Txillardegiren omenez egiten ari diren horma irudiaren lehen plano bat. (Argazia: Malen Aldalur)
Txillardegi omentzeko asmoz, hainbat jarduera antolatu ditu Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak. Tartean, idazle donostiarraren horma irudia egingo dute Antiguan.
Pertsona poliedrikoa zen inolaz ere Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’. Hala diote bere lana edo bera gertutik ezagutu dutenek. Euskararen arloan egindako gogoetengatik eta lanengatik da bereziki ezaguna intelektual donostiarra, baina euskaraz gain beste hainbat gai ere jorratu zituen; tartean, sozialismoa, abertzaletasuna, biologia, ekologia, existentzialismoa… Sei urte pasa dira dagoeneko hil zenetik, eta hirian «merezi duen lekua» emateko asmoz, orma irudi bat margotuko dute igandean Antiguako Gaskonia plazan. Mikel Herrero Egiako artista ari da horma irudia egiten. Astekari hau inprentara bidali den unean azken ukituak egitea eta honako esaldia gehitzea falta zitzaion horma irudiari: “Euskara da euskaldunon aberria”.
Ez da halako omenaldi bat egiten dioten lehen aldia, izan ere, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak urtero, bere heriotzaren urteurrenaren harira, hainbat jarduera antolatzen ditu. Aurten, igandean 12:00etan izango da horma irudiaren inaugurazio ekitaldia eta bertan hartuko dute parte Ibon Sarasola euskaltzainak, Joxe Manuel Odriozola idazleak eta Izarne Zelaia eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek.
Sinbolismoz beteta
Ekitaldi nagusia igandean izango den arren, ez da antolatu duten jarduera bakarra. Atzo Txillardegi, errotikako gogoeta izeneko hitzaldia eskaini zuten Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak eta Alaiz Aizpuru ikertzaileak, Koldo Mitxelenan. Txillardegiren obra guztia digitalizatu du Jakin aldizkariak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Guztira, 1.984 idazlan digitalizatu dituzte; 23.591 orrialde. Lan erraldoi hori aintzat hartuta, liburu sorta bat argitaratuko dute eta sorta horren lehen aleak prestatzen ari da Aizpuru. Azkenik, urtarrilaren 18an Txillardegi intelektuala izeneko hitzaldia eskainiko du Fito Rodriguez idazleak 13:00etan Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Filosofia mintegian, Ibaetan.
Horma irudiaren inaugurazio ekitaldia «sinbolismoz» betea egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. “Txillardegiren jaiotetxea Gutenfelder-Casa Victoria zen, gure belaunaldikook orain dela gutxi arte Guardia Zibilaren kuartel gisa ezagutu duguna. Eraikin hura Txillardegiren aitonak eraiki zuen”, diote antolatzaileek. Bestalde, azaldu dute horma irudia finantzaketa kolektiboko kanpaina baten bidez ordainduko dutela: “Gure ustez, udalak Txillardegirekin zorretan jarraitzen du, eta ez dugu amore emango aitortza ofizial bat lortu arte”.
Izan ere, azaldu dute herri egitasmo honen izenak berak “argi eta garbi” islatzen duela beraien aldarrikapena eta helburu nagusia zein den: “Udalak Udal liburutegiari Txillardegi izena eman diezaiola nahi dugu, idazle eta euskaltzale askok eskatu duten moduan”.
Udal Liburutegia
Uste dute Txillardegiri espazio publiko batean aitortza egin ahal izatea badela zerbait, “momentuz guk geuk nola edo hala ordaindutako horma irudi apal baten bidez besterik ez bada ere”.
Dena den, ez daude amore emateko prest. Txillardegi hil ondorengo aurreneko urteurrenetik dator udal liburutegiari Txillardegi izena jartzeko proposamena. Iaz ere eskaera berritu zuten, haren heriotzaren urteurrena gogoratzeko egindako ekitaldian: ‘Txillardegi Liburutegia’ jartzen zuen afixa ipini zuten idazlearen bi bilobek udal liburutegiaren kanpoaldean.
Fito Rodriguez, idazlea: “Kultur arloan egon den intelektualik emankorrena izan da”
Zer izan da zuretzat Txillardegi?
Txillardegi euskal kultur arloan egon den intelektualik emankorrena izan da. Beti ikuspegi aske eta kritiko batetik egin du lan; gizartean eragiteko eta gizartea eraldatzeko asmoz. Uste dut hori guzti lortu zuela.
Zein eraldaketa egin zituen?
