Mito bihurtu den arrantzalea
Iaz bete ziren 150 urte Jose Mari Zubia ‘Mari’ hil zela. Orain, bere bizitza eta bizipenak jasotzen dituen liburu bat argitaratu dute Javier Carballo (Tenerife, 1942) eta Xabier Alberdik (Zarautz, 1969).
“Urrikaldunak salbatu nayaz eman zenduben biziya, ta gaur daukazu, goitalchatuaz obiz itsaso aundiya: ¡Lo egin zazu baga zoñuaz… O gizon maitagarriya! onraturikan zure gloriyaz Donostia ta Kantabriya”. Hala dio Jose Maria Zubia Mari marinelaren omenez kaian jarritako plakan ageri den Antonio Arzaken bertsoak; gainean Mariren bustoa ageri da.
150 urte bete ziren iaz hiriko itsas gizonik ezagunenetakoa hil zela. Orain, haren bizitza eta bizipenak jasotzeko asmoz liburu bat argiratu dute Javier Carballok eta Xabier Alberdik; abenduaren 19an aurkeztuko dute, Zumaian. Aurretik hainbat ikerketetan parte hartutako zumaiarra da Carballo, eta itsas historialaria da Alberdi.
Pertsona mito bihurtu da urteen poderioz, eta, horregatik, “epikak eta handikeriak” alboratu eta Mari izan zen horren historia «zehatz eta argi» kontatu nahi izan dute.
“Zumaiarra zen jaiotzez Mari eta badakigu ontzi baten jabea zela, aurretik haren aita izan zen moduan”, azaldu du Alberdik. Garai horietan, atoi lanetan aritzen zela azaldu dute: “Atoi ontzia txalupa txiki bat da, eta beladun itsasontziei portura sartzen laguntzen die”. Alberdik uste du garai horietan ikasi zuela Marik itsaso zakarretan ibiltzen: “Garai horietan egoera arriskutsuetan ibiltzeko gaitasuna garatu zuen, hori izan zen bere eskola”.
Zumaiako lehen aztarnen ondoren Donostian ageri dira bere hurrengo urratsak. Hala ere, Carballok azaldu du posible dela tarte horretan Ameriketan ibili izana: “Jendeak Ameriketan ibili zela esan ohi du”. Posible dela diote, izan ere, garai horietan arrantzale asko joaten omen ziren; dena den, ez dute halakorik frogatzen duen inongo dokumentaziorik aurkitu.
Donostian aurkitu dituzte, beraz, hurrengo aztarnak: “Donostian ageri zaigu traineru baten nagusia zela. Traineruak garai haietan antxoak eta sardinak harrapatzen ibiltzen ziren gehienbat”. Garai horietan gertatu zen bere lehenengo erreskate entzutetsua, 1861an: “Udarako galerna batek harrapatu zuen Donostiako itsasontzi bat eta Urgulleko haitzetan harrapatuta geratu zen”. Orduan, Mari beste bederatzi gizonekin batera atera zen “itsaso zakarrean” harrapatuta zeudenak erreskatatzeko asmoz; eta horietako asko erreskatatu zituen.
Marinel bat baino gehiago
Carballok uste du garrantzitsua dela ohartzea ez dela berdina itsasoan egon eta arriskuan dauden batzuei laguntzea, edo espresuki erreskatatzera itsasora ateratzea: “Lehenengoa edonork egin dezake, baina bigarrengo hori jende bereziak bakarrik egiten du”.
Dena den, azaldu du beti Mari omendu eta goraipatu izan bada ere, erreskatean berarekin parte hartu zuten bederatzien izenak aurkitzea lortu duela Alberdik: “Bederatzi gizon horiek ikaragarri fidatu behar ziren Marirekin halako zerbait egiteko”.
Bestalde, liburuaren egileek azaldu dute gertakari hura udaran izateak ere baldintzatu zuela: “Madrildar turista aberats ugari zeuden orduan Donostian eta Mari hemendik kanpo ere ezaguna egin zen”. Lehenengo erreskate horren ondoren itsasoan hildako marinelen alargunei eta Mariri omenaldia egin zieten Antzoki Zaharrean.
Handik bost urtera bihurtu zen pertsona “mito”, Mariren bigarren erreskatearekin batera. Getariako bi itsasontzi bisigutan zebiltzala ekaitza etorri zen eta salbatzeko ikusi zuten aukera bakarra Pasaiako eta Donostiako sarbideetara joatea izan zen. Biak ala biak hondoratu egin ziren. “Mari berriro atera zen portutik bere tripulazioa hartuta baina oraingo honetan ez zuen jendea erreskatatzea lortu eta hil egin zen”. Dena den, azaldu dute badagoela historian ageri ez den beste pertsonaia bat ere. Mariren tripulazioa estuasunetan zegoela portutik beste itsasontzi bat atera zen: El Holandes. Mari eta harekin joandakoak erreskatatzen ahalegindu zen; gainerakoak ateratzea lortu zuten baina Mari ez. “Kuriosoa da nola, adibidez, haien inguruan ez dakigun ezer”, azaldu du Carballok.
Bestalde, Mariren bizitza gogorra azpimarratu dute egileek: Erreskate eta erreskate artean galdu zituen 15 urteko alaba eta emaztea. “Kolerarekin hil zen alaba eta handik urte gutxira hil zitzaion emaztea; bakarrik zegoen”.