Feminismoaren aurkako adierazpen polemikoak egin ditu Munillak
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak martxoaren 8ko greba feminista izan du hizpide Radio Maria irratian, eta hautsak harrotu ditu feminismoaren kontra esan dituenak. Besteak beste, “deabruak gola sartu” diola esanda eta “genozidioa” izan dela, abortuaren alde egiteagatik.
Bi feminismo mota daudela esan du Munillak. Batetik, feminismo “osasuntsua” eta “femeninoa”, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun legala eta juridikoa bilatzen duena; eta bestetik, “feminismo erradikala”, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna erabatekoa izatea helburu duena. Feminismo hau genero ideologian oinarrituta dagoela kritikatu du: “Feminismo erradikalak emakumea bera eta kausa feminista bera ditu biktima moduan”, salatu du.
“Bitxia da deabruak bere aldetik gola nola sartu duen ikustea. Feminismoak genero ideologia onartuta hara kiria egin dio bere buruari”, gaineratu du.
Gainera, feminismoa gogor kritikatu du, abortu librea eta doakoa, lesbianismoa eta bisexualitatea defendatzeagatik, baita antisorgailuen erabilera babesteagatik ere.