Garun paralisia duen kirolari batek sekula egin duen lorpen zerrenda onena du Richard Oribe igerilariak; bere ibilbideagatik sarituko dute Urrezko Danborrarekin, bihar, 12:30ean, udaletxean.
Richard Oribe igerilaria, Ondarretan, -aurtengo Urrezko Danborra jasoko du. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Urrezko Danborra jasoko du aurten Richard Oribek (Antigua, 1974). Gimasioan zebilela eman zion albistea bere amak, eta asko poztu zen. Ondoren, segituan jaso zituen lehenengo zorion mezuak eta komunikabideetatik deiak. Bere entrenatzaile Javier Aymerich lagun handia du, eta harekin joaten da Oribe, batera eta bestera. Kardiologoan zegoela mezu bat jaso zuen Aymerichek: «Behin betikoa, Richardentzat izango da Urrezko Danborra». Aymerichek dio espero zuela, hori zela bere ustez Oribek saria jasotzeko era bakarra, herri botaketa bat. Udalak Hiritar Merezimendu Domina eman zion Oriberi, 2007an, baina oraingo saria handiagoa izango da, eta ongi merezia, gainera. Garun paralisia duen kirolari baten garaipen zerrenda onena du Oribek; besteak beste, 48 munduko errekor ditu. «Kirol ibilbidea izugarriarengatik emango diote Urrezko Danborra, baina horri gehitu behar zaio bere jarrera, izaera, maitasuna… askotan kexatu da Richard, eta arrazoiarekin, komunikabideek ez diotelako behar adinako garrantzirik eman, eta nik beti esan izan diot egiten duena oso garrantzitsua dela. Sari honek donostiarren aitorpena emango dio, merezi duelako, urte mordoan egin duen lanarengatik». Aymerich sariaren parte sentitzen da, noski: «Bere alboan egon izan naiz, bigarren aita bat bezala, berari itsatsia, eta danborraren zati bat niretzat hartuko dut». Hain zuen, hogei urte daramatza Oriberen ondoan Aymerichek, eta asko eman dioela dio: «Ikasketa, poztasuna, ezezagunean jarraitzeko motibazioa, harrotasun handia, eta baita arazotxoren bat ere, baina ni onarekin geratzen naiz. Kirolari eta pertsona izugarri bat ezagutu dut».
San Sebastian eguna txikitatik bizi izan du Oribek. Aspacekoekin eta Atzegikoekin ateratzen zen danborra jotzen, eta, aurrerago, kirol lorpenen bidez ezaguna egin ahala, hainbat elkarteren omenaldiak jaso izan ditu: Union Artesana, Loiolako Erriberako bizilagunak… eta haien bandera igoeretan parte hartu izan du. Bestela, ohitura izan dute familian eta gertuko lagunekin afaltzeko, urtarrilaren 19ko gauean. Aymerichek ere oso gogoko du ospakizuna: «Lehenengoetako Haur Danborradetan atera nintzen, eta gerora helduen danborradetan ere jo izan dut».
Oriberen inguruan zer kontatu bazegoela ikusita, dokumental bat filmatzeari ekin zion Iñigo Asensiok kazetari tolosarrak, 2011n: Richar Oribe, dominen beste aldea. «ETBrako elkarrizketak egiten ari ginen Olinpiar Jokoetara joatekoak ziren kirolariekin, eta ikusi genuen Richardek ematen zuela pelikula luze baterako. Londresera grabatzera joateko aurrekontu pixka bat lortu genuen. Orduan ez genekien oraindik bere azken Olinpiar Jokoak izango zirenik, baina aukera hori bazegoen», oroitu du Asensiok. Lehiaketa guztia grabatu zuten, alde batetik, Rosa eta Gonzalo gurasoen bizipenak, maila pertsonalagoan, eta, bestetik, prestakuntza guztia eta lehiaketen arteko emozioen kudeaketa. «Gero osatzen joan ginen filmaketa lasaiagoekin, elkarrizketa dezenterekin, egunerokotasunarekin…». Familiak oso ongi jaso zuela dio Asensiok: «Oso eskuzabalak eta abegitsuak dira. Bapatean bat gehiago nintzen euren taldean. Londresen euren burua batzuetan galduta ikusten zuten gurasoek, eta beraiekin ibiltzen nintzen». Filmaketan, errepikatzeko klaketaren mozketak igerilariak berak egiten zituela oroitu dute, barre artean.
