Lucas Egibar snowboarderra Donostian, abiatu aurretik. (Argazkia: I. Esnaola)
Donostiak hiru ordezkari izango ditu Pyeongchangen (Hego Korea). Lucas Egibar eta Felipe Montoya Olinpiar Jokoetan ariko dira; Jon Santacana, berriz, Paralinpiar Jokoetan.
Zuriz jantzitako Olinpiar Jokoak abiatuko dira gaur, Pyeongchangen (Hego Korea). Hilaren 25era bitarte, 92 herrialdetako 3.000 kirolari inguruk 102 diziplinatan parte hartuko dute. Euskal Herriak hainbat ordezkari izango ditu Neguko Olinpiar Jokoetan, eta tartean dira bi donostiar: Lucas Egibar snowboarderra eta Felipe Montoya patinatzaile artistikoa. Hirugarren ordezkari bat ere izango du hiriak Hego Korean. Jon Santacana eskiatzaileak Paralinpiar Jokoetan parte hartuko du martxoaren 9tik 18ra.
Egibarrek aukera du domina janzteko, 2014ko Sotxiko (Errusia) Neguko Olinpiar Jokoetan diploma eskuratu ondoren. Bere bigarren jokoak izango dira, bertan 24 urte beteko ditu, eta hilaren 15ean lehiatuko da. «Gozatzera joango naiz. Momentu berezia izaten ari da nire kirol ibilbidean, azken emaitzak onak izan ez badira ere. Helburuak betetzeko jarrera onarekin noa», azaldu du Egibarrek.
Sierra Nevadan iaz jokaturiko snowboardcrosseko Munduko Txapelketan lortu zuen Olinpiar Jokoetarako sailkapena. Banaka eta taldeka zilarrezko domina lortu zuen. Sotxiko lorpenaz geroztik esperientzia asko irabazi du, eta emaitza onak iritsi dira. Horregatik, domina begiz jota dauka: «Badakit oraindik ikasten ari naizela, eta hurrengo jokoetarako esperientzia onenarekin iritsiko naizela. Baina horrek ez du esan nahi Hego Koreara irabaztera joango ez naizenik».
Zortea eta talentua
Lehiatu den azken lau probetan erakutsitako mailarekin ez dago gustura Egibar. Horrela ere, Pyeongchangeko zirkuituan bere onena eman dezakeela uste du. «Askotan lortu izan ditut emaitza onak probetan zirrikituak topatuz, eta zortea alde izanda. Zirkuitu horretan ondo ibilitakoa naiz. Buruari esan beharko diot beste lasterketa bat baino ez dela».
Zerotik hastea bezalakoa izango dela uste du Egibarrek: «Rankingean lehen bost postuetan daudenak finalera sailkatu dira azken lau probetan. Bakarrera iritsi nintzen ni. Baldintza hobeetan iristea espero nuen, baina lasterketa berri bat izango da guztiontzako».
Talentua azaleratzen badu onenen artean ibiliko da snowdoarder donostiarra: «Askotan erakutsi dut maila eman dezakedala, baina akatsak ere egiten ditut eta horiek gainditzea da nire helburua».
Entrenatzailea gogoan
Gauza asko ditu eskertzeko Egibarrek, eta Hego Koreako Olinpiar Jokoetan dominaren bat irabazten badu, pertsona berezi bati eskainiko dio. «Nire entrenatzailea izan zenari emaitza on bat eskaini nahi nioke. Duela ia urtebete utzi gintuela. Asko zor diot berari».
Sierra Nevadan (Granada) zilarrezko bi dominak jantzi eta egun gutxira zendu zen Israel Planas kirolari ohi eta entrenatzailea. Albisteak ezustean harrapatu zuen donostiarra eta kolpe gogorra izan zen berarentzako. Neguko kiroletan prestatzaile estimatua zen.
Entrenatzaile ohiari ez ezik, beste askotan bezala Nico Egibar anaiari ere eskainiko lioke lorpena: «Anaiari esker asko ikasten jarraitzen dut, zorionez nire alboan dudalako».
Izotz pistako artista
Neguko Olinpiar Jokoetako bigarren ordezkari donostiarra Felipe Montoya patinatzaile artistikoa izango da. Kolonbian jaio arren zortzi urterekin etorri zen bizitzera Donostiara. Urteetako trebakuntza eta emaitza onei esker Pyeongchangen izango da.
Zagrebeko CS Golden Spin txapelketako eta iazko abenduan jokaturiko Espainiako txapelketan lorturiko puntuazioei esker lortu Olinpiar Jokoetara joateko txartela. Bere lehen parte hartzea izango da. Javier Fernandez Munduko Txapeldunaren arrastoaren atzetik dabil, oraindik ere gaztea bada ere.
Programa laburra ondo egitea du helburu Montoyak. Hilaren 16an izango du aukera, eta sailkapena lortzen badu programa librea egiteko aukera izango luke 17an. Patinatzaile artistikoen artean nabarmentzeko saio perfektuak eskaini beharko ditu. Sotxira gutxigatik ez zen joan, eta orain hasierako helburua beteta, ahalik eta ondoen aritu nahi du.
Domina gehiagoren bila
Martxoaren 9tik 18ra izango dira Paralinpiar Jokoak, eta domina gehien irabazi dituen donostiarraren txanda izango da: Jon Santacana eskiatzaileak dagoeneko zortzi ditu lau jokoetan jantzitakoak –Salt Lake City 2002, Torino 2006, Vancouver 2010 eta Sotxi 2014–.
Bosgarren jokoetan parte hartuko du, beraz, Santacanak eta palmaresa handitzeko aukera paregabea izango du Pyeongchangen. Izan ere, bost proba desberdinetan parte hartuko du donostiarrak. Martxoaren 10ean izango du eski alpinoaren jaitsiera, 11n super-erraldoia, 13an super-konbinatua, 14an eslaloma eta 17an eslalom erraldoia. Historia egiten jarraitzeko moduan dago Santacana, eta dominen lehian ariko den kirolaria da.