Asko dira Donostiako Udal Liburutegietako erabiltzaileak, baita liburu dendetako erosleak ere; adin ertainekoak dira irakurle ohikoenak, eta irakurketa taldeetan ere parte hartzen dute.
Udal liburutegietako erabiltzaileek ohitura handia dute liburuak, aldizkariak eta egunkariak irakurtzeko, liburutegietan bertan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eskoletan erakusten digute gehienoi irakurtzen, zazpi urte inguru ditugunean. Batzuek gustura egiten duten kontua da, eta irakurzaletasunaren harra txikitatik sartzen zaie barruan. Beste batzuk urteekin zaletzen dira irakurtzera, eta badira irakurtzea sekula gogoko izaten ez dutenak ere. Edonola, badakigu Donostian badirela irakurzale asko, eta horietako asko irakurle sutsuak dira gainera. Arantxa Arzamendirekin hitz egin dugu, Udal Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria; baita Adolfo Lopezekin ere, Liburu Saltzaileen Elkarteko kidea. Hainbat datu interesgarriren berri eman digute.
Liburutegietara joko dugu lehenengo, eta 2017ko datuak errepasatuko ditugu. Zehazki, 2017an, 461.000 mailegu egin dituzte donostiarrek (402.249 mailegu eta 58.751 berritze). Helduentzako liburuak izan dira gehien mailegatutakoak: 166.915; eta, ondoren, haurren liburuak: 91.349. Horretaz gain, bestelako maileguak egon dira: DVDak, eLiburutegia, CDak, bideo jokoak… Oraindik ere paperezko liburuak dira arrakasta gehien dutenak, baina liburu digitalek oso harrera ona izan dute 2017an, 5.551 mailegurekin. Hori bai, mailegatutakoetatik gehienak gaztelaniazkoak izan dira (321.290); euskarazkoak ondoren (51.519) eta beste hizkuntzetan 29.440.
Maileguez gain, liburutegietan bertan erabiltzaileek asko irakurtzen dutela dio Arzamendik: «Bereziki egunkariak, aldizkariak, komikiak eta edozein motatako liburuak. Horretaz gain, Liburutegi Nagusian aukera dago kontsultzatzeko bilduma historikoko liburuak eta handik atera ezin direnak». Aipagarria da asko kontsultatzen direla hiztegiak eta hizkuntzak ikasteko liburuak, eta , liburutegietan wifia dagoela aprobetxatuz, badagoela liburu elektronikoarekin joaten direnak, irakurtzera.
Horrela bada, Arzamendik ez du zalantzarik: «Donostia Kulturak zerbitzu egokiak eta irakurketarako aukera berriak eskaintzeko baliabideak jartzen ditu. Udal liburutegien sarean izena eman duten %35 bazkide aktiboak dira». Zehazki, Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusia da arrakasta gehien duena, eta ez da harritzekoa, izan ere, udaletxearen azpian dago, hiriaren erdigunean, eta ordutegi zabala du, goiz eta arratsaldez.
Liburutegietako zerbitzuen artean, badaude bereziki irakurzaleei begira antolatzen dituztenak: liburu aurkezpenak, solasaldiak, idazleekin saioak, ipuin kontaketak, hitzaldiak… Udal Liburutegi sarean, gainera, badaude irakurketa talde asko. Talde horietako kideek liburu jakin bat irakurtzen dute hilabete bakoitzean, eta, ondoren, bildu eta irakurritakoaren inguruan hitz egiten dute. Kultur etxe bakoitzeko taldeek euren berezitasunak dituzte, gainera. Aieten, esaterako, literatura eta zinema lantzen dituzte; Intxaurrondon, komiki liburuez aritzen dira; Lugaritzen, Literatura eta kafea saioak egiten dituzte… Haurrentzako irakurketarako esperientziak ere badaude, eta Arzamendiren hitzetan, oso harrera ona dute. Badaude Bularretik mintzora, Irakurketa Digitalaren Kluba, eta Liburu Baby Kluba. «Iaz,
Uhartearen altxorra erakusketa antolatu genuen, San Telmo Musoean. Ikastetxeentzako ikasleek erakusketa bisitatzen zuten. Ondoren, Haur Liburutegia ezagutzeko aukera zuten, baita ikastetxera liburuak maileguan eramateko aukera ere».
