Nahikari Otaegi, preso ohia. (Argazkia: Malen Aldalur)
2013. urtean aurkeztu zuen bere burua Nahikari Otaegik Aranjuezko espetxean (Madril, Espainia). Zazpi hilabeteko alabarekin sartu zen kartzelara eta hiru urteko semea utzi zuen kanpoan.
Irailean geratu zen aske Nahikari Otaegi Amarako preso ohia (Donostia, 1983). Lau urte eta erdi pasa ditu kartzelan Segiko kide izatea egotzita. Arrazoi berarengatik atxilotu zituzten beste zazpi gazte donostiar ere, horietatik sei Bulebarreko Aske Gunean. Otaegik bere burua aurkeztu zuen Aranjuezko espetxean, eta zazpi hilabeteko alabarekin sartu zen kartzelara hiru urteko semea kanpoan utzita. Sakabanaketak haurrengan duen eragina gertutik ezagutzen du Otaegik.
Zeure burua aurkeztu zenuen Aranjuezko espetxean. Zergatik?
Aske Gunean parte ez hartzea erabaki nuen. Alabarekin sartu nahi nuen espetxean eta, horretarako, kartzelan aurkeztea gomendatu zidaten. Hori dela eta , kideak Aske Gunean atxilotu eta gero, neure burua aurkeztu nuen.
Nola oroitzen duzu egun hori?
Nire bizitzako egunik gogorrenetariko bat izan zen, alaba kartzelatik atera zuten unearekin batera. Zazpi hilabeteko alabarekin sartu nintzen eta hiru urteko semea utzi nuen kanpoan. Aurrez bikotekideak eta biok berarekin hitz egin genuen, eta dena azaldu genion; une oro ahalegindu gara hori egiten, izan ere, uste dut garrantzitsua dela. Hala ere, oso gogorra izan zen. Goizean ohean lotan utzi eta Aranjuezera abiatu ginen. Ez da erraza egun horretan sentitutakoa azaltzea.
Nolakoa izan zen alabarekin kartzelan sartzea?
Alaba oso txikia zen kartzelara sartu ginenean, zazpi hilabete soilik zituen eta adin horrekin pozik eta zoriontsu zegoen 24 orduz amarekin. Hala ere, anaia kanpoan zuen eta aita ere bai. Gainera, bikotekidearen egoera ere berezia zen, iheslaria zen garai horietan eta kartzelan egon ginen lehen urtean ezin zen bisitetara etorri; ezin zuen muga pasa. Hori dela eta, erabaki genuen hilean astebete pasatzea alabak aitarekin eta anaiarekin. Alaba oso ondo moldatu zen eta zorte handia eduki genuen alde horretatik.
Amen moduluetan egon zinen hasieran.
Bi amen modulu ezagutu ditut Aranjuezkoa eta Picassentekoa (Valentzia, Herrialde Katalanak).
Eta desberdintasunik nabaritu duzu?
Bai. Aranjuezkoa,esaterako, instalazio aldetik nahiko ondo zegoen. Ziega handia nuen eta eraikina nahiko berria da. Haurtzaindegi zerbitzuari dagokionez ere nahiko ondo zegoen eta irakasle onak zeuden. Dena den, bertan hiru hilabete soilik egin nituen, eta egia esateko ez nuen gehiegi ezagutu.
Hala ere, Aranjuezek bazuen zerbait txarra: funtzionarioak. Ez zituzten umeak errespetatzen; nik uste dut ez zutela amen modulurik egoterik nahi: megafonia erabiltzen zuten eguneko ordu guztietan haurrak esnatuz; janariari dagokionez, 18 hilabetera arte soilik azenario eta patata purea ematen zieten; eta, edozein aitzakia erabiltzen zuten ama txarra zinela eta umea hemen zure erruz zegoela esateko.
Horrekin egiten zizueten eraso, beraz.
