Asanblada irekia, auzoan.
Datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina abiatu dute Bidebietako Institutuan. Pozik hartu dute berria Marea Horia taldeko kideek, baina uste dute ez dela nahikoa.
Bidebietako Institutuak zabalik jarraituko du datorren urtean ere. Hala azaldu dute Bidebietako Institutua ixtearen aurka sortutako Marea Horia taldeko kideek. Pozik jaso dute berria, baina, hala ere, uste dute matrikulazio kanpaina abiarazi izana ez dela nahikoa.
Eusko Jaurlaritzak auzoko institutu publikoa ixteko mehatxua egin du, zentroaren “bideragarritasunik eza” argudiatuta eta auzotarren, zuzendaritzaren eta institutuko klaustro eta irakasleengan jarri zuen ardura abenduan egindako adierazpenetan, zehazki, zentroaren inplikazioan, hezkuntza komunitatean eta matrikulazio kopuruan. Hezkuntza sailburuaren adierazpenek haserrea sortu dute Bidebietan, izan ere, uste dute erantzukizuna “agintarien gain” dagoela.
“Matrikulen epea zabaldu dute baina aurretik kanpaina ikaragarria egin zuten, esanez institutuak ez zuela etorkizunik eta itxi egingo zutela”, azaldu du Josu Lonbide Marea Horia taldeko kideak. Uste du orain aurkako kanpainarik egin gabe eta gauzak aldatu gabe institutuko matrikulazioa zabaltzeak ez duela ezer konponduko. Horregatik, argi dute beraien jarrera Marea Horia taldeko kideek: “Gure hautua ez da auzotarrei haurrak Bidebietako Institutuan matrikulatzera bultzatzea, ezinbestean, itxi ez dezaten. Auzokook kalitatezko hezkuntza publiko bat eskaintzen duen zentro bat eduki nahi dugu, eta horretarako, baliabideak behar dira”. Uste dute ez dela “marketing” kontua bakarrik: “Auzoak denbora eta baliabideak behar ditu”.
Bizilagunei begirako lanketa egin du Marea Horia kolektiboak: “Gure ustez gakoa eskola publikoa auzoarentzat aukera bat moduan ulertzea da”.
Lonbidek uste du Institutu publikoa ixtea auzoaren “gainbeheraren” beste adibide bat gehiago dela: “Institutu publikoa auzoa berpizteko tresna bat izan daiteke, auzoan saltsa pixka bat sortzeko aukera bat”. Institutuarentzat proiektu “eraginkor eta berritzaile bat” nahi dute, eta uste dute horretarako aukerak daudela: “Irakasleak, gurasoak eta bizilagunak prest gaude kalitatezko hezkuntza publiko baten alde lan egiteko, baina horretarako baliabideak behar ditugu”.
Protesta egingo dute
Bestalde, uste du institutuko bi eraikinak ezinbestekoak direla auzoarentzat eta eskolaz kanpoko hainbat jarduera egin ahal izateko ere aukera asko eskaintzen dituztela: “Bidebietan ez daukagu ordenagailu publiko bat bera ere; Kontadores da daukagun gune publiko bakarra eta ez da nahikoa”.
Datorren urtean zabalik jarraituko du institutuak baina “arazo berdinekin”. Horregatik, ez dute amore eman nahi eta lanean jarraitu nahi dute. Bilera irekiak egin dituzte auzoko eragile ugarirekin, eta hauetara gerturatu dira EH Bilduko eta Irabazi Donostiako hainbat zinegotzi ere.
Orain auzotarrei egoeraren berri ematea da euren asmoa, eta horretarako, atez ate joango dira bizilagunak informatzeko:?”Ostegunean 18:00etan geratuko gara; batzuk atez ate joango gara bizilagunei egoeraren berri emateko, eta beste batzuk, auzoa globo horiz eta kartelez josiko dute”.
Datorren asterako hainbat mobilizazio antolatu dituzte, eta “auzoak merezi duen erantzuna” ematea espero dute. Badakite ez dela erreza izango: “Jende asko dago institutua ixtearen aurka, baina hala ere zaila da hauek guztiak mobilizatzea”. Momentuz, bi data aurreikusi dituzte: “Urtarrilaren 27an, 13:30ean, mobilizazioa egingo dugu eta kalejiran joango gara institutuaren eraikin batetik bestera; bestalde, urtarrilaren 28an kazerolada egingo dugu 21:00etan”. Azken honen helburua burrunba ateratzea dela dio Lonbidek:?”Bidebietara jende asko gauez etortzen da, lotara, eta uste dugu formatu honek funtzionatu dezakeela etxetik atera gabe protesta egiteko”. Gaineratu du kazeroladak egin diren aurreko aldietan «nahiko ondo»?funtzionatu dutela. Leihoetatik kazerolak astintzeko aukeraz gain, kalean elkartzeko deia ere egingo dutela azaldu du Lonbidek: “8:30ean elkartuko gara Auzoenean tortilla batzuk jan eta auzoan zehar zarata ateratzera joateko”.
Dena den, San Sebastian egunaren bueltan ere aterako dute aldarrikapena kalera: “Gure asmoa da San Sebastian egunaren bezperarako auzoa hori kolorez janztea”. Bestalde, dagoeneko auzoko bi danborradek –Bidebieta danborradak eta Uliazpi danborradak– jakinarazi dute zinta horiak soinean dituztela aterako direla auzoko kaleetan barrena institutuari babesa adierazteko.