Markel Ormazabal: 'Kale Nagusia eta Abuztuaren 31 karrikaren kantoian'
Mikel Laboak kantatu zigun Bertolt Brechtek kontatutakoa. Broadway eta 26 karrikaren kantoian, negu gorrian, gizon batek gauero jendeari otoi eskatzen aterbea bilatzen omen zuen biluzik zirenentzat. Abenduaren lehenarekin eman zuen azken hatsa Antiguako musikagileak, orain bederatzi urte. Egunotan bezala zuriz tindaturik ziren paisaiak berdin ordukoan, hotzak hartuak zituen gure bazterrak. Negu gorrian. Ez da, baina, gehiago aterberik faltako Donostian.
Izan ere, elur azpian denbora gelditu egiten dela irudi arren, bere-berea du aldaketa elurrak, eta urteotan itsasoa izotz uzteko moduko aldaketak izan dira. Areago, beste aldaketa baten berri ematen zuen azken notiziak paisaia elurtua zekarren argazkian: Miramar Jauregiarentzako erabilera berriak erabakitzen ari direla bertan hotel bat egitea proposatu dute.
Hostoak erortzean habiak agertzen direla dio udazkeneko atsotitzak. Ez zen uda amaitu eta jakin genuen hogeitik gora hotel eraikiko dituztela Donostian datozen bi urteetan. Albisteak, eta turismoak oro har, donostiarrengan sortu ezinegonarekin adikor agertu ziren zenbait handi-mandi orduan; hostoen pare erortzen zaie orduko planta orain, elurra bezain zuri zurikeria. Udazkenak egiazko kezkak agertu ditu, habiak, hotelak alegia, gehiago eta gehiago eraikitzea dute ardura bakar.
Ez, ez da gehiago aterberik faltako Donostian. Tematu dira horretan handi-mandiak, nahiz eta goikoz behera ulertu dituzten Bretchen irakaspenak. Aterbean haize hotzik ez eta, bertan paratu dira hotelak, goxo-eroso. Eliz eta komentu (San Bartolome eta San Martin), museo eta kultur areto (Tabakalera eta Bellas Artes) edo palazio (eta orain baita Miramar ere), ezein aterbe daiteke egoki horretarako Donostian. Bada gehiago. Illunbeko zezen plazak hotela izan dezake bizilagun, eta berdin Santa Klara uharteko itsasargiak.
Bizkitartean, elurra karrikan ari da. “Negu elurte, uda ogite” eta gisako esaera zaharrek oparotasunaren aurrekari agertzen dute elurra. Aitzitik, hotza ez da guztiontzat hotz bera, ez eta berbera neguaren luzera. “Elurra, zuria delarik, beltza da”, hotzez, biluzik direnentzat. Elurra kalean ari da, eta Gipuzkoako hoteletako langileak borrokan dira hitzarmen duin baten alde eta kanpo-azpi-kontratazioaren nahiz prekarietatearen aurka. Elurra kalean ari da, eta zortzi donostiar auzipetu egin dituzte turismo ereduaren aurka protesta egiteagatik. Elurra kalean ari eta “abenduko elurrak hortzak luzeak ditu”.
Egoera ez okertzea espero du alkateak, ez baitaki egoera hobetzeko gai izango ote den, eta gorputza dar-dar batean jarri zait. Hotz, izotz. Nork bere auzoan bizi nahi duela badaki alkateak, “baina oso zaila da hori”, eta elurra mara-mara ari da nire baitan, hotz, izotz eta dar-dar. Baina kontatu didate, Parte Zaharrean, Abuztuaren 31 eta Kale Nagusiaren kantoian, uztailetik negu gorrira, gazte batzuek egunero jendeari otoi eskatu beharrik gabe aterbea aldarrikatzen dutela biluzik direnentzat. Ez New York, Donostia baizik, eta hotel gehiagorik ez. Eta dantza hotzaren aurre egiteko. Biba zuek.