"Kudeaketa aldatuko da, baina indentitate berari eutsiko diogu"
Herria taberna itxi zuten azaroan, 34 urteren ondoren. Handik aste gutxira lau gaztek iragarri dute Ikatz kaleko lokala alokairuan hartu eta Herria berriro irekiko dutela.
Urte mordoa daramatza Joxean Catalanek Herria kultur elkarteko kide izaten. Berak eraman du azken urte hauetan guztietan Herria tabernaren kudeaketa. Oier Lorentek, aldiz, bezero moduan gehiago gozatu du tabernaz. Orain, Ibon Abad, Aitor Zola eta Asier Ocarizekin batera alokairuan hartu du lokala. Taberna berri bat izango da, “baina lehengo identitateari eutsiko dio”.
Zergatik ireki zen Herria taberna?
Joxean Catalan (J.C.): Ni ez nengoen sorreran, zertxobait geroago hasi nintzen. Hala ere, uste dut gainerako herri eta auzoetako herriko tabernen moduan, behar bati erantzuteko sortu zela Parte Zaharrean. Leku erreferentzial baten beharra zegoen jendea eta kultur jarduerak bertan biltzeko. Kudeaketa moduei dagokionez aldaketak izan ditu, baina azken urteetan Herria Kultur elkarteak kudeatu izan du Herria taberna.
Eta zergatik erabaki zenuten ixtea?
J.C.: Ekonomikoki gaizki zegoen eta azken aldian jendearengan ez zuen interes handirik sortzen. Bestalde, kale guztian nabaritzen da jende kopurua jaitsi dela, eta krisiak ere eragina izan du. Itxi aurretik ahalegindu ginen beste norbaiti alokatzen baina herrikoen aurkako epaiarekin ez da erraza izan. Azkenean, ixtea erabaki genuen eta orduan animatu ziren batzuk tabernarekin jarraitzera.
Zergatik animatu zarete taberna hartzera?
Oier Lorente (O.L.): Bageneukan negozio edo taberna bat irekitzeko gogoa, eta Herria itxi behar zutela jakitean aukera ezin hobea iruditu zitzaigun, izan ere, horrek ekarpen politiko bat egiteko aukera ere eskaintzen digu.Gure erronka da taberna txukundu eta zerbitzu on bat eskaintzea auzoari, kalitatezko zerbitzu bat. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zitzaigun Herriaren identitateari eustea.
Herrikoen epaia dela eta, edozein momentutan itxi dezakete taberna.
O.L.:Kontziente gara datorren urtean, bi urte barru edo hiru urte barru itxi egin dezaketela taberna. Dena den, gaur egun badirudi ez dutela epe motzean halakorik egiteko asmorik, eta uste dugu horri begira ezin garela bizi, bestela ez dugu inoiz ezer egingo.
Zer da zuentzat Herria taberna?
O.L.: Herria gaztetatik izan da nire bigarren etxea. Bertan antolatu izan dituzten kultur ekitaldi ugaritan hartu izan dut parte; orduak pasa ditut lagunekin tabernan, poteatzen, bazkaltzen, afaltzen… Beti egon izan naiz goxo Herrian eta beti maitatu izan dugun leku bat izanda. Izan ere, jende batek lan asko egin du hala izan zedin. Joxean hamarnaka urtez egon da Herriaren kudeaketaz arduratzen, baita jeneroaz, jarduera kulturalez eta garbiketaz ere bai. Joxeanen moduko pertsonei esker egin du aurrera Herriak, eta, horregatik, itxiera festan omenaldi txiki bat egin genion.
J.C.: Nik Herria hasieratik ezagutu izan dut barrutik. Auzoan mugitzen hasi nintzenean segituan hasi nintzen Herriaren kudeaketan. Beraz, inoiz ez dut ezagutu Oierrek moduan kanpotik.
Eta orain erretiroa hartzeko asmoa duzu?
J.C.: Ez didate uzten. Hala ere, kudeaketa aldatu denez, pisu handia kenduko dut gainetik. Herria kultur elkarteak ez du orain kudeaketaren karga eramango; hala ere, nagusiak izaten jarraituko dugu, eta, nola ez, Herria kultur elkarteak beti bezala jarraituko du urteko jarduerak egiten: besteak beste, danborrada eta areto futbol txapelketa.
Kanpotik begira Herriak antzera jarraituko du, beraz.
O.L.: Kudeaketa aldatuko da, baina identitate berari eutsiko diogu.
34 urte hauek pasa ondoren atzera begira jarri eta zein momentu on eta txar aipatuko zenituzkete?
J.C.: Ez zait erraza egiten denekin gogoratzea; gauza mordoa gertatu da urte hauetan guztietan. Txarrenen artean nabarmenduko nuke orain dela urte batzuk zuzendaritzako kide guztiok eduki genuen epaiketa bat. Herria miatzera etorri ziren batean ustezko material bat aurkitu zuten eta Madrilera joan ginen Auzitegi Nagusira. Gure abokatua aurrez fiskaltzarekin akordio batera iritsi zen, baina epaiketara iritsi ginenean konturatu ginen gaizki ulertu bat egon zela eta une batez kartzelara joateko zorian egon ginen. Zorionez ez zen hala izan. Bestalde, une txarren artean sartuko nituzke, noski, miaketa guztiak. Aurreko batean sei kontatu genituen. Oso une gogorrak eta tentsio handikoak dira.
Eta onak?
J.C.: Antolatutako jarduerak ondo ateratzen direnean beti da pozgarria.
O.L.: Niretzat Herrian pasa ditudan une gehienak izan dira onak. Azken finean 34 urte bizirik irauten duen zerbaitek momentu on asko izan dituelako da.