XXXIII. San Silvestre Donostiarra antolatu du Amara Kirol Elkarteak, ohiturari jarraituz; berritasun nagusia txikien krosa izango da, abenduaren 30ean, Easo plazaren inguruan.
San Silvestre donostiarrako antolatzaile eta partaideetako batzuk, Easo plazan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Berrikuntza garrantzitsua izango du aurtengo San Silvestre Donostiarrak, lehenengo aldiz haur eta gaztetxoentzako lasterketa antolatu baitute: «Ideia aspaldikoa da, baina ez zegoen aurrera ateratzeko jenderik. Aurten, auzoko guraso batzuek bultzatu dute ideia, eta gure laguntzarekin aurrera atera dute», dio Amara Kirol Elkarteko Xabier Altunak. «Lasterketak 30 urte baino gehiago daramatza, eta orain auzoan giroa egongo da bezperatik hasita», gehitu du Txinok, elkarteko beste kide batek.
Horrela bada, abenduaren 30ean San Silvestre Txikia jokatuko dute, auzoan barrena. San Silvestre Txikian 6 eta 15 urte bitarteko haurrek izango dute parte hartzeko aukera. Partaide bakoitzari kamiseta bana emango diote opari, eta bukaeran txokolate jatea egingo dute. Lasterketa datozen urteetan ere antolatzen jarraitzea izan da Amara Kirol Elkarteak gurasoei jarri dien baldintza bakarra laguntzeko.
Abenduaren 31ko lasterketa nagusian aukera izango dute parte hartzeko 16 urtetik gorako guztiek. Abuztuan hasten dira antolakuntza lanetan elkarteko zortzi bat lagun, eta lasterketaren astean eta egunean bertan ia 200 lagun mugitzen dituzte boluntario lanerako. Izen ematea urrian zabaldu zuten, eta jada badira 2.600 baino gehiago izena eman dutenak, iaz baino 200 gehiago data hauetarako. Zehazki, 4.000 lagunetan jarri zuten gehienezko partaidetza 2016an, eta aurten ere hori izango da gehienezko partaidetza.
Abenduaren 31 igandea izanik, pentsatzen aritu ziren lasterketa goizean egitea, baina azkenean arratsaldez utzi dute, ohikoa izan den bezala. Partaide helduek ere kamiseta bana jasoko dute opari gisa, eta aurtengoa gris kolorekoa izango da. Dortsala, kamiseta eta txipak jasotzeko Amarako frontoitik igaro beharko dute, abenduaren 28an, 29an edo 30ean, 11:00etatik 19:30era.
Mozorro onenari saria
Donostiarrak dira lasterketako partaide gehienak, baina badaude kanpotik etortzen diren korrikalariak, Espainiatik eta Kataluniatik, esaterako. Izan ere, asko dira urtezaharra etxetik kanpo igarotzeko ohitura dutenak, eta, bide batez, lasterketa egitea aukeratzen dute.
Milaka partaide horien artean, noski, denetik egoten da eta bakoitzak bere helburua izaten du. «Esango nuke 300dik gora ateratzen direla marka ona egitera. Badaude elkarrekin joaten diren familiak edo kuadrillak , edo bakarrik mozorrotuak ateratzen direnak», azaldu du Altunak. Mozorroenak badu bere arrazoia, mozorrorik onenak saria izaten baitu: «Iaz Jesukristoz mozorrotutako batek irabazi zuen, erromatarrez inguratuta», gogoratu du Patxi Luzarragak.
Lasterketa berezia da San Silvestre, urteko azken eguna izanik, arratsaldean denek izaten baitute konpromisoren bat. Beraz, Easo plaza segituan husten dela diote.