Momentu zailak pasa bazituen ere, irribarrez kontatzen du Sarah Ugartek ETB1-eko saioan Perdido bidean bizitako esperientzia. Atzoko atalean izan zen kanporatua, belauneko lesio bat zela eta
Sarah Ugarte Gailurra Xtreme saioko lehiakidea. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Txikitatik kirolari amorratua izan da Sarah Ugarte (Intxaurrondo, 1986), baina bere gaitasunak muturrera eraman behar izan ditu ETB1-eko Gailurra Xtreme saioan parte hartzerakoan. Irundik hasita Perdido mendiraino abiatu duten lasterketaren laugarren atala igorri zuen atzo euskal kate publikoak eta Ugartek, belauneko lesio bat zela eta, bertan behera utzi behar izan zuen lehiaketa. Gogorra izan den arren, trail lasterketetan iaioa da Intxaurrondokoa, eta esperientzia errepikatzea besterik ez du buruan.
Nolatan animatu zinen programan parte hartzera?
Hernaniko trail talde batean nabil eta, entrenamendu batean, bertako bi lagunek saioaz hitz egin zidaten lehen aldiz. Animatu egin behar nintzela esaten zidaten, erronka horretarako gai nintzela uste zutelako.
Niri, ordea, oso gogorra iruditu zitzaidan hasiera batean. 40 kilometroko zortzi etapa… Bata bestearen atzetik! Gehiegi zela uste nuen, eta ezetz esan nien lagunei. Baina denbora joan ahala, gero eta gehiago pentsatzen nuen horretan, buruan gelditu zitzaidan ideia. Gainera, entrenatzeko hilabete bat gelditzen zitzaidan oraindik… Eta azkenean, animatu egin nintzen!
Eguneko maratoi bat korritu duzue. Nolakoa izan da hori?
Erokeria bat! Gorputzak ez dauka egun batetik bestera errekuperatzeko astirik. Zeharo nekatuta iristen zara. Bigarren etapan gauez iritsi ginen, taldekide bat botaka egiten hasi zelako. Hamarrak aldera iritsi ginen eta hurrengo egunean goizeko seitan jaiki behar ginen berriro grabatzeko! Zentzu horretan oso gogorra izan da.
Esfortzu fisikoaz gain, mentalki prest egotea ere ezinbestekoa da horrelakoetan.
Hala da. Nekea eta tentsioa ongi kudeatzea ezinbestekoa da. Hasieran kamerek urduri jartzen zaituzte, baina segituan ohitzen zara eta ahaztu egiten zara horretaz.
Hankak arazoa handiak eman dizkizu azkenean.
Bai, belaunak. Ni ez nago maratoiak egitera ohituta eta ordura arte lasterketa motzetan bakarrik nintzen ibilia. Oso esplosiboa naiz eta 20 kilometro dena emanda korritzeko problemarik ez daukat. Baina maratoiak beste kontu bat dira.
Belaunak noiz behinka eman izan dizkit arazoak eta beldur pixka bat nuen zentzu horretan. Eta bueno, tokatu zitzaidan. Ainhitzeri berdin gertatu zitzaion. Bera arraunlaria da eta inpaktura ez dago horren ohituta. Ainhitzek lehenengo egunetik eduki zuen arazo hori, eta nik, bigarrenetik. Orduz geroztik gaizki geunden biok. Hirugarren egunean sufritzen ibili ginen eta laugarren egunean nik ezin nuen gehiago.
Espero bezain ondo moldatu zara?
Belaunak ez dit guztia ematen utzi… Baina fisikoki ondo nenbilen. Horrek pena handia eman dit. Motibazio aldetik oso ondo bazaude ere, giharrak aukerarik ematen ez dizunean ezin duzu ezer egin. Oinez ibiltzeko ere ez nintzen gai azken egunean.
Zein izan da zuretzat momenturik gogorrena?
Programa uzteko momentua. 15. kilometroan bertan behera utzi behar izan nuen lasterketa ezintasunarengatik. Nire taldea atzeratzen nuen eta ez zitzaidan bidezkoa iruditzen nik horrela jarraitzea. Oso gogorra izan zen niretzat.
Eta alaiena?
Hirugarren etapan helmugara iritsi gineneko momentua. Telebistan ez da islatzen bertan sufritu genuena! Ainhitzek eta biok negarrez amaitu genuen. Ez genuen uste lehenengoak iristeko gai izango ginenik, hanketatik oso minduta genbiltzalako.
Azkeneko hamar kilometroak esprintean egin genituen, bi taldeek elkar ikusten genuelako, eta mina desagertu egin zen hor. Puntu horretara iritsita dena eman behar genuen helmugara lehen postuan iristeko. Momentu berean iritsi ginen bi taldeak, oso alde txikiarekin. 40 kilometroko lasterketa bost metrorengatik irabazi genuen!
Zein helbururekin joan zinen saiora?
Jende berria ezagutu, esperientzia berri bat bizi eta neure buruari gai nintzela erakusteko. Aurretik maratoi bakarra neukan egina. Orain lau gehiago korritu ditut, eta jarraian gainera. Erronka zailei aurre egitea atsegin dut.
Zerbaitetaz damutzen zara?
Ez naiz ezertaz damutzen, baina belauna gehiago sendotu izan banu, agian… Baina bueno, ezinezkoa da horrelako gauzak aurreikustea. Edonondik etorri daiteke arazoa eta hori ez dago gure esku.
Zer moduz moldatu zarete taldekideen artean?
Ederki, oso jatorrak izan dira denak. Hirugarren etapan programaren zuzendaritzak inor ez kanporatzea erabaki zuen, eta denok poztu ginen hori jakitean. Aurkariak ginen arren, bertan inork ez zuen inor joaterik nahi.
Lagunik egin duzu bertan?
Bai, kontaktuan mantendu gara denak, Whatsapp talde batekin. Lasterketak egiteko elkartu izan gara azken hilabeteetan.
Zer moduz daramazu telebistan agertzearen kontua?
Normaltasun osoz, egia esan. Noiz behinka kaletik esaten didate zerbait, baina egunerokotasunean ez da ezer aldatu niretzat.
Hitz gutxitan, nola definituko zenuke bizitako esperientzia?
Izugarria izan da, eta korritzea gustuko duen edonorentzat guztiz gomendagarria. Ez dezala inork pentsa ezinezkoa denik. Korrikalaria ez den jendeak hartu du bertan parte eta nik, behintzat, errepikatuko nuke. Inolako dudarik gabe