Iaz egin zuten filmaren estreinua, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian, Viktoria Eugenia Antzokian, eta egun horren oso oroitzapen polita gordetzen dute guztiek ere. «Oso hunkigarria izan zen. Maite gaituen jende pila bat hurbildu zen, eta ni momentu askotan hunkitu nintzen», dio Aymerichek. Zaila egiten zaio oroitzapenen artean aukeratzea Aymerichi, baina gogoan du bereziki nola Londreseko igerileku batean, filmatzen ari zirela, denbora asko igaro zuela harmailetan bakarrik, pentsakor, eta urteetako momentu on eta txarrak burutik igaro zitzaizkiola. Azken batean, hasiera ez zen erraza izan kirolariaren eta entrenatzailearen artean. Keinu bidezko euren hizkuntza propioa asmatu zuten elkar ulertzeko, eta horrela komunikatzen dira oraindik ere igerilekuan. Oroitu dute Pekingo jokoetan taxilari batekin ingelesez ulertzen zailtasunak zituztela, eta Oribek berak eman zizkiola azalpenak keinu bidez. Lorpenen artean, berriz, lehenengoa gordetzen du Aymerichek bihotzean, 2000ko Sidneyko jokoetakoa. 50 metroko lehian irabazi zuen orduan Oribek, entrenatzailearen urtebetetze eguna zela: «Zuregatik puskatuko dut munduko errekorra, Javi», esan zion, eta halaxe bete zuen.
Asensiok argi du zein momentu nabarmenduko lukeen Oriberen ibilbidetik: «Agian nik bere ondoan bizi izan dudan momentu bakarra izan dudalako, baina Londres aipatuko nuke. Bazekiten bere denborak entrenamenduetan ez zirela behar bezain onak izaten ari, eta, aldi berean, konpetentzia gero eta handiagoa zen. Dominaren bat lortzeak gero eta zailagoa zen, eta oso zaila zirudien egoera hari buelta eman zion, oso polita izan zen». Olinpiar Joko haietan, ez zen lehiatu garun paralisia zutenen aurka, bestelako urritasun fisikoak zituztenekin baizik, eta bere aurkariek izugarri miresten zutela dio Asensiok. Lehenengo lehia hartan, laugarren geratu zen, baina gertukoen babes osoa jaso zuen, eta, azkenean, brontzezko eta zilarrezko domina bana lortu zituen, eta horiekin agurtu zuen Paralinpiar Jokoen lehia.
Oriberen lorpenak «erlatibizatu» egiten direla uste dute. «Richardena, benetan, askotan uste dena baino askoz handiagoa da», dio Asensiok. Orain 80 kiloko pisua du Oribek, beraz, lehian gorenean aritzen zenean baino lau kilo gehiago, beraz, oso ongi mantentzen da. Bere entrenamenduetako exijentzia maila jaitsi duen arren, maila apalagoan lehiatzen jarraitzen du, eta, iaz, esaterako, Espainiako txapelduna izan zen 50, 100 eta 200 metroko estilo librean. «Konporta klubarekin lotuta jarraitzen du, eta urritasunak dituzten gaztetxo batzuk entrenatzen ditu. Astean hiru egunetan pesak egiten ditu, eta arratsaldero Anoetako igerilekura joaten da», azaldu du Aymerichek.
Eskolaz eskola
Kirolaz gain, ordenagailuan ibiltzea gogoko du Oribek, sare sozialetan, esaterako. «Argazki zahar asko eskaneatu ditu,eta idazten ditu bere lorpenetako datu guztiak. Oso azkar ikasten du eta sekulako lana hartzen du», dio Aymerichek.
Maiz deitzen diote, gainera, eskoletatik, mahai inguruetan parte hartzeko, eta ikasleek galderak egiten dizkiote. Urrezko Danborra jasoko zuela jakin denetik ere ibili da ikastetxeetan, eta ikasleek sekulako harrerak egin izan dizkiote. «Urteak daramatzagu halakoak egiten, eta ni ibiltzen naiz berarekin bueltaka. Askotan eskatu diogu federazioari, kontua instituzionalizatzeko moduren bat bilatzeko, dena antolatuz era formalean, eta diru kantitate bat emanez berari, ematen duen irakaspenagatik. Bera konturatzen da eskoletan ezagutzen dutela eta maite dutela. Ikusten dute hitz egiteko duen zailtasuna, eta askok negar egiten dute hunkituta». Oribe berak ere dio ikusten duela nola haurrak negarrez hasten diren, irudiak ikusten dituztenean. Edonola, Oribek haurrekin konektatzeko duen gaitasuna izugarria dela diote, eta era batera edo bestera aktibo hori aprobetxatu beharko litzatekeela.
Orain, ez dakigu zein den Oriberen etorkizunerako asmoa, baina Aymerichek bere alboan jarraitzeko gogoa du: «Ondoan izango nau, gorputzak uzten didan bitartean».