‘Patria’, irakurriena
Donostian 2017an liburu irakurriena
Patria izan dela esan daiteke. Izan ere, Fernando Aranburu idazle donostiarraren lana salduena izan da liburu dendetan, eta bigarren mailegatuena liburutegietan. Donostian hamar liburu denda inguru daude, liburuen salmentan berezituak daudenak, auzoetako denda txikiak kontuan izan gabe. Adolfo Lopezek Erdialdeko Zubieta liburu dendan lan egiten du, eta ongi ezagutzen du irakurleen errealitatea: «
Patria liburuetan liburua izan da. Izugarria da zenbat erosi eta oparitzen den oraindik ere». Atzetik daude Eva Garcia Saenz de Urturiren
El silencio de la ciudad blanca eta Dolores Redondoren Baztango trilogiako liburuak: «Hiru euskal idazlek salmenten lehen postuak guztiz bete dituzte». Gaztelaniazko salduenen artean egon dira, era berean: Almudena Grandesen
Los pacientes del doctor Garcia, Dan Brownen
Origen, Javier Sierraren
El Fuego invisible, eta Cristina Lopez Barrioren
Niebla en Tanger.
Euskarazko literaturan, ez dute bat egiten liburu salduenek eta gehien mailegatutakoek. Izan ere, salduena izan da Uxue Alberdiren
Jenisjoplin. Nagore Vargasen istorioa kontatzen du eleberriak, eta, bien bitartean, Euskal Herriak azken urteetan bizi izandako aldaketa politikoak azaltzen ditu. Bere atzetik geratu dira Alberto Ladronen
Jainkoen zigorra, Eider Rodriguezen
Bihotz handiegia, eta
Elurra ikusi dut (Koldo Izagirrek Xabier Leteren poesiekin egindako bilduma). Orain, esaterako, aipatutakoez gain, Anjel Lertxundiren
Horma asko saltzen ari dira. Liburutegietan gehien mailegatutakoa, berriz, Alberto Ladronen
Arotzaren eskuak izan da, eta bere atzetik hauek:
Elkarrekin esnatzeko ordua,
Nola heldu naiz ni honaino eta
33 ezkil.
Donostiako liburu erosleei dagokienez, Lopezen esanetan, tokiko idazleak asko bilatzen dituzte, bertako erreferentziak izateak asko eragiten baitu:?«Gustatuko litzaiguke gazteek gehiago erostea, baina argi dago Donostiako batez besteko eroslea dela adin ertainekoa, 40 urtetik gorakoa, nolabaiteko erosteko ahalmena duena, eta ikasketak dituena».
Zer irakurri aukeratzerakoan, denetik dagoela dio Lopezek: «Liburutegi handietara joaten direnek, normalean, begiratzen dute zer den salduena eta horren arabera egiten dituzte erosketak. Denda txikiagoetan, dendariak saiatzen gara erosleak bideratzen, gustatzen zaienaren eta irakurri nahi duten estiloaren arabera». Bakoitzarentzat erosteaz gain, liburu asko oparitzen dira orokorrean, bereziki, haurrentzako direnak. Liburutegietan, esaterako, hamabi urtetik gorakoentzako liburuen artean, Larunbatean Bukowskin izan da mailegatuena.
Liburu elektronikoek orokorrean min gutxi egin diete liburu dendei, Lopezek dioenez. «Hasieran indartsu sartu ziren liburu elektronikoak, baina oraindik jendeak nahiago du liburu fisikoa».
Literatura euren bizitzen parte egitera iritsi dira donostiar batzuk (Amaia Garciaren eta Beñat Sarasolaren bizipenak)
Auzoko irakurle sutsuak (Loiolako lau emakume irakurzaleren inguruko erreportajea)