Arte Ederren eraikina. (Argazkia: Lide Ferreira)
Negoziazio prozesua aurrera zihoala zirudien, baina gaur udalak ohar baten bidez azaldu du elkarrizketak amaitu dituztela, akordiorik lortu gabe. Orain epaitegien esku geratu da
Arte Ederren eraikinaren etorkizuna, berriz ere bide judizialetik egingo baitute.
Pasa den ekainean bi aldeek ondareari buruzko erreklamazioen inguruko bide judiziala behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zioten epaileari, eraikinaren erabilera eta babesa ahalbidetuko zituen elkarrizketa prozesu bati ekiteko asmoa adostu ondoren. Eraikinaren bizitegi-erabilera eta zinema areto baten sorrera negoziatzen hasi ziren, udalaren aurkako
erreklamazioa kentzearen truke. Hilabeteotan bi aldeek izandako hartu-emanen ondoren, eta balizko akordio bat gauzatzeko beharrezkoak ziren lege aldaketek udalbatzaren gehiengoaren babesa beharko zutenez, eta gehiengo hori gaur gaurkoz bermatuta ez zegoela ikusirik, udal gobernu taldeak negoziazio prozesuarekin aurrera ez jarraitzea erabaki du.
Arte Ederretako eraikinak C mailako Babes Maila dauka Eraikitako Ondare Urbanistikoaren Babeserako Plan Berezian (EOUBPB-n), horrek eraikinaren zenbait elementu babesten ditu.