Donostiako Atletikoko korrikalari fina da Lorea Ayala. Iaz hirugarrena izan zen Lilatoian, eta aurten ere prest eta gogoz dago, maitea baitu hiriko lasterketa aldarrikatzailea.
Lorea Ayala; korrikalaria.
Lorea Ayala, Valentziako lasterketa batean. (Argazkia: Carlos Ayala)
Aitarengandik datorkio korrika egiteko zaletasuna Lorea Ayalari (Mexiko, 1987), maratoilaria baitu. Mexikon jaio bazen ere, Donostian bizi da 5 urte zituenetik, eta kirolari sutsua da. Bere ibilbidearen berri eman digu.
Aspalditik zabiltza Donostiako Atletikon. Zein modalitatetan ibiltzen zara?
Bai, beti ibili naiz Donostiako Atletikon, hasieran jolas gisa, gero serioago. Lasterketak egiten hasi nintzen 14 urterekin, eta 800 metroko lasterketak egiten ditut normalean. Lilatoia, San Silvestre eta horrelako lasterketa luzeagoak prestakuntza gisa hartzen ditut. Nik egiten ditudan lasterketak askoz bizkorragoak dira, oso desberdinak.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Nire fisioterapia zentroa dut, eta agenda egokitzen dut, beti tartetxoren bat izateko entrenamendu saioetarako; goizeko lehen orduan, eguerdian, arratsaldean… Aita da entrenatzailea, eta taldea dut beste neska batzuekin batera. Taldean ez bada, nire kontu entrenatzen dut. Gaur [herenegun], adibidez, gimnasiora joango naiz entrenatzera, elurrarekin ezingo dugu eta kalean ibili!
Nolakoa da zuen denboraldia?
800 metroko lasterketa sprint luze bat da. Aerobikoki ongi egon behar duzu bi minutu eskas irauteko, baina azkarra izan behar duzu. Lantzen dugu denetik: indarra gimnasioan, abiadura, errodaje luzeak… Orain bukatu dugu neguko garaia, pista estalian; bi hilabete eskas izaten dira. Gero, aire librean ibiliko gara, apiriletik abuztura.
Gogoko duzu Lilatoia?
Bi aldiz parte hartu dut, aurtengoa hirugarrena izango da. Batzuetan kointziditu izan du pistako garaiarekin, eta horri lehentasuna ematen diot. Atletiko hasi zenez antolatzen, animatu egin nintzen.
Zer du desberdin Lilatoiak?
Beste lasterketa batzuetan sailkatu izan naiz aurrean, eta animatu izan naute, baina zailagoa da ikusia izatea. Lehen emakumea sartzen denerako, lehen hogei gizonak sartuak egoten dira normalean, eta emakumea txikia bada, askotan ezkutuan geratzen da. Lilatoian emakumeek garrantzia izaten dute. Gainera, giroa oso polita izaten da, eta animatzen aritzen dira emakumeen bikotekideak, haurrak, anaiak…
Iaz podiumean sartu zinen, nolakoa izan zen esperientzia?
Nire lehen astea izan zen entrenatzen, pista estalia eta gero. Azken unean apuntatu nintzen. Saiatu nintzen entrenamendu saio gogorrak egiten. Baneramatzan bospasei egun entrenamendu gogorrekin, eta asko kostatu zitzaidan. Maitane Guerrero oso gogor hasi zen, eta niri hasieran erritmoa hartzea ez zait kostatzen, baina bigarren kilometrotik aurrera, kosta zitzaidan bukatzea. Esperientzia sekulakoa izan zen; jende piloa zegoen, oso polita izan zen. Emakumezkoek izatea protagonismoa urtean behin polita izaten da. San Silvestren hirugarren izan nintzen, baina gizonekin ez da gauza bera. Lehendabiziko gizonak gehiago ikusten dira.
Zein helbururekin zoaz aurten?
Erritmo on batean aterako naiz, baina ez dakit podiumean sartuko naizen.
Aurten sari banaketan egongo zara, eta Izaskun Osesi egingo zaion omenaldian parte hartuko duzu.
Izaskunekin korrika egin izan dut, 800 metrotako lasterketetan parte hartu izan duelako. Bere prozesua bizi izan dut, ez da erraza izan. Duen gaitzarengatik paralinpiarrera pasa da, eta izugarria izan da nola eman dion buelta. Indarra atera zuen eta Rioko paralinpiarretarako prestatzen hasi eta domina lortu zuen. Eredugarria da niretzako. Omenaldia egingo diogu.
Zer esango zenieke Lilatoian parte hartzeko zalantzatan dabiltzanei?
Lasterketa onenetarikoa da Lilatoia, zalantzarik gabe. Laburra da; zati batzuetan, nekatuz gero, oinez joateko aukera dago; musika eta jai giroa ditu, eta ez da hain lehiakorra. Ongi pasatzea da helburua, eta kirola egin nahi dutenentzat ez dago beste aukera hoberik.
Inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko dute Lilatoiko Hitza taldean!