Balea Zuria argitaletxea sortu dute Donostian, poesia eta saiakera laburrak plazaratzeko asmoz. Luis Garde idazleak eman dio hasiera bildumari.
Aritz Gorrotxategi da argitaletxeko gazteena, eta beste hiru sortzaileekin konpartitzen du abentura berriaren ilusioa. (Argazkia: I. Esnaola)
Ausartu dira. Lau poeta eta lagunek sortu dute Balea Zuria argitaletxea. Abentura gisara definitu dute hartu duten erabakia. Aritz Gorrotxategi (Gros, 1975) idazle eta itzultzailea da sortzaileetako bat. «Gaur egun, poesia argitaratzen duen argitaletxe bat sortzea ez da normalena. Baina abentura honi hasiera eman diogu», azaldu du Gorrotxategik.
Felipe Juaristi, Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makuso dira argitaletxearen beste hiru sustatzaileak. Hamar urte bete dituzte
Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak antolatzen, eta lauek elkarrekin atera zuten iaz
Muga antologia liburua, El Gallo de Oro argitaletxe txikiarekin. Hain zuzen ere, esperientzia horrek bultzatu ditu lauak editore bihurtzera.
Euskaltzaindiari kasu eginez jarri diote Balea Zuria izena sortu duten elkarte eta argitaletxeari. «Balea hitzak ‘-a’ itsatsia darama. Bale Zuria gehiago gustatzen zitzaigun, baina araua betetzea erabaki dugu», dio Gorrotxategik. Bestalde, Balea Zuriak irudikatzen duen sinboloa oso gustukoa dute. «Berezko indarra du. Moby-Dick nobelari eta Leviatanari erreferentzia egiten dio».
Estetika aldetik ere erakargarria iruditu zitzaien izena, eta «bosgarren kideari» ilustrazio bat egiteko eskatu zioten. «Imanol Larrinaga margolaria alboan izan dugu azken hamar urteetan jardunaldietarako kartelak egiten, eta elkarrekin antolatu genuen erakusketa baterako egin zuen balea baten iruditik abiatuta, logoaren ilustrazioa egiteko eskatu genion», adierazi du Gorrotxategik.
Liburu aproposena
Hasiera guztiak izaten dira bereziak. Horregatik, Balea Zuriaren bildumako lehen liburua Luis Garde iruindarraren
Barbaroak baratzean izatea erabaki zuten. Gorrotxategik azaldu du zergatia: «Buruan hainbat poeta genituen, eta horietako bat zen Garde. Doneztebera joan ginen laurok berarekin hitz egitera. Prest agertu zen hasieratik, eta esku artean lan bat zuela esan zigun».
Garde egungo poeta handienetakoa dela uste du Gorrotxategik. «Zarata handirik ateratzen ez duen horietakoa da. Bere ibilbidea eta kalitatea esanguratsua da. Luxua izan da bilduma bere liburu batekin abiatzea».
Aurten ez dute beste libururik argitaratuko, eta hurrengo urteari begira jarri dira. «Baditugu beste idazle batzuk prest, baina epeak zehaztu gabe ditugu. Gure asmoa da bi edo hiru liburu argitaratzea 2018an», azpimarratu du Gorrotxategik.
Balea Zuriaren hurrengo erreferentzietako bat izango da Donostia Kulturarekin lankidetzan antolatu duten Poesia Lehiaketako irabazlearen liburua. «Argitaletxea sortzean beraiengana jo genuen lehiaketaren ideia aurkezteko. Berehala erantzun ziguten, eta abian jarri genuen», dio Gorrotxategik.
35 urte azpiko idazleei zuzendurikoa da, eta abendura bitarte aurkeztu daitezke lanak modu digitalean. «Zenbait lan jaso ditugu dagoeneko, baina azken txanpan gehiago iristea espero dugu», esan du Gorrotxategik. Epaimahaiko kidea da bera, Itxaro Borda, Eli Tolaretxipi eta Pello Otxotekorekin batera. Irabazleak liburua argitaratzearekin batera Imanol Larrinagaren artelan bat jasoko du.
Hasi berri duten abenturarekin pozik dago Gorrotxategi. «Irakurle zarenean idazle izan nahi duzu, eta idazlea izatean, besteen lanak atera». Bi asmo horiek bete ditu donostiarrak, eta ilusioz aurrera egiteko prest dago.