Nazioarteko greba feministarekin bat egingo du aurten Euskal Herriko mugimendu feministak. Donostian ere hainbat emakumek egingo dute greba eta hirian antolatutako mobilizazioetan parte hartuko dute. Horietako batzuekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk eta honako hiru galderei erantzun diete.
1. Zergatik egingo duzu greba martxoaren 8an?
2. Nola egingo duzu greba?
3. Zergatik uste duzu garrantzitsua dela greba egitea?
Lourdes Bereziartua.
Lourdes Bereziartua, jubilatua: “Kalera aterako naiz eta mobilizazio guztietan parte hartuko dut”
1. berria naiz. Aspalditik militatzen dut mugimendu feministan eta urte asko daramatzat gure eskubideak aldarrikatzen eta defendatzen. Horregatik, aurten bat egingo dut grebarekin.
2. Kalera aterako naiz eta mobilizazio guztietan parte hartuko dut. Biloba txiki bat daukat eta haurra, ezinbestean, zaindu behar dut ordu gutxi batzuetan, baina gero mobilizazioetan parte hartzea izango da nire eguneko egiteko bakarra.
3. Greba hau emakume guztiok egin beharko genuke bereizketa asko jasaten ditugulako egunero-egunero.
Maria Eugenia Pardo, zaintzailea: “Emakumea naizelako hartuko dut parte greba feministan”
Maria Eugenia Pardo.
1. Emakumea naizelako hartuko dut parte greba feministan eta uste dudalako, zalantzarik gabe, prekarietateak emakume aurpegia duela. Izan ere, oraindik soldata arrakala handia dago kapitalismoaren eta heteropatriarkatuaren erruz.
2. Emakume zaintzaile formal eta informalen zati handi bat ordezkatzen dut. Gutako askok ez dute soldatarik ere jasotzen egiten duten lan guztiaren truke.
3. Garrantzitsua iruditzen zait martxoaren 8ko mobilizazio guztietan emakumeak egongo direlako lehen lerroan, eta ez sindikatuak edo alderdiak.
Maitane Uarte, ikaslea: “Arrazoi ugari ditugu martxoaren 8an kaleak hartzeko”
Maitane Uarte.
1. Unibertsitateko kolektibo feminista batean hartzen dut parte, eta bertan nabaritzen dugu, esaterako, ikasketak eta generoa oso lotuta daudela. Ohartu gara sistema honek asko eragiten duela oraindik, adibidez, ikasketak aukeratzerakoan.
2. Nik ikasle moduan hartuko dut parte greban. Ez naiz klasera joango eta mobilizazioetan hartuko dut parte.
3. Emakumeok biolentzia ugari jasaten ditugu plano publikoan eta pribatuan. Enplegu prekarioenak ditugu eta zaintza lanak gure ardura bihurtzen dira. Arrazoi ugari ditugu martxoaren 8an kaleak hartzeko.
Silvana Ostiza, soldatapeko langilea: “Greba egingo dut ados nagoelako greba egiteko beharrarekin”
Silvana Ostiza.
1. Greba egingo dut erabat ados nagoelako greba hau egiteko beharrarekin. Iruditzen zait oso indartsua dela eta gainera beste emakumeekin hitz egin ondoren uste dut oihartzun handia edukiko duela; espero baino hobeto aterako da.
2. Lanean greba egingo dut. Oraindik ez dugu bilera egin baina ziur nago hala aterako dela.
3. Oso garrantzitsua iruditzen zait mundu mailako mugimendu feminista antolatzea halako greba bat aurrera eramateko. Gainera, lan greba bat baino gehiago da, zaintza, etxeko lan, kontsumo eta ikasle greba bat.
Raquel Cabanillas, soldatapeko langilea: “Garbitzailea naiz, eta geldialdietan eta mobilizazioetan parte hartuko dut”
Raquel Cabanillas.
