Antiguako talde feministako kideak grebarako materiala prestatzen. (Argazkia: Leire Murgialday)
Nazioarteko greba feministarekin bat egingo du martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak. Donostian abenduan hasi ziren grebaren nondik norakoak zehazten eta prestatzen.
Greba feminista egingo dute martxoaren 8an. Emakumeek planto egingo dute mundu erdia geldituta osoa mugiarazi nahi dutelako. Donostian, abenduan hasi ziren nazioarteko greba prestatzen eta orain, datorren ostegunerako dena prest edukitzeko azken ukituak egiten ari dira.
Aurten egingo da lehen aldiz greba feminista Euskal Herrian, baina ez da «ezerezetik sortu». Hala azaldu du Murgialday antolatzaile lanetan dabilen kideak: «Aurrekari ugari daude; Islandian egin zuten lehenik eta ondoren beste hainbat herrialdeetara zabaldu da, Argentinara kasurako. Gainera, iaz 70 herrialdetan egin zituzten geldialdiak». Aurten berriro errepikatuko dute nazioarteko greba eta bertan parte hartzeko deialdia iritsi zitzaion Emakumeen Mundu Martxa kolektiboari: “Deialdia iritsi ondoren asanblada ireki bat deitu zuten Gasteizen abendu hasieran, eta bertan, Euskal Herri mailako greba bat antolatzea erabaki zen”.
Horrela, kartel, lelo eta aldarrikapen berdinen teilatupean antolatu dute martxoaren 8ko greba, baina hala ere, lekuan lekuko errealitatera eta baldintzetara egokitutako lanketa egin dute.
“Donostian asanblada irekia egin genuen abenduan, lehen bilera hartan ez ginen emakume asko elkartu eta beste bat prestatzea erabaki genuen emakume gehiagorengana iristeko asmoz”, azaldu du Murgialdayk. Urtarriletik aurrera indarra hartu eta emakume anitzez osatutako lantalde ugari sortzea lortu zutela dio: “Lau asanblada inguru egin ditugu”.
Asanbladetan erabakiak hartu ostean greba kalera ateratzeko unea iritsi da. Lau paretetatik harago entzunarazi nahi dituzte martxoaren 8an planto egiteko arrazoiak eta, horregatik, aurreko larunbatean amantalak, erratzak eta komuneko eskuilak hartuta informazioa banatzera atera ziren kalera. Hiriaren erdialdean eta Parte Zaharrean esku orriak banatzen aritu ziren hainbat emakume: “Emakumeei esku orriak banatu genizkien eta ederra izan zen informatu, galderak erantzun eta zenbaiten harridura aurpegiak ikustea”. Ondoren, eguraldia eta musika lagun zituztela giro ederrean hiriko hainbat gizonezkoen estatuei amantalak ere jantzi zizkieten: “Pozik gaude larunbateko jarduerarekin, uste dut lortu genuela greba ikusaraztea eta informazioa zabaltzea”.
Larunbat honetarako ere prestatu dute beste jarduera bat: Emakume langileen borroken inguruko irakurketa ibiltaria egingo dute 12:00etan San Martin merkatuan hasita. “Hiriko gune ugaritan emakumeek leku ezberdinetan egin dituzten greben historia kontatuko dugu”, azaldu du Murgialdayk. Horrekin bukatuko dituzte martxoaren 8ra bitarteko jarduerak, baina hala ere, Emakume Langileen Nazioarteko Egunerako egun osoko egitaraua josi nahi dute.
Lau arlotan planto
Ez da ohiko greba bat izango martxoaren 8koa. Soldatapeko lanean ari direnak, zaintza lanetan eta etxeko lanetan aritzen direnak eta ikasleak daude grebara deituta. Gainera, kontsumo greba ere egingo dute, hau da, martxoaren 8an ez kontsumitzeko deia luzatu dute. Murgialdayk uste du garrantzitsua dela greba lan ordainduaren esparrutik harago zabaltzea eta emakumeek arlo ugaritan jasaten dituzten bazterkeria egoerak ikusaraztea.
Soldatapeko grebari dagokionean Murgialdayk uste du arrazoi asko dituztela emakumeek grebarekin bat egiteko: “Oraindik nabaria da gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala”. Zaintza lanen inguruan, uste du emakumeak sistema erreproduktiboaren oinarri gisa ikusten ditugula eta zaintza lan horiek guztiak oso gutxi hartzen direla kontuan: “Ordaintzen diren zaintza lanak oso gaizki ordainduak daude eta asko ez dira ordaindu ere egiten”. Emakumeek ezkutuko lan asko egiten dituztela dio eta grebarekin lan horiek guztiak ikusarazi nahi dituzte.
Ikasleek ere bat egingo dute grebarekin, “hezkuntzak sistema patriarkalaren eta kapitalistaren” rol berdinak errepikatzen dituela salatzeko. Azkenik, kontsumo greba ere deitu dute, emakumeak objektu bihurtzen dituztelako. “Emakumeok gure etxeetako kudeatzaile eta erosle nagusiak gara. Beraz, kontsumitzaile gisa dugun erantzukizunaz jabetu behar dugu”, azaldu du mugimendu feministako kideak.
Guzti horregatik martxoaren 8an “emakumeen, lesbianen, transen indar politikoa berretsi” nahi dute eta planto egin nahi dute; gelditu egin nahi dute, “behingoz, denok batera mugitzen hasteko”.
Hainbat emakumek egingo dute planto martxoaren 8an eta horietako batzuen testigantzak jaso ditugu.