Ilazki Gainza eta Nerea Uria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Duela bi urte eta erdi sortu zuten Ilazki Gainzak eta Nerea Uriak Kalaka, komunikazio parekidea oinarri duen negozioa. Orain ‘Ekion’ izeneko egitasmoa dute esku artean.
“Ez da erraza emakume ekintzailea izatea”. Hala diote Ilazki Gainzak (Intxaurrondo, 1986) eta Nerea Uriak (Hernani, 1985). Hori dela eta, Ekion izeneko egitasmoa abiatu dute “ekin nahi duten emakumeei” laguntza eta babesa eskaintzeko asmoz.
Ekintzaile gisa hasi zineten zuek ere Kalaka proiektuarekin.
Ilazki Gainza (I.G.): Bai, ekintzailetza programa baten barruan ezagutu genuen elkar, eta duela bi urte eta erdi inguru abiatu genuen proiektua. Komunikazio alorrean euskarazko zerbitzuen falta nabaritu genuen, eta baita komunikazioa parekidetasunetik landuko zuten zerbitzuen beharra ere. Kartel eta eskuorri gehienak gaztelaniaz dira, eta askotan iruditegi sexista erabiltzen dute. Hori dela eta, halako egitasmo bat abiarazteko beharra sentitu genuen. Horrela hasi ginen zerbitzuak zehazten.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzue gaur egun?
I.G.: Diseinu grafikoa, komunikazio estrategiak, aholkularitza, formakuntza parekidea eta orain Emakunderen homologazioa lortu dugu, eta berdintasun planak ere egiten hasi gara. Bestalde, azkenaldian proiektu propioekin ere bagabiltza.
Horietako bat da ‘Ekion’ egitasmoa?
I.G.: Hori da. Ekion, momentuz webgune bat da: Ekion.eus. Hala ere, beste alor batzuetara eraman nahiko genuke denborarekin. Helburua da emakume ekintzaileei euren bidea egiten laguntzea eta babestea. Izan ere, gu geu ekintzaile gisa hasi ginenean hainbat oztopo eduki genituen eta halako babes sare bat edukitzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu.
Zuen esperientziatik abiatuta sortu duzue, beraz, plataforma.
I.G.: Bai. Babes teknikoa aurkitzea ez da zaila, baina bai babes emozionala bilatzea. Iruditzen zitzaigun coach modukoak baliagarriak direla bidea egiten laguntzeko. Horregatik, hainbat emakume ekintzaile elkarrizketatu ditugu gure webgunean adin eta negozio ugaritakoak, eta bakoitzak bere bizipenak kontatu dizkigu; guztietan ageri dira bakardadea eta ziurgabetasuna hitzak.
Zein forma eman nahi diozue egitasmoari?
Nerea Uria (N.U.): Egitasmoak bi arlo edukitzea nahi dugu. Webguneari dagokionez, erakusleiho moduko bat izatea nahi dugu. Bertan edonork bere ideia garatu ahal izateko behar dituen baliabideak aurkituko digu; jarraitu beharreko bideak eta formularioak, esaterako, deskargatzeko moduan daude bertan. Bestalde, horiek nola bete azaltzen ere ahalegindu gara. Gainera, webgunean egongo dira emakume ekintzaileei grabatutako bideo elkarrizketak ere. Bertan, euren ibilbidea gordin kontatzen dute. Elkarrizketa horietan argi ikusten da polita izan daitekeela baina baita gogorra ere, eta konturatzen zara ez zaudela bakarrik eta antzeko egoeran jende asko dagoela edo egon dela.
I.G.: Gehienbat hori da helburua, konturatzea ez zaudela bakarrik. Agian une txar bat pasatzen ari zarenean ez dizu askorako balioko, baina gerora laguntzen du. Bestalde, diru-laguntzak ere bildu ditugu webgunean, dena eskura edukitzeko.
N.U.: Egitasmo honen barruan bi formazio saio ere ari gara prestatzen;?bata indibiduala eta bestea taldekakoa. Dinamika indibidualak ekintzaile batek bere helburua betetzeko dituen zailtasunei edo arazoei aurre egiten laguntzea litzateke; taldekakoen helburua, aldiz, sare baten parte sentitzea eta elkar lagundu eta babestea izango da. Ariketa zirkular bat izatea nahi dugu, izan ere, formakuntza horietatik ateratako adibide eta bizipenak gero webgunean elkarbanatu ditzakegu, ondoren beste norbaitentzat erabilgarri izan daitezkeelakoan.
Emakume ekintzaile asko daude?
I.G.: Aurreko batean esan ziguten Gipuzkoan ekintzaileen %70a dela emakumezkoa. Hau da Emakumezkoak dira gehiengoa baina hedabideetan zabaltze den ekintzailearen irudia gizonezkoarena da. Egitasmo honen beste helburuetako bat bada emakume ekintzaileak ikusaraztea.
Zuen esperientzia oinarri hartuta abiatu duzue egitasmoa. Nolakoa izan zen zuen hasiera?
N.U.: Ekintzaile programa batean ezagutu genuen elkar eta horrela sortu zen Kalaka. Ideia eduki eta jarduera hasi arte, gero konturatzen zara bakarrik zaudela eta denetarik egiteko gai izan behar duzula.
I.G.: Eta gu gutxienez komunikazio mundutik gatoz eta geure burua ezagutzera emateko bagenekien zer egin; beste batzuek horretarako ere kanpo kontratazioak behar izaten dituzte, eta hasieran ez da ezertarako dirurik egoten.
N.U.: Hor konturatu ginen arlo askotan hutsuneak genituela eta pixkanaka ikasten eta hazten joan gara, elkar animatuz. Animikoki ere batzuetan goian zaude eta beste batzuetan behean, baina hori normala izaten da. Bestalde, erruduntasuna ere hor dago. Normalean beti egoten da, baina ekintzaile ibilbidean gehiago; esaterako, bezero batek ez bazaitu aukeratzen. Baina hortik ere ikasi egiten da. Orain sarri galdetu egiten diegu aukeratu ez gaituzten bezeroei zergatik izan den, horrela pixkanaka gure lana hobetzeko asmoz.
Ekintzailetzak bere alde on eta txarrak dituela diozue. Jendea animatuko zenukete?
N.U.: Uste dut garrantzitsua dela garbi edukitzea. Guk ekintzaile izatea erabaki genuen aurreko lanetan edukitako enpleguen mugekin ez geundelako guztiz eroso. Kalakarekin bidea hasi dugunetik bi master egin ditugu eta homologazio bat ere lortu dugu. Ideiak garbi eduki behar dituzu, eta nola ez, ekintzaile izateko ideiak behar dituzu. Irmotasuna eskatzen duen lan bat da.