Auzoa dantzan jarriko dute Groseko artzain eta inudeek
Zailtasunak zailtasun, beste urtebetez irtengo dira Groseko artzain eta inudeak otsaileko lehen igande honetan auzoa girotzera. Auzotarren esfortzuek mantentzen dute gero eta pertsona gehiago biltzen dituen festa herrikoia.
Duela 17 urte sortu zen Groseko inude eta artzainen konpartsa, eta orduz geroztik urtero atera dira kalera bere partaideak otsaileko lehen igande bakoitzean auzokoak dantzan jarri eta festa girotzeko. Dantzari, pertsonaia eta danborrariekin, 150 pertsona inguruk osatzen dute taldea gaur egun, denbora joan ahala geroz eta jende gehiago batu baitzaizkie auzotarren ikusmina eta dantza gogoak urtero pizten dituen jaira. Grosen falta zen festa bat zelako sortu zuten Groseko inude eta artzainen komisioa. Bederatzi pertsonek osatzen dute taldea, baina gogotsu dagoen edonorentzako ateak irekita dituztela gogoratzen dute beraiek. Jai herrikoi eta partehartzaile bat bultzatu nahi izan dute euren hastapenetatik, eta bidean zailtasunak topatu badituzte ere, egun daukaten arrakastak zentzu honean doazela erakusten du. Komisioko kideen ustez, konpartsaren ezaugarri horiek dira, hain zuzen, auzoko festa hau berezi egiten dutenak: «Hemen ez gara dantzari profesionalak, auzoko jendea baizkik, eta adin guztietako jendea irteten da gurekin, txikienetatik helduenetara». Auzotik kanpoko lagunak ere urtero batzen zaizkiela harro diote gainera. Barne lan gogorra dute urte osoan zehar, ordea, komisioko partaideek. Traje eta materialak lortu eta konpontzeak denbora eta buruhauste asko sortzen omen dizkie, duela 17 urte baino dezente hobeto moldatzen badira ere orain: «Hasi ginenean ez genuen ezer. Danborradarako materialak auzoko elkarte batek utzi zizikigun, adibidez. Pertsonaien trajeak, berriz, bakoitzak bere kabuz osatu behar izan ditu». Urtez urte material gehiago lortzen doazela diote komisiotik, taldeko kide bakoitzaren aportazio txiki eta auzoko saltoki eta tabernen laguntzari esker: «Bildutako diruarekin artzainen txalekoak erosi ditugu duela gutxi, baina gastu asko dauzkagu oraindik». Taldea sortu zutenetik, Donostiako Udalari diru-laguntzak eskatu dizkiote urtez urte, erantzunik gabe. Iaz jaso zuen Groseko artzain eta inudeen konpartsak udalaren lehen laguntza ekonomikoa, baina komisiotik azaltzen dutenez, «txarangaren prezioaren zati txiki batordaintzeko» besterik ez zien balio izan. Diruaz gain beste behar garrantzitsu bat du, ordea, auzoko taldeak. Izan ere, dauzkaten materialak gordetzeko lokal baten faltan, «kide bakoitzak etxeko ohe azpian gorde behar ditu konparsaren gauzak». Groseko bizilagun elkarteak bere lokala hainbat ekintza puntualetarako uzten dien arren, hura ezin omen dute biltoki modura erabili, forma eta tamaina kontu batengatik. Entseguak, bestalde, Aldapetako Dantza Eskolak eskaintzen dien lokalean egiten dituzte, bertakoak lagunak dituztelako: «Ezagun eta lagunei esker ateratzen dugu hau aurrera, bestela ez genuke posible izango». Udalaren partaidetza handiago bat eskatzen dute komisiotik, hortaz, inude eta artzaien festak, herritarrek sorturiko beste hainbat ekimenek bezala, Groseko auzoari onura handia suposatzen diotela uste dutelako: «Jendeak eskerrak ematen dizkigu kaletik egiten dugunarengatik. Udala auzoetara irten behar da, hemen ere jendea bizi delako». Igande honetan auzotarrek beste behin gozatuko dute, hortaz, Groseko artzain eta inudeen jaiarekin. Txofre plazatik 11:15ean abiatuko dira denak dantzan auzoko kaleetan barrena. 12:30ean Katalunia plazan bilduko dira XIX. mendeko pertsonaien parodia egin eta Aitona Saria banatzeko. Elkartearen lehendakari ohiak ematen dio izena sariari eta Juan Antonio Antero auzotarrari eskainiko diote aurten. Festa, ordea, ez da hor bukatuko, dantzan jarraituko baitute goiz osoan zehar, 14:30ean Txofreko plazara bueltatu eta bazkari batekin, beste urtebetez jaiari bukaera ezin hobea emateko. Artzain eta inudeetaz gain, kaldereroak ere hiriko kaleetatik ibiliko dira larunbatetik aurrera inauterien berri emateko.