(Argazkia: I. Esnaola)
Hasiberria eta eskarmentuduna. Jon Insausti (Parte Zaharra, 1989) da udaleko zinegotzi gazteena, eta Jose Luis Arrue (Gros, 1951), berriz, zaharrena. Parez pare jarri dira, eta solasaldi atsegina izan dute.
Jon Insausti eta Jose Luis Arrue; EAJko eta PPko udal zinegotziak
Legealdiaren zein balorazio egiten duzue?
Jon Insausti: Alderdiaren izenean hitz egingo dut. Orokorrean eta hiria bere osotasunean hartuta, balantzea positiboa da. Hiriak martxan jarraitzen du, erritmo normal batean. Erronkak genituen eta horietako batzuk bideratu ditugu. Hori bai, gehiengoa izatea lagungarria ari da izaten. Eguneroko kudeaketa errazten du eta orekatuagoa da arduren banaketa. Hiriaren paradigma nabarmen aldatu da, eta egokitzen jakin dugula uste dut. Hiritarren bizi kalitatea mantendu eta behar dutenei laguntzea dugu helburu.
Jose Luis Arrue: Bi hausnarketa plazaratu nahi ditut. Batetik, udaleko giroa hobea eta lasaiagoa da, aurreko legealdiarekin alderatuta. Bestetik, ona da udalaren funtzionamendurako gehiengo bat egotea dituzten proposamenak aurrera eramateko. Dena dela, udal gobernua erosoegi sentitzen da duen gehiengoarekin, eta kezkagarriak diren hainbat jarrera erakusten hasi da. Gehiengoa dutenez kosta egiten zaie beste udal taldeekin konpartitzea lantzen ari direna. Askotan prentsaren bidez izaten dugu asmoen berri. Nire ustez, udal gobernua irabazten aterako litzateke gurekin gehiago kontatuko balu.
Udal gobernuaren kudeaketa zer iruditzen zaizue?
Arrue: Gehiago egin daitekeela uste dut. Udal gobernuak egoera ekonomiko onarekin egin du topo. 450 milioi euroko aurrekontuarekin gauza gehiago egin daitezke. Udal gobernuak errekurtsoak ditu, baina kudeaketa arazo bat du. Nolanahi ere, gehiengoa dutenez, eroso daude. 16 zinegotzi izan beharrean 13 balira istorioa beste bat izango litzateke. Horrez gain, agerian geratu da udal gobernuko bi alderdien artean desadostasunak areagotu direla azkenaldian.
Insausti: Errealitatea testuinguruan jarri behar da. 2015ean itzuli zen alkatetzara EAJ urte askoren ondoren, eta hori detaile garrantzitsua da. Bestalde, etxe hau oso motel mugitzen da eta hori udaletxearen izaera kronikoa da.
Gure kudeaketak argi-ilunak izango ditu eta kritikagarria izan daiteke, baina asmatzen ari garela uste dut. Astiñeneko zubiaren eta Altzako kiroldegiaren arazoak konponduko dira, oztopoak oztopo. Bestalde, Txomin Enea eta Anoetako birmoldaketa abian jarri dira.
Gobernu akordioari dagokionez, sozialistekin hiri hitzarmena sinatu genuen. Hori betetzea dugu helburu. Baina egia da ere, hiria bizirik dagoela eta afera berriak sortzen direla programan ez daudenak. Esaterako, Arte Ederretako eraikina, Miramar jauregia eta zezenketen kontsulta. Horrelakoetan argi geratu da alderdi bakoitzak bere iritzia duela.
Udal gobernutik bada borondaterik udal taldeekin lanean aritzeko?
Insausti: Nik uste dut normaltasunez lan egiten dela, eta hitz egiten dugula. Udal gobernuak gehiengoa dauka, eta horrek erosotasuna ematen du, bai, baina hitz egiteko aukerak daude. Ateak ez daude itxita. Guk ere gure programa dugu, baina ez dut uste hitza ukatzen denik.
Arrue: Insaustiri entzunda nabari da gaztea dela, eta ilusio asko duela. Baikorra da oso ikuspegiari dagokionez, zintzotasuna du. Joango da ikasten.
Donostiak zein proiektu abiatu beharko luke legealdia bukatu baino lehen?
Arrue: Asko dira denak zerrendatzeko. Barrutien gaiarekin ez dute medailarik jantziko. Aurreko legealditik abian egon behar zuten hiriko barrutiek, eta ez dira gai izan bi urte luzetan gutxienez Ekialdekoa abiatzeko.
Sagueseko urbanizazio prozesua ere aipatu daiteke, Iztuetako proiektua, Haizearen Orraziaren pasabidea, eta bereziki, Miramar jauregiaren kasua. Eneko Goia alkatea kezkatua dago Miramarren sor daitekeen defizitarekin. Arazorik ez, ordea, 140 mila euro gastatzeko Goazen kanpainan. Ez zaigu gaizki iruditzen, baina gero ezin da esan baliabiderik ez dagoenik. Horrekin batera, horren zaila da Eusko Jaurlaritzak Miramarren jarraitu ahal izatea? Agian badoaz, eta ez dugu ulertzen jeltzaleen jarrera.
Insausti: Ados nago barrutiei dagokienez. Gure helburua da legealdi honetan Ekialdekoa abian jartzea, ideia horrekin joan ginen hauteskundeetara. Baina ez da behar besteko esfortzurik egin, ez gara fin ibili. Beteko ez dugun konpromiso bat da, eta gaia konplexua izanik, ez dugu asmatu hori ere komunikatzen.
