Irakurle talde polita osatu dute Loiolako lau emakumek: Elena Kalonje, Ramoni Odriozola, Miren Sorozabal eta Arantxa Olasagasti. Ederki pasatzen dute elkarrekin.
Ezkerretik eskuinera: Elena Kalonje, Ramoni Odriozola, Miren Sorozabal eta Arantxa Olasagasti, euren gogoko liburuak eskuetan dituztela, Loiolan. (Argazkia: E. Zabala)
Auzoak batu zituen Elena Kalonje, Miren Sorozabal, Ramoni Odriozola eta Arantxa Olasagasti. Donostiako garai bateko baserrietan jaioak dira lehenengo hiruak, eta txikitatik izan dute gogoko irakurtzea. Ezkondu eta Loiolara joan ziren bizitzera, eta han elkar ezagutu zuten, belaunaldi bereko seme-alabak dituztela eta. Euren kontura irakurri izan dute hiruek, eta azken urteetan, Olasagasti batu dute euren zaletasunera, auzoko burdindegiko jabea. Horrela, ustekabean, irakurketa taldea sortu dute, eta ezin gusturago ibiltzen dira euren artean liburuak trukatzen:?«Normalean nik Arantxari uzten diot, berak Elenari eta Ramoni izaten da azkena. Tarteka Gregori ere uzten dizkiogu», azaldu du Sorozabalek. «Ni beti azkena!», dio Odriozolak; «Beti beste libururen bat irakurtzen ari zarelako!», erantzun dio Kalonjek.
Ongi gogoan dute baserrietan gurasoek ez zietela irakurtzen uzten, eta bakoitzak bere trikimailuak asmatzen zituen ezkutuan irakurri ahal izateko.
Sorozabalek gauetan irakurtzen zuen, maindireen azpian gordeta, linternarekin: «Amak oso gutxitan uzten zigun argia pizten, eta ohean irakurtzen nuen. Ahizpak eta biok gela berean egiten genuen lo, eta berak lo hartzen zuen ni irakurtzen aritzen nintzen bitartean». Odriozola bakarrik zegoenean aritzen zen: «Gure gurasoek ez zuten ohiturarik irakurtzeko. Aitak egunkaria irakurtzen zuen, hori bai, ohitura sakratua zuen. Amak gaztainak biltzera bidaltzen ninduen neska koskorra nintzela, gero berak azokan saltzeko. Nobela bat sartzen nuen poltsikoan, eta malkarrean eserita irakurtzen nuen. Ez dakit gaztaina asko biltzen nituen!». Kalonjek dio betidanik izan zuela irakurtzeko gogoa, baina etxean ez zutela izaten irakurtzekorik:?«Erosten genituen
Capitan Trueno, El Jabato, eta Emilio Salgariren liburu guztiak. Abenturetako istorioak izaten ziren, eta oso gustura irakurtzen nituen, tranbian nenbilela». Baserri gehienetan izaten zuten liburu bat ere aipatu dute, bertso liburua, oso ondo zaindua, baina ezkutuan egoten omen zena.
Gogoratu dute bazela
Tebeo de hadas izeneko liburuxken bilduma bat; «Printzipe eta printzesen istorioak ziren, eta ezkontzen zirenean bukatzen ziren», dio Sorozabalek. Errege-erregina Katolikoen kalean, Elizondo izeneko liburu denda txikia ere aipatu dute, han liburuak pezeta baten truke trukatzen omen zituzten.
Elkarri gomendatuz
Haurrak txikiak zituztenean hiruek ere gutxiago edo bat ere ez zutela irakurtzen diote, denbora faltagatik. «Ni 1991an hasi nintzen berriro ere serio irakurtzen, eta ordutik zerrenda egina daukat urtero irakurri ditudan liburuekin. Orain, urtean hogei liburu inguru irakurtzen ditut, ez dakit asko den», dio pozik Sorozabalek. Hain zuzen, Sorozabal izan zen irakurketa taldea abiatu zuena, duela sei urte inguru: «Arantxaren dendara joan eta utzi nion
El ultimo vals de Matilda. Asko gustatu zitzaion eta horrela hasi ginen gure artean liburuak trukatzen». olasagastik dio haurra zela inoiz gutxi irakurri izan zuela, eta Sorozabalen bidez hasi zela maiz irakurtzen: «Asko irakurtzen duen beste bezero bat ere badut, eta bere bitartez irakurri dut Elizondoko trilogia».
Etxean edo garajean irakurri gabeko liburuak dituzte, edo irakurtzen hasi eta utzi dituztenak, ez dielako kateatu. Gogokoen dituztenak gordetzen dituzte, baina beste batzuk eman izan dituzte bigarren eskuko azoketarako. Askotan liburuak oparitu egiten dizkietela diote, baina Sorozabalek eta Kalonjek oso gustuko denbora pasa dute Elkar liburu dendara joatea:?«Elkar-en sartu eta ordu eta erdi pasatzeko gai naiz liburuak begiratzen eta aukeratzen», aitortu du Kalonjek.
Gaztelerazko nobelak irakurtzen dituzte normalean, denak euskaldunak baldin badira ere, euskaraz irakurtzea asko kostatzen zaiela baitiote. «Euskaraz bakarrik genekien eskolan hasi ginenean, baina han dena gazteleraz irakatsi ziguten. Kalera jaisten ginenean, euskaraz egiteak ere lotsa ematen zigun, konplexua genuen», gogoratu du Odriozolak. Edonola, orain, Sorozabalek eta Kalonjek tarteka irakurtzen dituzte euskarazko nobelak: «Mamia ulertzea askoz gehiago kostatzen zait euskarazkoetan, eta gehiagotan irakurri behar izaten dut ulertzeko», dio Kalonjek.
Medikuen istorioak oso gogokoak dituzte, eta irakurri dituzten liburuen artean dituzte
El tiempo entre costuras, Palmeras en la nieve, Como fuego en el hielo; eta Dispara, yo ya estoy muerto, beste askoren artean.
Sorozabalek gauez eta ohean irakurtzeko ohitura du, eta orain
La hermana perla ari da irakurtzen. Kalonjek ere ohean irakurtzen du maiz, eta
Jainkoen zigorra du orain eskuartean. Odriozolak nahiago du sofa, eta
La jaula de sal bukatu berri du. Olasagastik, berriz, dendan izaten dituen tarteetan irakurtzen du, eta
El silencio de la ciudad blanca da irakurri duen azkena.
Letren artean galtzeko grina (Donostiako irakurzaletasunaren inguruko erreportajea)
Literatura euren bizitzen parte egitera iritsi dira donostiar batzuk (Amaia Garciaren eta Beñat Sarasolaren bizipenak)