1. Egia esan, gogoa nuen halako greba batean parte hartzeko eta munduari ikusarazteko zer gertatzen den emakumeok geratzen garenean.
2. Garbitzailea naiz eta geldialdietan eta mobilizazioetan parte hartuko dut. Garrantzitsua da egunean zehar antolatzen diren mobilizazio guztietan parte hartzea eta horretarako asmoa dut.
3. Greban parte hartu behar dugu oraindik ere soldatan arrakala handia dagoelako. Gainera, etxeko lan eta zaintza lan guztiak gure kargu geratzen dira. Uste dut ordua dela nahiko dela esan eta emakumeok kalera ateratzeko.
Mertxe Fernandez, soldatapeko langilea: “Garrantzi handia ematen diet emakumeen aliantzei”
1. Martxoaren 8a egun ezin hobea iruditzen zait salatzeko mundu osoko emakumeok egunero sufritzen ditugun mota guztietako indarkeriak, besteak beste, lan prekarietatea, lanaldi bikoitza, bazterketak eta mespretxuak.
2. Ahal dudan neurrian, mobilizazioak prestatzen laguntzen ari naiz. Martxoaren 8an, leihoan amantala jartzeaz gain, lanuztea egingo dut lantegian, eta mobilizazioetara joango naiz. Emakumeen greba dugunez, gizon laguna arduratuko da etxeko lan guztiez.
3. Garrantzi handia ematen diet emakumeen aliantzei.
Garazi Castaño, soldatapeko langilea: “Neska gazteoi ohiko oztopoez gain, bestelakoak gehitzen zaizkigu”
Garasi Castaño.
1. Gure egunerokotasuna oztopoz josia dago emakume izateagatik. Gainera, neska gazteoi ohiko oztopoez gain, bestelakoak gehitzen zaizkigu. Enplegu arloan, esaterako, prekarietatea oraindik handiagoa da emakume gazteongan.
2. Lantokian sindikatuek deituriko lanuzteetara batuko gara. Hala ere, nagusiki nire asmoa eguna kalean igarotzea da, eta egun horretan ez kontsumitzeko intentzioa ere badut.
3. Grebaren lanketak emakumeok gure gain hartzen ditugun lan produktibo zein erreproduktibo guztiak ikustarazteko, baita balio politiko bat emateko ere.
‘Gara’, soldatapeko langilea: “Hezkuntza arloan bereziki garrantzitsua iruditzen zait” ‘
‘Gara’.
1. Greba egingo dut pentsatzen dudalako hurrengo iraultza emakumeona izango dela eta horretarako bakoitzak bere esparruan egin beharko du lana eta ahalegina.
2. Zaintza lanei dagokionez, une honetan ez dut inor nire zaintzapean, baina irakaslea naiz eta hezkuntzan egiten du lan, beraz, lan arloan egingo dut greba.
3. Hezkuntza arloan bereziki garrantzitsua iruditzen zait borroka honetara batzea. Eskola laikoa, askea eta berdinzalea behar dugu Euskal Herrian eta horretarako lanean jarraitu beharko dugu.
Maddi Juanikorena, soldatapeko langilea: «Gure bizitzen jabe izateko eskubidea borrokatzeko egingo dut greba»
Maddi Juarikorena.
1. Sistema honek neska gazteok prekarietatera kondenatzen gaitu. Prekarietatea ez da soilik lan produktibora mugatzen. Gure gorputzen eta bizitzen jabe izateko eskubidea borrokatzeko egingo dut greba.
2. Lantokian lanuztea egiteaz gain, zaintza eta kontsumo greba egitea da nire asmoa. Mugimendu feministak egingo dituen jarduera eta deialdietan parte hartuko dut.
3. Lanaz harago doazen borroka eremuak aurreikusten ditu greba feministak, sistema sostengatzeko beharrezkoak diren ezkutuko zaintza lanak agerian uzteko baliatuko dugu, besteak beste.
Grebaren inguruko informazioa bildu dugu erreportaje batean.