Miramar jauregiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa aipatu da. Ez dut konpartitzen. Jaurlaritza herri eta hiri guztietan dago. Hemen egingo den inbertsio potoloena topo igarobidearena da, eta 200 milioi euro jarriko ditu jaurlaritzak. Hori ez bada konpromisoa… Loiola, Txomin eta Martutene berritzeko esfortzua ere hor dago.
Udal batzarretan bi multzo bereizten dira. Udal gobernua, eta beste udal taldeak.
Arrue: Hori horrela izan daiteke bai, baina agerian geratzen den gauza esanguratsuena da behar baino gehiago luzatzen direla. Errespetuarekin diot, baina hausnarketa bat merezi du. Araudia egokitu behar da udal batzarren eraginkortasuna posible egiteko. Horren ardura udal gobernuak dauka, beraiek dituzte hamasei zinegotzi eta 2.300 langile pasa beraien zerbitzura, baina guri eskatzen digute proposamenak aurkezteko.
Insausti: Udal talde guztiek azalpenak emateko lekua da udal batzarra. Halere, askotan neurriz kanpokoa izaten da eramaten den mozio kopurua, eta bakoitzaren inguruan egiten diren azalpenak. Batzordeetan gai asko jorratzen dira eta galderei erantzun teknikoa ematen zaie. Horietako asko gerora udal batzarrera iristen dira, eta neurri batean ulergarria iruditzen zait. Izan ere, bakoitzak bere profil politikoa markatu behar du. Nolanahi ere, begira gabiltza udal batzarra eramangarriagoa egiteko.
Arrue: Ematen dugun irudia ez da onena. Askotan, mozioak eramaten dira erantzunik jasotzen ez dutenak. Beste asko irakurtzen dira, eta besterik ez. Ez da gutxietsi behar udal gobernuan ez dauden alderdien lana, baina dena neurri batekin.
Insausti: Azpimarratu behar da udal taldeek zinegotzi kopuru desberdina dutela. Zenbat eta gutxiago izan, mozio guztiei erantzuteko lan gehiago egin behar dute udal taldeek. Adibidez, 30 mozio aurkezten badira, guztien erantzunak eta posizioa definitzea lan nekeza da bi edo hiru zinegotzi dituen talde batentzako.
Horrez gain, kontu bat aipatu nahi nuke. Batzordeetan alderdiek duten tonua eta udal batzarretakoa desberdina da. Jauzi bat ematen da, telebistaz eskaintzen delako. Joko politikoa da hori, eta denok egiten dugu.
Nola ikusten duzue Donostia?
Arrue: Zoragarri ikusten dut, eta luxuzkoa da hiri honetan bizitzea. Horrela ere, bi kezka nagusi ditut. Lehenik, hiria zahartzen ari da. Aukera moduan ikusten dut, eta ez arazo gisara. Donostiarren bizi kalitatea mantentzen ahalegindu behar gara. Bigarrenik, gazteen egoera aipatuko nuke. Tristea da gazteek kanpora joan behar izatea, eta hemen etxebizitza zein proiekturik ez izatea. Arazo serioa da. Ikusten ari gara ere bikoteek ez dutela seme-alabarik izaten, eta familia nukleo garrantzitsua da hiriarentzako. Azkenik, turismoaren aurrean izan beharreko jarrera orekatua izan behar da.
Insausti: Arrueren analisia konpartitzen dut. Paradigma ekonomiko, sozial eta kulturala aldatu da. Familia eredua ere aldatu egin da. Hiria ere martxa horretan dago. Ez da duela hamar edo hogei urteko hiria, eta horri aurre egin behar zaio. Gaztea naizen aldetik nire ikuspegi propiotik hitz egin dezaket. Sekula ez zait ezer falta izan. Gaur egun, ordea, nire proiektu propioa garatzeko oztopoak ditut. Etxebizitza politika egokiak egitea da erronka nagusienetakoa gazteak gurean geratu ahal izateko.
Maila pertsonaletik ere beste gauza bat esan nahi nuke. Zinegotzia naiz eta lasai jardun dezaket. Baina nire aurretik pasa diren askok adore ikaragarria izan zuten udalean sartzerakoan. Herri honetan oso garai zailak bizi izan ditugu. Zinegotzi batzuek asko sufritu dute iraganean, bizitza galtzeraino.
Arrue: Garai zailak bizi izandakoa naiz, bai. Orain lasai gaudela, familiak esan dit gaizki pasa zutela urte batzuetan. Pozgarria da Insaustiren hitzak entzutea.
Arrue, zer aholkatuko zenioke Insaustiri?
Arrue: Ez zaitez aldatu, izaerari dagokionez. Halere, zure alderdiarekin autokritikoagoa izan beharko zenuke.
Insausti, zer esango zenioke Arrueri?
Insausti: Lehen aldiz topo egin genuen eguna udal batzarra eratzerakoan izan zen. Bioi egokitu zitzaigun botoak kontatzea mahaia osatzeko, helduenari eta gazteenari. Arrue oso atsegina izan zen nirekin; galdua nengoen iritsi berria nintzelako. Gure artean dugun harremana oso zintzoa eta ona da.
Bi zinegotziek hainbat lotura dituzte, akademikoki eta lan esperientziari dagokionean.