(Argazkia: I. Esnaola)
Otsailaren 2an jarriko du abian Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak Egiako TAO zerbitzu berria. Bizilagun batzuk kexatu egin dira bertakoentzako aparkaleku kopurua murriztu dutelako, merkatarien mesedetan.
Aurreikusitakoa baino hilabete beranduago iritsiko da TAO zerbitzua Egia auzo osora. Hasiera batean, urtarrilaren 2rako abian izatea espero zuen Donostiako Udaleko Mugikortasun sailak. Ordea, eguraldi txarraren eraginez eremuen margotzea atzeratu egin dela adierazi du Mugikortasun sailak. Hain zuzen ere, Egia kalea margotzen aritu dira langileak aste honetan. Azken margotzeak bukatuta, otsailaren 2an jarriko dute abian zerbitzua.
Udalak iragarri bezala, komunikazio kanpaina baten bidez informazio helarazi diete Egiako bizilagunei. Eremuen banaketaren berri eman eta bertakoen txartelak eskatzeko pausoak azaltzen ditu jaso duten esku-orriak. Informazioa irakurtzerako orduan, hainbat auzotarrek ezustekoa hartu dute TAO zerbitzu berriaren banaketarekin.
Tejeria kalean bizi da Alaitz Egiazabal bizilaguna, eta ez dago konforme Mugikortasun sailak egin duen eremuen banaketarekin: «Auzoko kale nagusietan eta behealdean TAO komertziala ezarriko dute. Aparkatzeko leku gutxiago izango dugu bertakook, zerbitzua abian jartzean. TAO txartela izanda ere aparkatzeko eremua mugatu digute».
Ez da kexatu den bakarra, eta gero eta gehiago direla baieztatu du Egia Bizirik auzo elkarteak. «Tejeria eta beste zenbait kaletan bizi direnen kexa asko jaso ditugu, eta zerbitzua abian jartzen denean ikusi beharko da benetan zer gertatzen den», azaldu du Iker Irazusta auzo elkarteko kideak.
TAO zerbitzu berria diseinatzerakoan udalak izandako jarrera da Irazustari gustatu ez zaiona: «Eragileekin hitz egin gabe diseinatu dute, eta susmoa dugu dendariekin hitz egin dutela eremuak zehazteko». Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak, ordea, adierazi du auzoko eragile hainbatekin hitz egin dutela erabakiak hartu aurretik. «Bizilagunen elkarteekin eta dendariekin bilerak egin ditugu, eta beraien eskaera da aurrera eraman dena».
Banaketari kritika
180 aparkaleku inguru bideratuko dira TAO komertzialera, eta horrekin ez dago ados Berdaitz Gurutzeaga bizilaguna: «Auzotarrentzako sekulako galera da; dagoeneko kezka agertu dugu batzuok. Abian jartzen dutenean, eta bizilagunak egoerarekin topo egitean, arazoak eta protestak sortuko dira. ».
Zerbitzu berriarekin TAO txartela duten bizilagun askok etxetik urrunago aparkatu beharko dute. «Egiako behealdean bizi garenok Polloeraino joan beharko dugu aparkatzeko aukeraren bat izateko», esan du Egiazabalek. Beste hainbatek bezala, udalera deitu zuen etxean jasotako informazioa egiaztatzeko. «Tejerian bizi arren, Baztan edo Erreka kalean aparkatzeko aukera dudala esan zidaten».
TAO zerbitzu komertziala leku askotan jartzearen arrazoia beste bat dela uste du Irazustak. «Egiara jendea ez da kotxean etortzen erosketak egitera. Erosleen ia gehienak auzotarrak dira. Beraz, susmo handi bat dugu askok. TAO zerbitzuaren kudeatzaileak errentagarritasuna lortu nahi du».
Mugikortasun sailak auzoan egindako ikerketa baten arabera, pertsona askok kotxea erabiltzen dute Egiako dendetan erosketak eta bestelako mandatuak egiteko. «Ez dakigu erabiltzaile guztiak auzotarrak diren edo ez. Horrela bada ez da oso ulergarria gaur egun auzoan bertan erosketak egiteko bizilagunek kotxea erabiltzea», azaldu du Aranak.
Aspaldiko eskaera
Egiako bizilagun askoren azken urteetako eskaera izan da auzoan TAO zerbitzua ezartzearena. Egia Bizirik elkarteak ere aspalditik egindako eskaera da, bi arrazoiengatik. «Batetik, trafikoa murrizteko, eta bigarrenik, leku gutxi dagoelako bertakoentzako», azaldu du Irazustak. Hain zuzen, orain gutxi arte TAO zerbitzua Egia behealdean zegoen soilik, eta hirira etortzen ziren askok aparkatzeko erabiltzen zuten.
Egiako Bizirik elkarteak bertakoentzako eremu gehiago jartzeko eskatu zion udalari. Dena dela, TAO zerbitzu berriaren proposamena ezagutu zutenean ez zitzaien gustatu. «Zerbitzua ezarri aurretik auzora etortzeko esan nion Arana zinegotziari. Iradokizunak bidali genizkien egindako banaketa okerra zelako. Udal talde desberdinei ere bidali genizkien, baina ez digute kasurik egin», azaldu du Irazustak.
Mugikortasun sailak TAO zerbitzua abian jarri ondoren, emaitzak aztertuko ditu, eta prest dago ezarritako eremuetan egokitzapenak egiteko. Horrela ere, auzoko trafiko kopurua gutxitzeko baliagarria izango dela uste du Aranak. «Aparkalekuen erabilera aldatuko den arren, erabiltzaileen ohiturak aldatu egingo dira eta epe motzera aparkatzeko aukera gehiago izango dituzte bizilagunek».
Gune komertziala, auzoko hiru kale nagusietan
TAO zerbitzu berriaren eremuen banaketaren arabera, hamabost minutuko eremu komertziala Egiako kale nagusietan eta beste hainbatetan ezarriko dute: Karmengo Andre Marian, Mandasko Dukean –lau lerrotik bitan–, Egian, Ametzagainan –Iruresororaino eta Karmengo Andre Mariaren kalera doan bidean–, Jai Alain –kultur etxetik Egia kalera doan aldapan–, San Kristobalen eta Tejeria –heren batean–.
Gune komertzialetan aparkatzen duten erabiltzaile guztiek ordaindu beharko dute. Baita OTA txartela duten auzoko bizilagunek ere, udalak baieztatu duenez.