(Argazkia: Donostiako Udala)
Kalez kaleko salmenta, salgaien erakustokiak eta
saltzeko makinak arautuko ditu Espazio Publikoaren ordenantza berriak. Gaur goizean aurkeztu dute Ernesto Gasco alkateordeak eta Alfonso Gurpegi Gune Publikoetako zinegotziak. Tokiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko du, eta zuzenketak aurkezteko epea irekiko dute.
“Donostiarrek planteatzen dituzten behar eta eskariei erantzutea, eta gaur arte legez arautu gabe egon diren egoera berrietara egokitzea da ordenantzaren xedea”, azaldu du Gascok. Araudi berriaren bidez, espazioen erabilera baimentzeko eta lagatzeko prozedura bat ezarri nahi da. Udalak baimenak ematerako orduan, pertsona guztiek bide publikorako sarbidea izango dutela bermatu behar die herritarrei.
Ordenantza berriak ondorengo neurriak zehaztu ditu, besteak beste:
- Salgaien erakustokiei eta antzeko instalazioei dagokienez, establezimenduaren fatxadaren aurrealdea okupatu ahal izango da, betiere gutxienez 2 metroko banda bat libre uzten bada oinezkoak igarotzeko, eta irisgarritasunari buruzko araudian jasotako gainerako eskakizunak betetzen badira.
- Erakusten diren elikadurarako produktuak gutxienez lurretik 75 zentimetrora jarri beharko dira, eta gainerako produktuak, berriz, 60 zentimetrora.
- Kutxa automatikoen eta saltzeko makinen instalazioari dagokionez, arau berriak argi uzten du kutxa automatikoek pertsona guztientzat eskuragarri egon beharko dutela eta aurrealdean oztoporik gabeko gutxienez 2 metroko gunea baldin badute soilik baimendu ahal izango direla.