Esperientzia «zoragarria»
‘Belarriprest’ eta ‘ahobiziz’ bete dira Altza eta Intxaurrondo, euskaraz bizitzeko erronkari aurre egiteko. Bihar amaiera ekitaldiak egingo dituzte, Herrerako plazan eta Intxaurrondo kultur etxean.
Oraindik ordu batzuk falta dira erronkari amaiera emateko, baina esperientzia «zoragarria» izaten ari dela aitortu dute Altza zein Intxaurrondokoek. Euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohituretan eragiteko, erronka banari –Altza Hadi 21 egun euskaraz eta Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon– hasiera eman zioten duela hiru aste, eta dagoeneko azken txanpan sartu dira. Gaur izango dira parte hartzaileen hirugarren txanda aldaketak, eta bihar egingo dituzte amaiera ekitaldiak, Herrerako plazan eta Intxaurrondo kultur etxean. Datuei erreparatuz gero, Intxaurrondon, 400 ahobizi eta 570 belarriprest baino gehiagok hartu dute parte erronkan. «Esperientziaren helburu gisa 250 ahobizi eta 500 belarriprest lortzea jarri genuen; beraz, gogotik gainditu dugu erronka; gainera, jende mordoa elkartu da lanean aritzeko», esan dute Intxaurrondoko antolatzaileek. Horretaz gain, auzoko mota guztietako 65 saltokitik gora animatu dira esperientzia bizitzera. Altzan, berriz, xedea zen 212 ahobizi eta 515 belarriprest lortzea, eta 400 eta 500 inguru lortu dituzte, hurrenez hurren. «Txapen identifikazioa oso erabilgarria izan dela esan digute; izan ere, orain arte, jende askok ez zuen batzuekin euskaraz egiten, pentsatzen zuelako ez zirela euskaldunak edo gaizki hartuko zutela uste zutelako. Beraz, txapei esker, aurreiritziak desagertzea lortu dugula esan daiteke. Normalean, uste duguna baino jarrera positiboagoa du jendeak euskararekiko», nabarmendu du Josean Abeciak, Altzako antolatzaileetako batek. Mugak gaindituz Intxaurrondoko Bedats de Miguel bat dator Abeciarekin: «Uste baino jende gehiagok eman du izena, eta horrek esan nahi du jendeak euskararekiko kontzientzia baduela. Lehenengo pausoa eman dugu, zailena falta da orain. Nire erronka izan da hizkuntza ohiturak eta joerak aldatzea –uste baino zailagoa izan da–, baina baita erakustea jendeari euskaraz bizi gaitezkeela inongo arazorik gabe. Askotan, mugak jartzen dizkiogu gure buruari, pentsatzen dugulako ez garelako gai. Baina posible da. Gainera, oso polita izan da euskaragatik auzo osoa elkartuta ikustea. Gero eta jende gehiago egon, animoak handitu egiten dira». Talde sentipen hori areagotzeko, komertzioek ere hartu dute parte. Rosi Perez Intxaurrondoko Resan elektrodendako jabea da, eta komertzio gisa parte hartu du: «Bezeroek ezagutzen naute, eta badakite euskara ikasten ari naizela; beraz, helburua izan da hizkuntzari mantentzea, eta saiatzen ari naiz». Miren Saborido Intxaurrondoko Ferrer botikako langilea da eta gogotsu ari da erronkan parte hartzen: «Zergatik ez? Hemen egunero egiten saiatzen gara. Gutxienez agurrak eta horrelakoak. Joan den astean etorri zen bezero bat, berarekin beti gazteleraz egin izan dut, eta bat-batean jakin nuen euskaraz dakiela. Pozgarria izan zen! Nire semeak esaten duen moduan, garrantzitsuena da euskara ez hiltzea, eta, horretarako, hitz egitea ezinbestekoa da». Altzako Jose Angel Apaolaza inguru euskaldunean bizi da, baina bere ekarpena egin nahi izan du, lehenengo txandan parte hartuta: «Etxean zein lanean euskaraz egiteko ohitura daukat, baina hau, batez ere, izan da kaleko erronka bat; normalean euskaraz egiten ez dudan lekuetan hizkuntza mantentzea izan dut helburu. Zailena izan da lagun eta ezagunekin nituen ohiturak aldatzea; behin baino gehiagotan amore eman behar izan dut [barrez]. Halere, erronkarekiko erantzun baikorra izugarria izan da. Guraso talde batek beti gazteleraz egiten zuen, eta, erronkari esker, ohitura aldatzen ari da!». Intxaurrondoko Elena Alberdiri ere kostatu zaio hizkuntza ohiturak aldatzea: «Batzuetan, errazagoa da ezezagunekin euskaraz hitz egitea! Adibidez, lankide berri bat etorri da lanera, eta berarekin praktikatzeko aukera izan dut. Komertzioetan, konturatu naiz denda gehiagotan egin dezakedala euskaraz». Irune Zapirain Herrerako dantza irakaslea da: «Kaletik ibili eta jendeak txapa daramala ikustea pozgarria da; jendeak euskarari bultzada bat eman nahi diola jakitea. Nire erronka izan da gaztelerarako joera ezabatzea, eta, neurri batean, lortu dut. Orain arte, bakoitzak bere konpromisoa hartu du, baina gogoa dut partaide guztiekin elkartzeko, festa handia izango da eta modu oso berezia denak elkarrekin egoteko». Egitarauak ALTZA Ostirala. Altxorraren bila (Auzoan) / Kalejira (Herrerako ikastetxea, 14:30) / Jaialdia (San Luis Goenaga, 14:50). Larunbata. Pailazoak (11:00) / Irakurketa publikoa (12:30) / Altza hasi (San Luis Goenaga, 22:30) / Altzatarock (Larratxo K.E., 21:00). Igandea. Puzgarriak (San Luis Goenaga) / Kantujira (Euskal Giro, 12:30) / Bazkaria (Herrera kirol elkartea, 14:30) / Bingoa (15:30) / Erromeria (17:00) / Elektrotxaranga (San Luis Goenaga, 19:00). INTXAURRONDO Ostirala. Haurrentzako jolasak (17:30) / Baietz 20 egun euskaraz (Intxaurrondo K.E., 19:00) / Gaztaina erreketa eta kaña2kaña (Bernart Etxepare plaza, 19:00). Larunbata. Baietz 20 egun euskaraz egitasmoaren amaiera / Bazkari herrikoia (Intxaurrondo kultur etxea, 13:30) / Euskaraz hitz eta pitz (Haurtxokoa, 17:00) / Euskararen aldeko merendola (Gaztelekua, 18:00).