Irudian, Maria Luloagaren alaba, Maite Salazar. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Patxatxa taldeak Maria Luloaga Sarriegi-ri omenaldia egingo bihar, 37. Antiguatarren topaketan. Altzon jaio zen -Altzoko handiaren ondorengoa da–, 1913an, eta Antiguara iritsi zen 1923an. 104 urte bete ditu aurten.
Umezurtz geratu zen oso txikia zela, eta Donostiara etorri zen, Antiguara, zerbitzari gisa lan egitera. Lehendabizi Matia kalean, eta Maruxi etxean ondoren, Heriz pasealekuan. 1940an Vicente Salazarrekin ezkondu zen Antiguako elizan, eta lau seme-alaba izan zituzten. Bere alabak, Maite Salazarrek, kontatu du Altzon jaio zela Maria Luloaga Sarriegi, 1913ko azaroaren 13an, eta Altzoko erraldoiaren ondorengoa dela. Antiguako amona deitzen diote Donostiako emakume zaharrenetakoa delako: «Polloeko hilerrian oso gutxi dira 100 urtetik gorakoak. 107 urteko emakume bakarra dago», esan du Salazarrek.
Antiguako Patxatxa taldeak omenaldia egingo dio bihar, Baso Etxea elkartean, 14:00etan. Antiguatarren topaketa egin ohi dute sansebastianetan, eta auzotar bat omentzen dute. Aurten Luloagaren omenezko bazkaria egingo dute. Luloaga, ordea, ezingo da bazkarira joan eta bere alaba joango da haren ordez.
Emakume osasuntsua eta indartsua izan dela dio. Azkenaldian, ordea, okerrera egin duela azaldu du: «Aldaka hautsi zuenetik oso pattal dago. Halere, 100 urte arte dena bere kabuz egiteko gai izan da, izugarria da. Oso bizitza aktiboa egin du eta botikarik ez du hartu behar izan inoiz. Ez du inoiz laguntzarik eskatu, dena bere kabuz egin nahi zuen. Bera ere ohartzen da nahigabe adinean gora egin duela, eta bere belaunaldiko bakarra dela. Jada ez du inor ezagutzen kalean, ez du lagunik. Orain pattalago dago, baina 100 urte bete zituenean jendeak uste zuen 80 urte zituela».
Bere senarra Lizarriturri lantegian hasi zen lanean 1938an, eta hango etxe batera joan ziren bizitzera, Zarautz hiribidean. Antiguan bizitzako urte gehienak eman dituen arren, auzoan ez dela oso ezaguna esan du Salazarrek, etxean egoteko ohitura zuelako:?«Etxekoandre bat izan da. Asko gustatzen zaio leihotik begiratzea. Oso lotsatia izan da beti». Aurten Antiguan, eta duela lau urte, 100 urte bete zituenean, Altzon omendu zuten.
Salazar egun ez da Antiguan bizi, baina 30 urte bete zituen arte auzoan egin zuen bizitza:?«Garai hartan ez zegoen lekurik auzoan. Hernanira joan ginen hemen ez zutelako ezer eraiki behar. Handik gutxira azkar azkar hazi zen Antigua. Garai hartan jende askok joan behar izan zuen auzotik.
Jesus Ferro gogoan
Patxatxa taldeak Jesus Ferro bizilaguna ere gogoan izango du. Auzoko ikono bat joan zaiela diote:?«Joan den urtean ezin izan zuen etorri. Antiguakoen topaketak egiten hasi ginenetik ez du inoiz huts egin». Nabarmendu dute beti izan dituela bere ingurukoentzako aholkuak eta hitz goxoak, eta auzoak ez duela ahaztuko.