Eraikuntzan lan baldintza duinak egon daitezen eskatu eta hitzarmena ez dela betetzen ari gogora ekarri dute.
Agerraldia egin dute Anoetan. (Argazkia: LAB)
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, azken egunotan, bi salaketa aurkeztu ditu: lehena, Anoetako estadioan egiten ari diren lanak direla eta, “legez kontra, laga direlako langileak”; eta, bigarrena, Zubietako errauste plantaren lanei dagokienez, hitzarmena ez delako betetzen ari.
LABek egiaztatu ahal izan duenez, Administrazioaren menpe dauden aipatutako lanetan hainbat irregulartasun gertatzen ari dira. “Adibidez, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenak agintzen duenaren azpitik ordaintzen dira soldatak, edo bestela, eraikuntza hitzarmenak baimentzen dituen lanaldiak baino askoz ere handiagoak betetzen ari dira”.
Salaketa horiek oinarri bera dutela azaldu du sindikatuak: “Gipuzkoako hitzarmena ez da betetzen. Gipuzkoako eraikuntza sektorea inpunitate-gune bihurtu da enpresarientzat. Hainbat eta hainbat azpikontratazioen bidez, hitzarmen kolektiboa behin eta berriz ez dute aplikatzen. Hau ez da kasualitatez gertatzen, administrazioen utzikeriak eraginda baizik”.
“Esplotazioarekin bukatzeko akordioa”
LABen ustez, borondate politikorik balego eraikuntzako sektorean, baldintza duinak berma litezke. Sindikatuak alternatibak eta “esplotazioarekin bukatzeko akordioa” adosteko eskaintza egin du. Ondorengoak dira akordio horren ideia nagusiak:
– Herri lanen esleipenean, obraren kostea lehenetsi beharrean, lanak epean, kalitatez eta lan baldintzak beteko direla bermatuz lehenesteko konpromisoa.
– Kontratazioaren eta azpikontratazioaren kate osoan lan baldintzak betetzeko bermea. Ezarri beharreko gutxieneko baldintza herrialdeko hitzarmena izango da eta azpikontratazio kate osoan eta lan baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ardura enpresa esleipendunari eta azpikontrata guztiei dagokie. Kontrol honetarako LABek hainbat neurri zehatzak planteatzen ditu, adibidez, obretan erlojuak jarri lanera sartzerakoan eta lanetik irteterakoan langileak fitxatzeko.
– Lan-baldintzak eta lan osasuneko baldintzak betetzen ez dituzten enpresen erregistroa sortzea. Zuzenean edo zeharka, herri lanetan zein lan pribatuetan baldintza horiek betetzen ez dituen enpresa oro agertuko litzateke aipatu erregistroan, eta ez litzateke kontratatuko inongo herri lanetarako hurrengo lau urtetan. Une berean, baldintzak errespetatzen dituenari edota bere langileekin aritzen denari lehentasuna emango zaio.
Proposamen horiek helaraziko dizkiete herri lan horien sustatzaileei. Horretarako, Donostiako udaletxea zein Gipuzkoako diputazioari bilera bana eskatuko diete. Alderdi politiko guztiei ere obra horien egoeraren berri emango diete.
Eraikuntzako hitzarmen berria
Horren harira, egun indarrean dagoen eraikuntzako hitzarmena aplikatzea ez da nahikoa LABentzat. Sektoreko langileen eros ahalmena berreskuratuko duen eraikuntza hitzarmena berritzearen alde agertu da sindikatua, “sektorean ematen diren lan baldintzak, gaur egun, 2009. urtean zeudenak baino txarragoak direlako”.
Obren hazkundeak langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berria eskatu du ere bai: “Enpresarien diruzalekeriarekin amaitu eta aberastasuna banatu behar da. LAB borrokatuko da errealitate berri hori artikula dadin”.