Mari Domingi eta Olentzerori ongietorria emango diete Antiguan
Larunbatean, abenduak 23, izango da hitzordua, 19:00etan, auzoko Pio Baroja parkean.
Gabonak iristear dira, eta Antiguan Olentzero eta Mari Domingiri harrera berezia egingo diete larunbatean, hilak 23, 19:00etan. Pio Baroja parketik abiatuta, Matia kaletik igaroko dira pertsonaiak eta Benta Berri plazan amaituko dute ibilbidea.. Musika eta dantzaz girotutako kalejira izango da, eta ibilbidean zehar IRUTXULOKO HITZAko goxokiak banatuko dituzte. Bukatzeko, haur, gazte zein helduek Olentzero eta Mari Domingi agurtu eta gutuna emateko tartea izango dute.
23 urte igaro dira Bagera Elkarteak, Antiguako beste eragile batzuekin batera, festa berezi hau antolatzen hasi zenetik. Aurten, ordea, lekukoa hartu du Antiguako Mari Domingi eta Olentzeroren batzordeak (Antiguotarrak Euskal Dantza Taldea, Auskalo Aisialdi taldea eta auzotarrak edo norbanakoak), eta beraiek arduratu dira aurtengo jaia prestatzeaz.