Alde batetik, orain dela 50 urte herri honen progresio kulturalarentzako funtsezkoa izan zen euskara batuaren sorreran garrantzi handia izan zuen. Txillardegik ikusi zuen euskara batua sortzeko premia. Hori oso lan garrantzitsua izan zen baina ez da, inolaz ere, Txillardegik egin duen lan bakarra. Ondoren, aurrerapen handiak egin zituen soziolinguistikan. Berak planteatu zuen soziolinguistikan sakontzeko beharra eta Bat aldizkaria zuzendu zuen. Hizkuntza konparatuari eta hizkuntzak erkatzeko ikuspegi modernoari buruzko hainbat funtsezko erreferentzia ekarri zituen Kanadatik, Belgikatik eta Finlandiatik. Hiru herrialde hauetan hizkuntzaren arazoak ez ziren arazo indibidualak, arazo politikoak baizik. Txillardegik hizkuntzalaritzan eta soziolinguistikan ekarpenak egiteaz gain, arlo politikoan ere ekarpen ugari egin zituen.
Literaturan ere aritu zen.
Aurretik aipatutako guztia nolabait zientzia zurruna izan da, baina hortik kanpo gizartea ulertzeko ahalegina literaturatik ere egin zuen Txillardegik. Saiakerak egin zituen batez ere, baina baita eleberriak eta ikerketa etnografikoak ere. Azken hauek, gehienak Donostian zentratuak. Txillardegiren liburuko protagonista gehienak Donostian bizi dira eta hori esanguratsua da. Gainera, Txillardegi izan zen euskarazko nobela modernoa egiten lehena.
Ibon Sarasola, Euskaltzaina: “Gaur egun ezagutzen dugun euskara batuaren aita Txillardegi da”
Nola ezagutu zenuen Txillardegi?
Pertsonalki ezagutu aurretik ere banuen bere berri. Leturiaren egunkari ezkutua irakurri nuen 16 edo 17 urterekin. Gero elkartuko ginen agian han edo hemen baina oso ondo gogoratzen dut behin, bera erbestean zegoela, Baionara joan nintzela Ramon Saizarbitoria eta besteren batekin Txillardegi bisitatzera.
Behin baino gehiagotan esan izan duzu Txillardegik berebiziko garrantzia izan zuela euskara batuaren sorreran.
Dudarik gabe. Saiakera gehiago egin ziren aurretik. Txillardegi erbestean zegoenean Euskal Idazkaritza sortu zuen eta gero, nolabait, Euskal Idazkaritza horrek sortu zuen ortografia batuaren eskema nahiko zabala, aditza, deklinabidea eta morfologia kontuan hartzen zituena. Horren atzean Txillardegi egon zen, zalantzarik gabe; eta, ondoren, Euskaltzaindiak eskema hori onartu zuen.
Euskaltzaindiak eredu batua bultzatu zueneko Arantzazuko bileratik 50 urte pasa dira. Nola oroitzen duzu?
Ramon Saizarbitoria, Rikardo Arregi eta ni gazteak ginen eta erradikalak. Baina dena ondo joan zen, borroka handiegirik gabe. Askotan esaten da talka egon zela gazteen eta zaharren artean baina nik oroitzapena dut talka handiagoa egon zela zaharren eta ikaragarri zaharren artean. Arazo batzuk egon ziren, baina azkenean batasuna lortu zen gaur egun ezagutzen dugun euskara batua sortzeko.
Zer iruditzen zaizu Antiguan horma irudia egitea?
Bere ibilbidea ikusita argi dago merezi duela. Gaur egun ezagutzen dugun euskara batuaren aita Txillardegi da.
Lorea Agirre, Jakineko zuzendaria: «Gaur egun ditugun auzien oinarrizko galderak berak egin zituen»
Txillardegiren obra osoa digitalizatu du Jakinek. Nolako esperientzia izan da?
Iazko maiatzean amaitu genuen Txillardegiren obra osoa digitalizatzen, hiru urteren ondoren. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz egin ahal izan genuen eta orain edozeinen eskura dago klik bakar batean. Oso lan garrantzitsua izan da. Izan ere, azken 60 edo 80 urtean ez da egon Txillardegi moduko intelektualik.
Zenbat lan digitalizatu dituzue?
Txillardegik 55 urtetan zehar publikatu du, hori ez da ohikoena intelektual baten bizitzan; Europan ere ez dira horrelako asko egongo. 1956an argitaratu zuen lehenengoa eta 2011an azkena, hil baino pare bat urte lehenago. Ia 2.000 idazlan digitalizatu ditugu, horietatik 54 liburuak eta 1.400 artikulu inguru.
Bere obra digitalizatzeak Txillardegi gehiago ezagutzeko aukera eman dizu?
