Urrian ireki zuen Goiener herritar kooperatibak Donostiako bulego berria. Zortzi mila bazkideko talde honek, ordea, 2012tik darama energia berriztagarrien ekoizpen eta kontsumoa sustatzen
Santi Otxoa de Eribe, Goiener herritar kooperatibako zuzendaria. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Energia berriztagarriak bultzatu eta hiritarron kontsumoaren burujabetza sustatzea ditu helburu Goiener kooperatibak. Irabazi asmorik gabeko herritarren talde honek 8.000 bazkide inguru ditu jada Euskal Herrian, eta datozen urteetan 25.000 pertsona biltzea aurreikusten dute. Donostiako Easo plazan bulegoa ireki zuten joan den urrian, eta bertan jaso gaitu Santi Ochoa de Eribek (Donostia, 1972), kooperatibaren zuzendariak.
Zergatik sortu zen Goiener?
Munduan nahiz gure lurraldean energia berriztagarriak behar bezain beste bultzatzen ez zirela pentsatzen genuen pertsona batzuk batu ginen 2011an.
Ipar Europako beste mugimendu batzuk ikusi eta ezagututa, jendea bere kabuz energia berriztagarrietan inbertitzeko batzen zela jakin genuen, tokiko ekoizpenarekin haien kontsumo beharrak asetzen zuten. Eta eredu hori gure lurraldean eta gure izaeran txertatu beharra zegoela iruditu zitzaigun. Guk tradizio luzea daukagu kooperatiben munduan, baina ez zegoen inolako loturarik baliabide energetikoekin.
Eta 2012an kooperatiba sortu zenuten, Goierrin.
Bai, gure lehenetariko promotoreetako bat hangoa zelako. Denborarekin hazten joan gara, ordea, eta, gaur egun, Ordizian, Donostian, Gasteizen eta Bilbon dauzkagu bulegoak. Iruñean bosgarrena irekitzear gaude. Gainera, 21 langile gara guztira, 120 boluntarioz osaturiko sare bat atzean dugularik.
Zer da egiten duzuena?
Goienerren lehenengo ideia energia ekoiztea zen, baina 2012an, kooperatiba sortu berri genuela, Espainiako estatuak diru-laguntzak kendu zizkien energia berriztagarriak sortzen dituzten instalakuntzei. Kontsumo kooperatiba bilakatzea erabaki genuen orduan.
Energia komertzializatzeaz arduratzen zarete orain.
Guk energia erosten dugu, berriztagarria dela dioen ziurtagiriarekin, eta dauzkagun 10.000 puntuak energiaz hornitzen ditugu horrekin. Euskal Herrian egiten dugu lan eta iaz 5,7 milioiko fakturazioa izan genuen.
Nori erosten diozue energia?
Banatzaileen merkatura joaten gara energia erostera. Hornitzaile gisa bezero gehiago ditugun heinean, ekoizleek energia berriztagarri kopurua handituko dute.
Zuen etekina energiaren kontsumoarekin sortzen da, baina zuek kontsumoa murrizteko deia egiten duzue.
Zentzugabea dirudi perspektiba ekonomikotik begiratuta, bai, baina guk horrela ikusten ditugu gauzak. Gutxiago kontsumitzea baino gehiago, behintzat zentzuz kontsumitzeko eskatzen diegu gure bezeroei. Gaiaren garrantziaz jabetu daitezela.
Europan egin den ikerketa batek fenomeno polit bat erakutsi du duela gutxi: pertsona bat kooperatiba energetiko batean sartzen den momentuan bere kontsumoa %7-8 jaisten da bataz beste, inork ezertara behartu gabe.
Zein puntutaraino jabetzen da gizartea kontu hauetaz?
Badago hutsune bat, eta gure betebeharretako bat hori betetzea da: energiaren inguruan zer gertatzen ari den zabaltzea. Hitzaldiak eskaintzen ditugu horretarako: energiaren ekoizpenaren egoerari buruz, gure esku zer dagoen azaltzeko… Askotan, guztia enpresa handien esku dagoela pentsatzen dugu, baina horretan geratzen bagara ez goaz inora… Baina jendearengan kontzientzia hori hazten doa, pixkanaka bada ere.
Zein egoeratan daude energia berriztagarriak Euskal Herrian?
Urritasunean. EAEn daukagun menpekotasun energetikoa %92koa da. Kontsumitzen dugun energia kopuru gehiena kanpotik datorkigu, hain zuzen.
Zein erronka dituzue etorkizunari begira?
Goienerren norabidearen inguruan hausnartzeko plan estrategiko berri baten garapena abiatu dugu aurten, eta horretan gabiltza oraindik. Epe motzera, ekoizpen proiektuak garatzea gustatuko litzaiguke.
Gure dinamika sendotu eta arintzea ere gustatuko litzaiguke, erabakiak hartzeko moduan, adibidez. Kooperatiba ez baita zuzendaritzako sei pertsonen erabakiekin kudeatu behar, guztion iritziarekin baizik, eta hori antolatzea ez da erraza. Prozesu horietan oreka bermatzeko erronka badugu ere, hortaz.