Odile Arrieta: 'Errai ehizatuen balada'
Ikasleak kafe makinako kafetxorako prest zirela Radio Euskadi-ko kazetaria agertu zen euskaltegira, euskararen eguna zela-eta elkarrizketa bila. Gela arteko pasiloan, besteon babesean, mikrofonoari erantzun zion ikasle batek baino gehiagok. Gure hizkuntza ikasteko arrazoi nagusiak lan aukera eta integrazioa zirela borobildu zuen kazetariak, horretarako, baina, elkarrizketatuek esana moldatu zuen; izan ere, ikasleek lana aipatu zuten arrazoietako bat bezala, ez lan aukera.
Nire iruditeria pozoinduak kazetariaren azpijokoa susmatu zuen. Titularra asmatu nuen: “la mayoria de la gente aprende euskera para buscar trabajo” [Gehienek lana bilatzeko ikasten dute euskara]. Amorruak eraman ninduen ikasleei galdetzera: zer esan nahi zenuten lana aipatzean? Haien goxotasunak eman zidan danbatekotxoa: Zein izango da, bada, lanean euskaraz mintzo diren horiekin komunikatzea ez bada? Tuntuna ni, eta ziur kazetaria ere.
Hizkuntzaren politika biziatuta dagoenean kapazak gara biziraute hutsalari ekiteko. Orduantxe, iraunkortasunaren izenean, euskara edozein preziotara sal daiteke. Gutxienez esanez hasitako iritziak. Gutxien espero duzunean inork sinistuak.
Euskara zaindu baino harekin dugun harremana da berreraiki beharrekoa, jakintzaren komunikazio tresna izaki, izatearen ispilu baita. Hizkuntza eta nortasunaren arteko pasabide ezkutu honek badu musika propiorik. Historia hegemonikoan irabazleek galtzaileei oparitutako doinua: errai ehizatuen balada.
Zenbat aldiz baladarekin dantza? Pozoi latza. Batzuk sorgin ehizaz ari ginen Silvia Federici feminizidioaz ari zela jakin arte. Zenaren ezmemoria. Euskara al da territorio libre bakarra? Nahiago dut erraien deskolonizaziorako dimentsiotzat ulertu: hats askeen desiran, zirrara.