gazte baten edo hamarkadak sofan eserita daraman 80 urteko amonaren beharrak ez dira berak, baina biek ekintza fisikoa egin behar dute.
Egiten duzun ekintza horrek ikuspegi terapeutikoa badu, fisioterapeutaren aholkuak jarrai itzazu. Aldiz, zure ekintza errendimenduaren ikuspegitik egiten baduzu, prestatzaile fisiko baten laguntza eskatzea izango litzateke eraginkorrena. Beti ere esfortzu froga zein froga fisioterapiko bat egin ostean lesio zein gaitz konplexu bat ekiditeko asmoz
Gai hauek aurrerago sakonduko ditut. Beti ere zuen nahien arabera. Horretarako gaiaren inguruan galderak edo kezkak baldin badituzue, jar zaitezte nirekin harremanetan eta gai zehatz horren inguruan hitz egingo dugu. Tarte hau zuena baita.
Gogoratu: gustuko duzun ekintza fisikoa egin behar da, beti ere zure beharren eta aukeren arabera.