Amiantoz kutsatutako lurren eremua jada mugatu egin dutela esan du udalak, bizilagunekin Tomasene kultur etxean egindako bilera irekian.
Bilera jendetsua izan zen atzokoa. (Argazkia: Altza osasuntsuagoaren aldeko plataforma)
Altzako kiroldegia eta kutsatutako lurren inguruan informazioa eskaintzeko helburuarekin, bilera irekia egin zuten atzo, Tomasene Kultur Etxean, interesatuta egon zitezkeen herritar guztiei irekia. Donostiako Alkate Eneko Goiak hartu zuen parte bileran, eta Altza Osasuntsuagoaren aldeko plataformako kideak ez ezik, bizilagun ugari bertaratu ziren.
Aurreko astean,
plataformak jada jakinarazi zituen udalari egingo zizkion galderak, eta horiexek erantzun zituzten atzo.
Kiroldegiari dagokionez, eraikin berria egiteko
30 hilabete beharko zirela azaldu zuten; hortaz,
2020ko udan amaitzea aurreikusten dute. Momentuz, ordea, udalak
ez du zehaztu noiz hasiko diren lehen faseko lan horiek, ezta bigarren fasekoak ere –kanpoko igerilekuak–; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren behin betiko baimenaren zain daude, eta hori eduki arte, ezin dute obrekin hasi. Halere, espero dute aurki izatea.
Bitartean,
kiroldegi alternatibo bat dago abian irailetik –Eraikuntza Eskola zena–. Horretarako, udalak milioi bat euroko inbertsioa egin du. Bileran zeudenek galdetu zioten alkateari ea herriaren esku geratuko zen eraikina – orain, Kutxarena baita–. Udalak erantzun zuen
eraikina publikoa izatea nahi dutela, interesa dutela, baina ez kiroldegi gisa. Beraz, aurrerago hartuko dutela erabakia.
Laguntza konpentsatzaileak
Plataformak aldaketa eta atzerapenen harira, laguntza konpentsatzaileak eskatu zituen: besteak beste, baja eman zuten erabiltzaileen sarrera kuota berriro ez ordaindu behar izatea eta kiroldegi alternatiboraino iristeko autobuserako laguntzak laguntzak izatea. Bigarrena ez, baina lehenengoa onartu du udalak, eta
kiroldegiko erabiltzaileek ez dute berriro sarrera kuotarik ordaindu beharko.
Amiantoz kutsatutako lurrei erreparatuz, udalak ziurtatu du
jada eremua mugatua dagoela, eta hori guztia
estaltzeko proiektua badagoela.
Zortzi hilabeteko lanak izango dira, baina
ez dakite noiz hasiko diren. Asmoa da metro bat lur botatzeko eremu horien gainean, eta iragarri zuten landatuko dituztela zuhaixka batzuk. Hala,
eremu hori espazio berde gisa geratuko litzateke.
Haurren segurtasuna
Kanpoko igerilekuak egin bitartean, bertaratutakoak
kezka bat erakutsi zuten: “Egun, Tomasene kultur etxetik eskolara joateko bide bat dago. Kanpoko igerileku horiekin desagertuko da. Nondik iritsi ahalko dira gure haurrak?”. Bizilagunek jakin nahi zuten
lan horiek egiten diren bitartean haurrek zein arrisku izan ditzaketen, zer egin haurren segurtasuna bermatzeko. Eneko Goia alkateak erantzun zien
txikien segurtasuna ziurtatua egongo dela. Behin obrak amaituta, plataformaren eskariari erantzunez,
eskola eta Tomasene kultur etxea lotzeko bide bat egingo dute.
Amaitzeko, amiantoari lotuta, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak udalbatzar batean eskatu zuten Altzako
herritarrei azterketa prebentiboak egitea. Udalak adierazi du
Osakidetzarekin hitz egin duela, eta azken horrek esan du
nahi duenak medikuari eskatzea aukera duela. Espezialistak baloratuko du amiantoarekin izan duen harremanaren arabera, azterketa horiek egin ala ez.
Gai horiek guztiak baloratu eta egoera aztertzeko asmoz,
urtarrilean batzartuko da Altza osasuntsuagoaren aldeko plataforma.