Programaren aurkezpena egin dute, prentsaren aurrean. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak
Connecting Talent Egonaldiak programa abian jarri du. Trebetasun handia eta goi mailako gaitasunak dituzten profesionalei eskainitakoa da. Programaren bidez, berrikuntzarekin lotutako bertako entitateetan lan egin ahal izateko edo enpresa eta ikerketa proiektu berriak sortu eta hirira ezagutza ekarri ahal izateko aukera izango dute.
“Munduko edozein aldetatik datozen enpresa-ekimen berrietara ireki behar dugu, harberak izan behar dugu, prestakuntza handiko pertsonak itzultzeko edo erakartzeko lan egin behar dugu Donostiako enpresetan sar daitezen”, adierazi du Ernesto Gasco alkateordeak.
Programak hainbat zerbitzu bermatzen ditu. Hala nola, harrera edo ostatua eskaintzea onuradunentzat, entitateekin eta berrikuntza proiektuekin konektatzea, eta baita laguntza eta tutorizatze prozesu osoa ere, proiektua finkatzen den aldia osoan.
Aurki deialdi bat irekiko dute, eta ondorengoei zuzendurikoa izango da: oraindik eratu gabeko, edo sortu berri diren proiektu berritzaileak dituzten ekintzailetza fasean dauden pertsona fisikoak zein juridikoak, Donostian enpresa bat ezartzeko konpromisoa dutenak eta EAEtik kanpo bizi direnak eta hirian kokatzeko asmoa dutenak.
Europako Batzordeak eta nazioarteko beste hainbat erakundek talentua dute helburu nagusi, eta horretarako hainbat politika zein estrategia garatzen ari dira, giza kapitala atxiki, bereganatu eta garatzeko. Hiria ere bide beretik doala gogorarazi du Gascok: “Donostiak ekosistema berritzaile baten alde egiteko estrategia bat garatu du. Hura ikerketa zentroez, unibertsitateez, LH eskolez, enpresez, ekintzaileez, erakundeez, etab. osatuta dago. Aipatutako estrategia garatu du, bereziki, laguntzen, zerbitzuen eta ekimenen programen bidez”.