Izarne Zelaia: 'Azala zeharkatzen'
Euskararen Nazioarteko Egunaren ondorenetan eta Durangoko Azoka bete-bete egongo den honetan, institutuan ikasle ditudan gazteekin gogoratu naiz. Beste institutu edo eskola askotan bezala, gurean ere euskararen eguna ospatu da eta, aurtengoan kale egin dugun arren, orain arte Durangoko Azokara ere bisita egin izan dute gure taldeek. Aipatu ditudan gazteok, erdal inguruan bizi dira eta gehienek ez dute aisialdian ekintzarik euskaraz egiten. Gainera, euren auzoan euskara gutxitxo entzuten dute, entzungo badute. Euskalgintzan gabiltzanon animoaren mesedetan, Euskararen eguneko jaiak eurentzat zer esanahi duen kontatzen ez naiz hasiko. Durangoko azokara ikasle taldeekin egiten diren txangoei dagokienez, gutxienez, errealitate paralelo bat badela ikusarazteko balio dutela pentsatu nahi dut. Irakasleoi baitagokigu gazte horiei erakustea (euskaltzaleei jendarteari erakustea dagokigun bezala) erdal eremuaz gain beste errealitate bat ere badela, eta gaztelera euren sentitzen duten moduan, beste askok euskara sentitzen dugula geure.
Baina erakustearekin ez dugu nahiko. Ez dira euskarara etorriko ikusi hutsarekin. Esperientziak lehen pertsonan bizitzea da beharrezkoa, emozioak, tatuatzeko orratzeko tinta nola, norbere azala zeharkatzen sentitzea. Euskaraz bizitzeko esparruak eskaintzea ere badagokigu, beraz.
Pasa den hilabetean hogeita sei ikaslek eta bi irakaslek txangoa egin genuen Hondarribiko Euskal Girotze Barnetegira. Bertan pasatako lau egunetan, ikasleak hobeto ezagutzeko aukera izan nuen. Eta haiek ni ezagutzekoa. Gauez lokar zitezen, istorioak kontatzen edo sehaska kantak kantatzen aritzen nintzaien. Eta aizue, primeran funtzionatu zuen! Jakin nahiko nuke zenbatetan entzun ote duten euskarazko testu bat surflaria olatuaren zain egoten den bezain adi eta aldi berean patxadatsu, eta zenbatetan gozatu duten halako momentu batekin. Horixe bera izan zen barnetegiak eskaini ziena: euskararekiko harreman goxo bat, lau egunean zehar lotarako ez ezik, jolaserako, zirikarako eta barre egiteko balio izan ziena.
Irteeratik itzuli eta egunetara, oraindik institutuko korridoreetan kantu batekin zirikatzen naute: gure taldearekin dinamika ezberdinak egin zituzten barnetegiko bi irakaslek irakatsitakoa da, oraindik ahotan darabiltena. Kontraesana irudituko zaizue agian, baina a zer poza hartzen dudan zirikatzen nauten bakoitzean.