«Borondate politikoa behar da hiri ondarea babesteko»
Galdu genuen hiria erakusketaren komisarioa da Eneko E. Oronoz (Donostia, 1988), Alberto Fernandez D’Arlasekin batera. Ancorako kide gisa, Donostiako ondare arkitektonikoaren babesaren alde egiten du lan.
Bere hiri ondarea zaintzen duen hiria al da Donostia?
Batere ez. Diru asko dago jokoan. Bi etxe dauden lekuan sei etxe sartu badaitezke, bakoitza miloi erdiko prezioan… Edo eraikinaren azpian aparkamenduak eraiki badaitezke… Horrek eragiten du ondarearen galera.
Galera horren atzean dirua dagoela diozu, hortaz.
Bai. Begira Ondarretako etxeen kasua. Eraikinak babestuta zeuden, baina norbaitek babesetik kendu egin ditu bat-batean eta bota egin dira.
Eta ez al daki inork hor zer gertatu den?
Inork ere ez. Alderdien arteko akusazio asko egoten da horrelakoetan eta hortik ez duzu ezer garbirik ateratzen. Akordioak egiten dituzte euren artean, baina akordio horiek batzuen onura ekartzen dute soilik, hiri guztiarentzat galera suposatzen duten bitartean.
Nola babestu daiteke ondare hori?
Katalogoak eginez. Hirian dagoena identifikatu eta babesteko planak eginez. Baina ondare hori babesteko borondate politikoa izan behar dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak.
Zergatik da horren garrantzitsua ondare hori babestea?
Hiriaren identitatea delako. Zure hiriak parte zaharra baldin badu baina etxe zahar guztiak eraisten badituzu, euren lekuan berriak egiteko, parte zaharrik gabe gelditzen zara. Eta auzoetako identitatea galdu egiten da horrekin batera. Aieten gertatu den bezala, adibidez. Han soilik etxe berriak daude orain.
Hiriaren arkitektura aldatzeak bere nortasuna aldatzea dakar.
Bai. Eta kasu hauetan, aldaketa ez da hoberako izaten, nortasuna galdu egiten baita. Guk ez dugu guztia babestu behar denik esaten, baina kalitate arkitektonikoa eta historia dauzkaten eraikinak babestea ezinbestekoa da.
Hiriaren memoria galtzen doa eraisketa bakoitzarekin?
Eraikin zaharrak ezagutu baina jada gogoratzen ez dituen jende asko dago. Oso zaila da eraikin bat berriz gogora ekartzea behin eraitsi egin denean. Mirakontxako pasealekuarekin asko gertatzen da, adibidez. Askok ez dute hor lehen zegoena gogoratzen.
Hiritar erantzunari eskainitako horma irudia gehitu duzue erakusketan. Zergatik?
Hau prozesu pasibo bat ez dela garbi uztea garrantzitsua zelako guretzat. Hiritarrak ez dira ezer esan gabe gelditu. 1970eko hamarkadatik aurrera jendeak protesta asko egin ditu eta, gehienetan eraisketak gelditzea lortu ez bada ere, garrantzitsua da desadostasun hori adieraztea. Eraisketaren kontrako mugimenduak egon dira Tomas Grosen etxearekin, Bellas Artesekin, Uliako mintegiekin…
Hiritarren eta politika urbanoen arteko talka dago kasu horietan. Norentzako egiten dira politika horiek?
Hiritarrak gehiegi ez haserretzen saiatzen dira, nire ustez. Ezer egin aurretik galdetu egingo dutela esanez, adibidez. Baina hiritarrengan baino gehiago, promotoreengan pentsatzen dutela uste dut.
Martutene inguruan eraisketa asko egon dira uholdeen kontrako plan bereziengatik. Ez dakigu, baina, hori bai edo bai horrela izan behar zenik edo, eraisketen ordez, beste alternatibaren bat zegoenik.
Fatxadismoaz hitz egiten da ere erakusketan.
Eraikin bat ez da bere fatxada soilik, barruan daramana ere bada. Momentu berean egiten dira biak. Fatxada, paretak, eskailerak… Dena bat da.
Tabakaleran, Zubieta 26ko XIX. mendeko hotelean eta hiriko beste eraikin askotan sekulako suntsiketak egon dira, fatxadak mantendu egin diren arren.
Hiri ondarea arriskuan dago oraindik?
Ondarea momentu oro dago arriskuan… Momentu honetan Mirakontxako Villa Almudena eta Villa Saga arriskuan daude, hiriko beste eraikin historiko asko bezala.
Nik Ondarretako Villa Kanimarren kasua gogoratzen dut beti. Hura eraistea ez zela posible uste genuen. Kartelak egin genituen, udalarekin hitz egin… Baina eraitsi egin zuten hala ere. Gainera, zenbait arau ez ziren errespetatu, eta gauza arraroak gertatu ziren ere tramite prozesuan…
Hitz egindakoa ez errespetatzearena berriro ikusi dugu orain, San Bartolomeko elizaren kasuarekin.
Horrekin zer gertatzen den ere ez dugu ulertzen. Fatxada nagusia eta eliza mantendu egin behar direla dio Auzitegi Gorenaren sententzia batek. Katalogoan ere margoturiko planoa babestu egin behar dela esaten da… Baina udalak, berriz, horren inguruan interpretazio bat eman daitekeela esaten du orain. Ez eliza, baina elizaren traza dela babestu behar dena. Interpretazio kontu bat!
Nolako harrera izan du erakusketak?
Uste genuena baino hobea. Lau astean bi mila pertsonatik gora pasa dira bertatik.
Zer iruditzen zaio jendeari?
Jende gehiena pozik joaten da, baina galdu duguna ikusita triste joaten direnak ere badaude. Eta oso haserre joaten direnak ere bai. Bisitarien liburuan ikus daiteke hori. Politikariekin eta guztion kalterako etekina ateratzen dutenekin doaz haserre.
Eduki duen arrakasta ikusita, erakusketa luzatuko al duzue?
Oraindik ziurra ez den arren, eduki duen arrakasta ikusita, erakusketa beste hilabetez luzatu daiteke. Ziur asko otsaila amaiera arte izango da zabalik.