Kide gehiago lortu nahi ditu Ereski abesbatzak; gizon eta emakumeek osatutako taldea da eta Grosen entseatzen dute, astean bi egunetan, musika maite dutelako.
Ereski abesbatzako lagunak, kontzertu baten atarian. (Argazkia: Ereski)
Ahots berri bila dabil Groseko Ereski abesbatza. Bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik musika ikasketak izatea, baina ikasteko gogoa eta lanerako jarrera beharrezkoak izango direla diote. 2011tik Jon Aizpuru da abesbatzaren zuzendaria, baina hastapenetatik hainbat aldaketa izan dituzte. Egiako Juanjo Garcia eta Antiguako Boni Hernandez koristekin egon gara, eta haiek eman digute koroaren historiaren eta egoeraren berri. Hain zuzen, duela hamahiru urte iritsi ziren bi lagunak abesbatzara, 2004an, abesbatzak iragarki baten bidez egindako deiaren bidez.
1971an jaio zen Ereski abesbatza, Juan Urteagaren zuzendaritzapean. 2015ean izan zen bere jaiotzaren mendeurrena, eta oraindik ere ikusgarriagoa izan zen urtero Donibane Lohizunen egiten dioten omenaldi gisako meza, koristen esanetan. Balmasedakoa zen jaiotzez Urteaga, baina bizi osoa Donostian igaro zuen. Hainbat abesbatzatako zuzendaria izan zen, tartean, Donibane Lohizuneko batzuk. «200 koralista baino gehiago bildu ginen elizan. Donostiatik gu eta Eskolako dantzariak joan ginen», dio Hernandezek.
Urteagaren ondoren, beste hainbat zuzendari izan ditu Ereskik; tartean, Miguel Amantegi. «Maila artistiko eta musikalik onena lortu zuten Amantegirekin. Jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu zuten eta Tolosako abesbatzen lehiaketa irabazi zuten. Europa ere ordezkatu zuten, Estrasburgon, 1985ean, nazioarteko lehiaketa batean», azaldu du Hernandezek. Amantegi Madrilera joan zen 1990ean, eta Juanjo Ocon izan zen hurrengo zuzendari esanguratsuena, Hernandezen ustez: «Zuzendari oso oso onak izan ditugu, eta garai oso oparoak bizi izan ditu abesbatzak».
Nabarmendu du Garciak egungo koristek ez dutela musika ikasketa berezirik: «Gehienok ez dugu musika ezagutza handirik. Gehiago abesten dugu zaletasunagatik, belarriz, memoriaz, gogoagatik, gustuko dugulako…».
Hogeita hamar lagun daude orain, lau ahotsetan banatuta, eta beraientzat ahots bakoitzeko hamar lagun izatea litzateke onena. Garai batean ia 40 izan zirela diote. Bereziki hutsunea gizonen ahotsetan dutela dio Garciak: «Gizon bat etortzen denerako, hiru emakume sartu dira jada. Asko kostatzen da gizonak sartzea, eta beti dago bajaren bat».
Koristak Donostiakoak eta beste herri batzuetakoak dira: Antigua, Aiete, Errenteria, Pasaia, Ordizia… Astean bitan elkartzen dira, astelehenetan eta asteazkenetan, 20:00etan, pare bat orduz. Edonola, begibistan kontzertu bereziren bat badute, entsegu gehiago egiten dituzte. Etxean ere lan egin behar izaten dutela diote, eta horrek jendea atzera bota izan duela.
Agenda zehatz bat izaten dute urteroko kontzertuekin Donostian. Groseko auzo elkartearen bidez, emanaldiak egiten dituzte auzoko San Tomas egunean, San Sebastian egunean eta Santa Agedan, besteak beste. Horretaz, gain, Musika Hamabostaldian ere kantatzen dute, esaterako, eta urtero emanaldi berriak ateratzen zaizkiela diote, eta bidaiaren bat ere egiteko ohitura dutela; 2015ean, esaterako, Txekian egon ziren Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren kontura.
Hirugarren adinarekin ere lan egiten dute, eta une honetan alzheimer gaixoekin dabiltza. «Estimulatu egiten ditugu abesti herrikoiekin, eta on egiten die. Agian ez dute ondoan dutena ezagutzen, baina abesti zaharrak badakizkite eta oso ongi abesten dituzte», dio Hernandezek. Haiei zuzenduta bereziki, kontzertu bat eskainiko dute abenduaren 22an, 17:00etan, Kaiko elizan.
Gregorianistak ere bai
Hiru abesbatzek osatzen dute orain Ereski Kultur Elkartea. Bata ahots nahasiena, betikoa, abeslari bila dabilena, eta sartzeko interesa duenak telefono zenbaki honetara dei dezake: 639 61 89 38. Horretaz gain, bi talde gregorianista dituzte, gizonena eta emakumeena, bakoitzak hogei bat lagun ditu eta Jokin Otamendi da bietako zuzendaria. Ereskikoek diote duela hiru urte, bat-batean emakume pila batek eman zuten izena, eta oso pozik dabiltzala ordutik.