Bidebieta Institutuko eraikinetako baten sarrera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Bi ikasturte barru, Bidebietako Institutua itxiko duela jakitera eman du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak. Ikasle, guraso eta irakasleak «lur jota» daude.
Hamar egun ere ez dira igaro albistea ezagutu zutenetik. Aurreko asteazkenean –hilak 15–, Bidebietako Institutuko zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko mezu bat jaso zuen: 2019-2020 ikasturtean, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikastetxe publikorik ez da egongo Bidebietan. Itxieraren arrazoia matrikulazio falta dela dio Hezkuntza sailak.
Azken urteotan, Bidebieta Institutuko ikasle gehienak bi ikastetxetatik etorri dira, DBH eta Batxilergoa egiteko: auzoko Mendiolatik (dozena bat ikasle, ikasturtero) eta Trintxerpeko Karmengo Amatik (40 ikasle inguru, ikasturtero). Trintxerpeko ikastetxeak, ordea, eskaintza zabaldu berri du, eta, egun, 2 eta 16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu (lehen, 2 eta 12 urte artekoak).
Matrikulazioak, behera
Juan Carlos Comasek 25 urte baino gehiago daramatza Bidebietako Institutuan lanean, irakasle, eta, orain, zuzendari gisa. Ulertzen du Karmengo Amak egindako apustua, baina horrek Bidebietako Institutuko matrikulazioetan eragin handia izan duela dio: «Egun, 180 ikasle ditugu, eta onartzen dugu urtez urte gero eta gutxiago etorriko direla eta ekonomikoki ez dela errentagarria izango, baina Bidebieta auzoak bere institutu publiko bakarra galtzea izugarrikeria bat da. Denok kolpe latza jaso dugu, oso galduta gaude».
Azken urteotan ikasle kopurua jaistearen beste arrazoi batzuk ere egon daitezkeela uste du zuzendariak. Batetik, institutuaren inguruan dauden hiru itunpeko ikastetxeen indarra; eta, bestetik, Bidebietako Institutuaren eraikinaren egoera: «Eraikinaren itxura ez da batere erakargarria, oso zaharkitua dago; horregatik, hobekuntzak egiteko eskaera luzatu genion Hezkuntza sailari. Diru bat zeukaten horretarako aurreikusia, baina, bat-batean, proiektu hori bertan behera geratu da eta institutua ixtea erabaki dute». Institutuaren itxura kaskarrarekin bat datoz gurasoak. «Matrikulazioek behera egin dute institutua ez delako behar bezala saltzen, eta inguruan ditugun ikastetxeen mailan egon beharko luke», uste du Ivan Lopezek.
Ikastetxeko zuzendaritzak egindako galdera baten ondorioz jaso dute erabakiaren jakinarazpena: «Uztailean mehatxu moduko bat jaso genuen Hezkuntza sailarekin izandako bileran. Esan ziguten, ikasle kopuruak behera egiten zuela ikusita, zaila izango zela eraikina hobetzeko obren gastua defendatzea, eta lehenengo mailak desagertu zitezkeela».
Horrek «ezinegona» eragin zien, eta urrian idatzi bat bidali zioten administrazioari. Bertan, ondorengo galdera egin zioten: Bidebietako auzoan Bigarren Hezkuntza eta Batxilergo publiko bat mantentzeko apustua egiten du administrazioak? Erantzuna aurreko asteazkenean jaso zuten: Bi ikasturte barru, Bidebietako Institutua itxiko dute. «Saiatu gara alternatibaren bat bilatzen, baina administrazioak ez du ezer bideragarria ikusten, esaten du auzoa oso zaharkitua dagoela eta masa kritikoa ez dela nahikoa institutua mantentzeko».
Ikasleetako batzuk, gogotsu institutuan ikasten jarraitzeko. (Argazkia: Lide Ferreira)
Erabaki «hain larria» modu horretan ezagutzeak Comasi ez zaio zentzuzkoa iruditzen, ezta ikasle eta gurasoei ere. «Irakasle batek kontatu zigun albistea, eta hasieran pentsatu genuen txantxa bat zela», gogoratu du Jazmin Bergara ikasleak. Udane Berruezo beste gela batean zegoen, eta beraiei zuzendariak eman zien erabakiaren berri: «Oso urduri zegoela nabaritu nuen, eta itxiko zutela esan zigunean, ikaskide batzuk negarrez hasi ziren».
Guraso gehienak komunikabideen bidez ezagutu zuten Hezkuntza sailaren erabakia. «Ni sutan jarri nintzen, modu horretan jakitea onartezina delako. Itxierak suposatzen du gure gaztetxoak beste auzo batzuetara joan behar izatea eta Bidebieta gazte gabe gelditzea. Garrantzitsua da gazteak hemen geratzea, euren etorkizuna auzoan eraikitzea eta sentimendu bat izatea Bidebietarekiko. Albiste txarra da ikasleentzat, baina baita auzoarentzako ere. Azkenaldian, Bidebietako norbanako eta talde asko ari gara lan handia egiten auzoa indartzeko, baina insitutua ixten bada, izugarrizko porrota izango da auzoarentzat. Uste dugu indar nahikoa dugula erabakia gelditzeko», azaldu du Lopezek.
180 ilusio
Ikasleak ere prest daude Bidebietako Institutuan ikasten jarraitzeko. «Entzun diezaguten gauzak egingo ditugu –orain, adibidez, kamiseta batzuk egin ditugu eta Facebook orrialde bat ireki dugu–. Nahiz eta ezer ez lortu, amaierara arte borrokatuko dugu; 180 ikasleren ilusioa mantendu nahi dugu», adierazi du Haizea Mirandak.
«Denok ezagutzen dugu elkar, oroitzapen oso politak ditugu eta irakasleek izugarri laguntzen gaituzte. Institutuan babestua sentitzen naiz, eta edozer gauza gertatzen bazait, badakit ikaskide edo irakasleekin hitz egin dezakedala. Gainera, ikastetxeak ahalegin berezia egiten du hizkuntzekin», nabarmendu du Enara Riosek.
Irakasleen ahalegina ere azpimarratu du zuzendariak: «Euskaratik salbuetsita dauden ikasle asko ditugu, eta B ereduan egon arren, ikasgai batzuk euskaraz eta gazteleraz ematen dituzte. Ahalegin handia egiten dute nire lankideek ikasle guztien beharrak asetzeko».
Hezkuntza sailaren arabera, ikasle zein institutuko langileak beste ikastetxe batzuetara eramango dituzte. Ikasleak, adibidez, taldean joateko ahalegina egingo dute, eskola berrian bakarrik egon ez daitezen. «Gurasoek eta ikasleek hala nahi badute egingo da hori. Guri orain dagokigu ikasle taldearen kohesioa lantzea, eta ikasleak beraiek prestatzea eta zaintzea beste ikastetxe batean ondo integratu daitezen», esan du Comasek.
Guraso eta ikasleak, halere, ez dute begi onez ikusten taldean joateko ideia. «Ez da erreala. Bakoitzak erabakiko du nora joan: etxetik gertu geratu, publikoan jarraitu [Altza edo Zubiri-Manteo institutuak proposatu ditu jaurlaritzak], itunpeko eskola batera joan… Azkenean, nahi ala ez, banatuko gaituzte eta hori oso gogorra da», amaitu du Mirandak.