Ama txarraren kontu hori oso presente daukate beti; ama txarra izatea egozten dizute etengabe. Hori da beraien arma. Horregatik, ahal duten guztietan erabiltzen dute gaizki sentiarazteko. Picassenteko kartzelak alde horretatik bazituen bereizgarri batzuk: funtzionarioak lasaiagoak ziren eta umeen bizimodua errazten zuten proposamenak entzuten zituzten. Dena den, kartzelan beti daude salbuespenak, noski.
Valentziako kartzelak zuen txarrena instalazioak ziren; labezomorro pilo bat zegoen. Gainera ziegak oso txikiak dira eta kartzela ez dago haurrentzat batere egokituta.
Alabak hiru urte betetzean atera egin behar izan zuen eta zuk kartzelan jarraitu zenuen.
Bai. Nik uste nire alaba zoriontsu zela nirekin, hiru urte zituela atera zen eta ondoren bisitetara etortzen zenean kartzelan bizi nahi zuela esaten zidan. Alde horretatik lasaitasun pixka bat hartu nuen, azken finean horrek esan nahi du ondo egon zela.
Eta zu?
Hiru urte bete zituen unea niretzat oso zaila izan zen. Familiakoak pozik zeuden umea etxera bueltatuko zelako anaiarekin eta aitarekin batera, baina niretzat oso gogorra izan zen. Aurretik semearekin bizi izan nuen banaketa bizi behar izan nuen alabarekin. Alaba etxera doa eta pozik egon beharko zenuke baina gero modulura itzultzea izugarri gogorra da. Une horretan kideek asko lagundu ninduten, batez ere Lierni Armendarizek. Berarekin nengoen moduluan eta gainera berak hilabete gutxi batzuk lehenago pasa zuen une gogor bera. Hurrengo hilabeteak nahasi samarrak izan ziren niretzat. Amen modulutik atera ninduten eta bat-batean jende pilo batekin nengoen, kristoren iskanbilarekin eta alabarik gabe. Hilabete batzuk eta gero, Lierni Galiziara mugitu zuten eta ni Valladolidera.
Eta han pasa zenituen azken bi urteak?
Bai. Kartzela berri batera iritsi nintzen, eta hasieran bertan kide bat bazegoen ere, ni iritsi eta berehala askatu zuten. Orduan bakarrik geratu nintzen eta bakarrik egin behar izan nion aurre alabarekin eduki nuen banaketa prozesuari; kanpokoen laguntzarekin, baina bakarrik. Gogorra izan zen, baina gutxi geratzen zitzaidan ateratzeko eta horrek asko lagundu zidan. Kanpokoekin planak egiten hasi nintzen eta burua kanpoan edukitzen ahalegindu nintzen.
Laur urte eta erdiren ondoren kanpora ateratzea ere ez da erraza izango.
Barruan zaudenean uste duzu kanpora irten eta dena bukatuko dela, baina ez da horrela. Bakoitzak bere lurrartze propioa egiten du. Ni batzuetan estralurtar samar sentitu izan naiz. Familiarekin eta kanpoko munduarekin nuen harremana bisitak eta egunkariak ziren, eta orain kalera ateratakoan konturatu naiz gauza batzuekin ez naizela jabetu.
Motxiladun haurren errealitatea ikusarazteko kanpaina abiatu du Sare plataformak. Zer iruditzen zaizu?
Motxiladun haurren kanpainak dispertsioak gure gain eragiten duen guztia gizarteari erakusteko balio du. Ez baita distantzia bakarrik, ekonomikoki suposatzen duena edo eragiten duen nekea ere kontuan eduki behar dira. Sakabanaketak gure bizitza baldintzatzen du, eta umeen kasuan beraien haurtzaroa ere bai. Oso garai garrantzitsua izaten da; pertsona hazteko garai, nolabait esatearren. Hala ere, nahiz eta kanpaina honek arreta umeengan jartzen duen, sakabanaketaren bidez senide guztiek jasaten dutena oso ondo ikusarazten eta azaltzen duela uste dut.