Turismoaren Mundu Erakundeak hiru eguneko jardunaldiak egingo ditu Donostian
Munduko Turismoaren Goi-bilera egingo dute Donostian maiatzaren 23tik 25era. Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eman du albistearen berri. Bere hitzetan, “hitzarmenaren sinadurarekin akordioa ofizial egitea falta da soilik”, egun horietan zehar, hiru eguneko jardunaldiak egiteko.
Herrialde desberdinetako 300 delegazioren ordezkariak etorriko dira hirira, eta Retortilloren arabera, “Euskal Autonomi Erkidegoa turismoari lotuta dagoela erakutsiko dio munduari”. Turismoaren Mundu Erakundea (TME) Nazio Batuen Erakundearen parte da 1976. urtetik, eta turismo arduratsu, iraunkor eta irisgarri baten sustapenaz arduratzen dira, euren webgunean azaltzen denaren arabera.