'Abenduaren 9an, presoen alde, denok Parisera!'
Bakearen artisauek deiturik presoen auzia konponbidean jartzeko abenduaren 9an Parisen egingo den manifestazioari gure atxikimendua adierazteko, Badajozen bahiturik gauden euskal preso politikook gutun hau ahalik eta era publikoenean zabaltzea pentsatu dugu. Ekimen honekiko gure konpromisoaren adierazgarri, abenduaren 8an 24 orduko baraualdia egingo dugu, eta abenduaren 9an bisitaldien greba egingo dugu, ahalik eta jende gehien Parisko hitzordura agertu ahal izateko.
Presoen egoerak berehalako konponbide bat behar du, eta horren adierazlerik gogorrenetakoa da gaixotasun larriak dituzten kideek bizi duten egoera. Espetxe honetan ere badugu horren adibiderik: gure kide Gorka Frailek pairatzen duen minbizia dela eta. Espetxe honetatik kanpora begiratuta, Ibon Iparragirreren kasuak aipamen berezia merezi du. Hiesa diagnostikatuta duelarik defentsa guztiak galdu ditu eta edozein infekziok hil badezakete ere, oraindik preso mantentzen dute. Espetxe politika nolako krudela izatera irits daitekeen ongi baino hobeto ikusi dugu espetxe honetan, pasa den uztailaren 31n gure kide Kepa del Hoyo zenak lau pareta hauen artean bizia galdu zuenean. Tamalez ez zen azkena izan eta berrikiago, azaroaren 17an, azken urteetan bere osasun egoeragatik espetxe arinduan zen Belen Gonzalezek galdu zuen bizia denbora luzez minbiziari aurre egin ondoren.
Salatu nahi dugu gainera espetxe politikaren biktima bakarrak ez garela presoak; gurekin batera sufritzen baitute seme-alabek, bikotekideek, gurasoek, senideek eta lagunek. Astebururo gu ikusteko ehunka kilometro egitera beharturik daude, eta horren ondorioz, urtero hainbat istripuren biktima izan ohi dira. Horietako bat pasa den irailaren 16an gertatu zen, espetxe honetan kide dugun Asier Garciaren bikotekideak istripu gogor bat jasan zuelarik.
Euskal Herria eta presoen askatasunaren alde mobilizatzera deitzen zaituztegu. Guztien ahaleginarekin amaituko dugu sakabanaketarekin eta deserriratzearekin. Guztion ahaleginarekin lortuko dugu bahitu politikorik gabeko Euskal Herria. Larriki gaixo dauden euskal preso politikoak kalera!
Euskal preso politikoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!
Asier Garcia Justo (Altza) eta Mikel Orbegozo Etxarri (Intxaurrondo), Badajozko espetxeko euskal preso politikoen asanbladaren izenean.