Baietz uste dut, digitalizazio honek pista batzuk ematen ditu. Alde batetik, bere obraren handitasuna, agian dena batera ikusten duzun arte ez zara benetan jabetzen. Denetarik egin du; liburuak, artikuluak, saiakerak, hitzartzeak, gutunak, prentsako artikulu pilo bat… Eta genero ugaritan idazteaz gain, gai asko landu zituen. Egia da sakonen landu zuen gaia euskara dela; euskara eta nazioa, euskara eta pentsamendua, euskara eta normalizazioa, euskara eta herria… Dena den, gehien politikaz idatzi zuen, batez ere prentsan. Bestalde, honako gaiak ere jorratu zituen: sozialismoa, hizkuntza, abertzaletasuna, askatasuna, biologia, ekologia, existentzialismoa. Gaur egun esku artean ditugun mila auziren oinarrizko galderak berak egin zituen.
Markos Zapiain, idazlea: «Gizakien eta animalien arteko desberdintasuna ukatu zuen»
Nola deskribatuko zenuke Txillardegi?
Gizon konplexua zen, nortasun aberats eta interes ugarikoa. Ingeniariaren adimena zeukan eta bihotz erromantikoa. Behin borroka edo proiektu bat zuzentzat joz gero, buru-belarri eta eskuzabaltasun handiz inplikatzen zen.
‘Txillardegi eta ziminoa’ liburua argitaratu zenuen. Zertaz hitz egiten duzu bertan?
Alde batetik, Txillardegik abiarazi zuen euskal nobelaren historiako ugaztunaren aroa. Peru Leartzako eta Haizeaz bestaldetik lanetan nabarmena da ziminoaren protagonismoa. Bestetik, ukatu egin zuen gizakiaren eta animaliaren arteko desberdintasuna funtsezkoa dela dioen aurreiritzi filosofiko eta erlijiosoa.
Txillardegi euskal letren plazara jalgi zelarik kreazionismoa zen nagusi: Orixe, Laffitte… Errietak jasan behar izan zituen arren, Txillardegik, Darwinen irakaspenak bere mundu ikuskeran integratu zituen. Ez gara Jainkoaren seme-alabak, baizik eta gorilaren anai-arrebak.
Txillardegiren zein bertute edo gogoeta nabarmenduko zenuke?
Bertuteari dagokionez, Espainia zer den ahal bezain objektiboki diagnostikatzeko ahalegina eta, ondorioz, benetako etsaien aurka benetan borrokatzeari eusteko ahalmena. Gogoeta, berriz, euskalduna euskalduna da. Tankera horretako ebidentziak izaten dira igartzen zailenak. Xamanen ahaleginak gorabehera, gizakia gizaki da eta ezin da aldi berean tigre izan. Era berean, Txillardegik erakutsi zigun euskaldunaren funtsa ez dela arraza, historia, sagardoa edo baserria, baizik euskara bera.
Alaitz Azpiazu, ikerlaria: «Bere testuen koherentzia eta gaurkotasuna azpimarratuko nituzke»
Zuretzat zer izan da Txillardegi eta zein ekarpen egin duela uste duzu?
Txillardegi ezinbesteko izena izan da Euskal Herrian. Ez niretzat bakarrik, euskal pentsamendua interesatzen zaion ororentzat, euskararen auzia interesatzen zaion edonorentzat, eta baita euskal abertzaletasunean interesa duenarentzat ere.
Gai guztien errora joaten zen gizona dela esaten da, erradikal hitza ere erabili ohi da bera deskribatzeko.
Txillardegiri buruz eginiko liburu, idatzi eta elkarrizketetan ohikoa da han edo hemen erradikal hitza topatzea. Batzuk Txillardegiren pentsamendu erradikala aipatzen dute, koherentzia intelektualaren sintoma gisa. Beste batzuk aldiz, erradikalegia izatea leporatzen zioten, muturrekoegia alegia.
Txillardegiren lana digitalizatu Jakinek. Hori oinarri hartuta argitaratuko den liburu sortaren lehen aleak prestatzen ari zara, nolako lana izaten ari da?
Hasteko, Jakinek Txillardegiren lana digitalizatu eta eskura jarri izana sekulako lorpena eta ekarpena dela uste dut. Lan guzti hori, zalantzarik gabe, garrantzitsu eta aberasgarri zaigu euskaldun eta euskaltzale guztioi.
Digitalizazio lan honek begi bistan jarri digu Txillardegiren lanaren zabalera eta aberastasuna.
Horretaz gain, Txillardegiren lanaren koherentzia eta testu ugarik duten gaurkotasuna azpimarratu nahiko nituzke. Ezinbesteko lana da Txillardegirena, eta ildo horretan, liburu bildumaren prestaketa lana guztiz interesgarria ari zait gertatzen.