Pascal Gaigne, musikaria eta konpositorea. (Argazkia: Malen Aldalur)
‘Handia’ filmari musika jartzeaz arduratu da Pascal Gaigne (Normandia, 1958). Donostian bizi da duela 30 urte ingurutik eta euskal musikari lotuta egon da beti.
Normandian (Frantzia) jaio eta zortzi hilabete zituela joan zen Pauera (Frantzia) Gaigne. Duela 30 urte inguru iritsi zen Donostiara. Gaztetatik egon da bere musika ibilbidea euskal musikarekin eta euskal artistekin lotuta. Handia filmerako konposatutako musikarekin jatorrizko musika onenaren saria jaso du.
Noiz hasi zenuen zure musikari ibilbidea?
11 edo 12 urte nituela hasi nintzen instrumentuak jotzen, ondo moldatzen nintzen eta 15 urte ingururekin kontzertuak eskaintzen hasi nintzen.
Aspalditik daukazu harremana euskal musikariekin. Zergatik?
Garai horietan Baionan bizi nintzen eta Niko Etxart ezagutzen zuen lagun bat nuen. Horrela, lagunen lagunak ezagutuz egin nintzen Amaia Zubiria, Imanol eta beste hainbat musikari euskaldunen lagun. Klasean baino denbora gehiago pasatzen nuen lagunekin musika jotzen; hainbat musika talde genituen.
Noiz hasi zinen konposatzen?
Konposatzen beranduago hasi nintzen. Paueko Unibertsitatera joan nintzen musikalki nituen gabeziak asetzera eta bertan hasi nintzen konposizioan lehen urratsak egiten. Hala ere, ez dut konpositore ikasketarik egin. Lagun artean hasi eta hobetzen joan naiz pixkanaka.
Eta zinemarako konposatzen?
Arantxa Urretabizkaiaren liburu batean oinarritutako film bat egin zuen Xabier Elorriagak: Zergatik Panpox. Arantxa Amaia Zubiriaren lagun handia zen, eta haren bitartez, niri eskatu zidaten pelikulako musika egiteko. Hura izan zen egin nuen lehen filma, eta pentsatzen nuen ez nuela gehiago egingo, baina pelikula hura gustatu eta beste batek deitu egin zidan. Horrela hasi nintzen zinema munduan, hala ere, aldi berean kontzertuekin jarraitu nuen, eta antzerkian ere ibili nintzen.
Musika zinemarako edo antzerkirako konposatzearen artean alde handia dago?
Bai, zineman tranpa asko egin daitezke soinuarekin, antzerkian zailagoa da. Antzerkian musika polit bat jarri dezakezu baina testua entzutea da garrantzitsuena. Nahiz eta, badauden salbuespenak. Bilboko Artean antzerki taldeari konposatu nion antzerki obra baterako musikaren kasuan, adibidez, ez zegoen ahotsik eta horrek lana asko aldatzen du.
Aipatuko zenuke bereziki gustura geratu zaren lanen bat?
Asko gustatu zitzaidan bat oharkabean pasa zen: Gerardo Olivaresen El faro de las Orcas izeneko filma. Filmean gizonezko bat orkekin komunikatzen da musikaren bitartez. Zuzendariarekin hasieratik oso harreman ona eduki nuen, eta oso ondo ulertu genuen elkar. Zinema aretoetan aurkeztu zutenean ez zuen arrakastarik izan eta oharkabean pasa zen, izan ere, Star Wars filmarekin batera estreinatu zuten. Hala ere, ondoren Netflix-en arrakasta handiagoa izan zuen.
Nolako prozesua eskatzen du film bateko musika konposatzeak?
Batzuek gidoiaren gainean konposatzen dute, baina niri gidoiek aspertu egiten naute. Ez dakit gidoiak irudi bihurtzen. Horregatik, lehenengo muntaia eduki arte zain egoten naiz, eta gero horren gainean egiten dut lan. Ondoren, zuzendariarekin hitz egiten dut berak zer nahi duen ikusteko.
Urte mordoa daramatzazu konposatzen. Zer ikasi duzu?
Borragoma eskuan dudala konposatzen, eta sobera dagoen hori guztia borratzen.
Handia filmeko musikaz ere zeu arduratu zara. Nolako esperientzia izanda?
Urte asko daramatzat Moriarti Produkzioekin lanean, ia hasieratik. Hainbat proiektu egin ditut beraiekin, Loreak pelikula, esaterako. 2016. urtean edo hitz egin zidaten Handia filma egiteko zuten proiektuaz eta 2017an garai hauetarako nahiko aurreratua zuten lehen muntaia.
Eta orduan hasi zinen idazten?
Lehenengo argitu genuen ea euskal instrumentuak erabili nahi zituzten edo ez, eta ondoren, ea musika XIX. mendekoa izango zen edo ez. Biak baztertu genituen eta hortik abiatu nintzen. Hasieran musikaren lehen bertsio bat egin nuen. Lehen ideia Canneseko zinema jaialdian aurkeztea zen, baina azkenean ez zen hala izan. Hori dela eta, denbora gehiago eduki genuen gauzak errepasatzeko. Zuzendariekin bildu nintzen eta iruditu zitzaigun musika abenturazaleegia zela, eta agian filmean garrantzitsuagoa zela anaien harremana abentura bera baino. Hori dela eta, aldaketa batzuk egitekotan geratu nintzen eta ia guztia aldatu nuen. Grabatzen hasi aurreko asteraino egon ginen xehetasun guztiak lantzen.
Nola grabatzen da musika?
Hori izaten da zatirik magikoena. Bratislavan (Eslovakiar Errepublika) grabatu genuen hango musikariekin. Grabatzen dugun egunean ikusten dute lehen aldiz partitura, 60 lagun hasten dira jotzen eta hor entzuten dena ez da musika, emozioak dira. Une zirraragarria izaten da. 40 urte daramatzat dagoeneko lanbide honetan eta oraindik beti hunkitzen naiz momentu hau iristen denean.
Nola bizi duzu Handia filmaren arrakasta?
Hasieran Donostiako Zinemaldirako aukeratu gintuzten, eta hori espero genuen arren pozgarria izan zen; izan ere, inoiz ez da jakiten zer gertatuko den. Ondoren, epaimahaiaren saria jasotzea kristorena izan zen eta gainera oso kritika onak egin zizkiguten.
Eta azkenik 10 Goya sari.
Izendapenen bat egon zitekeela espero genuen baina, hamahiru? eta ondoren hamahiru izendapenetatik hamar irabazi genituen; ezin sinetsita geunden. Asko jota lau edo bost irabaztea espero genuela komentatzen genuen gure artean, eta azkenean hamar. Uste dut emaitza hauek onak direla guztiontzat; bai Handiako lan talde guztiarentzat eta baita euskararentzat ere. Loreak filmarekin gertatu zen gauza bera gertatuko da orain Handiarekin, jendeak filmak euskaraz entzungo dituela.